Albistea entzun

Alaves 0-1 Osasuna

Kolpe bat, eta nahiko

Osasunak mendean hartu du Alaves, eta eskura gelditu zaio salbazioa. Partida itxia izan da, eta Latoren golak apurtu du oreka.
Alaveseko eta Osasunako jokalariak nor baino nor gehiago atzoko derbian.
Alaveseko eta Osasunako jokalariak nor baino nor gehiago atzoko derbian. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2020ko ekainak 25

Golak: 0-1 (64. min): Toni Latok. Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak Alaveseko Elyri eta Edgarri; eta Osasunako Oierri, Latori eta David Garciari. Bestelakoak: Koronabirusaren pandemia tarteko ez da ikuslerik izan Mendizorrotzako harmailetan.

Bi talde berdinduta direnean puntu eta sentipen aldetik, aukera asko dago haien arteko talka ere oso parekatua izateko. Halaxe gertatu zen atzo Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatu zuten derbian. Elkar neurtzen eman zituzten minutu gehienak, oreka galdu eta lurrera joateko beldurrez. Halakoetan, asko izaten du irabazia lehen kolpea ematen duenak, eta lege hori ere bete zen atzokoan: Osasunak aurrea hartu zuen bigarren zatiaren erdialdean, eta hala, urrea atera ezerezetik. Izan ere, ia ziurtaturik utzi zuen salbazioa. Alavesek, ordea, zalantzak hauspotu zituen.

Hamaikakoak irauli egin zituzten Jagoba Arrasatek eta Asier Garitanok, garaipenaren bidera itzuli asmoz: zortzi aldaketa egin zituen batak, eta zazpi besteak. Itxuraldaketak, ordea, ez zuen arabarren eta nafarren jokoa berpiztu. Zurrun ekin zioten lehiari, gehiegizko beldurrez. Bero sapak ere zaildu egin zuen partidak erritmoa hartzea. Hala, lehen zatia elkar neurtzen eman zuten bi taldeek. Joko lakarra eta astuna egin zuten, eta nagusitasuna ez zen inorena izan.

Alaves apur bat erosoago egon zen, eta zenbait barneraldi egin zituen ezker hegaletik. Horietako batean iritsi zen lehen zati osoko gol aukera bakarra, atsedenerako bost minutu falta zirela. Joseluk aise hartu zion aurrea Latori area barruan, baina aurrelariaren burukada gora joan zen. Osasunaren kasuan, hutsala izan zen erasoko jokoa. Soilik Ruben Garcia saiatu zen zuhaitza apur bat astintzen, ezker hegaletik abiatuta. Herren izan ziren gorritxoak, eskuin hegala ez baitzuten batere baliatu. Erabat zokoratuta egon zen Roberto Torres.

Atsedenetik bueltan, etxekoak aurretik jartzear izan zen Lucas. Aridane eta David Garciaren artean sartu zen, atzelarien lasaikeria lagun, baina ez zuen atera jaurtitzen asmatu. Hortik aurrera, gorritxoenak izan ziren aukerarik onenak. Lehena Aridanek izan zuen, Torresek ezkerrez egindako erdiraketa zehatza gutxigatik gora errematatu ostean. Hurrengoan, berriz, ez zuten barkatu gorritxoek. Gallegok baloi luze bat jaso zuen arean, Elyri bizkarra irabazita, eta bikain bukatu zuen jokaldia Latok. Pachecok ezin izan zuen ezertxo ere egin hegalekoaren jaurtiketa gurutzatua gelditzeko.

Bata hazi, besteak etsi

Golak on egin zion Osasunari, eta aldaketen laguntzaz, arazorik gabe kudeatu zuen azken txanpa. Asko eskertu zuen Torresek baloiarekin emandako patxada, baita aulkitik ateratako Estupiñanek egindako korrikaldi biziak ere. Alaves, aldiz, hondoratu egin zen gola jaso ostean, eta ez zen gehiago agertu gorritxoen arean. Lau aldaketa egin zituen Asier Garitanok, baina alferrik izan zen. Azken uneko oldarraldirik ere ez zuen egin Alavesek. Ez zuen Realari sendotasunez gailendu zitzaion taldearen antzik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Finalerdietako ligaxkan sartu dira Ezkurdia eta Galarza

Berria

19-14 aurretik joan dira Olaizola II.a eta Rezusta, baina zortzi tanto jarraian egin dituzte garaileek.

Ander Gebara neurketako lehen gola ospatzen. ©Kai Försterling / EFE

Realari eskuetatik egin dio ihes garaipenak

Paulo Ostolaza

Atsedenaldian 0-2 aurretik ziren txuri-urdinak, baina Valentziak neurketa berdintzea lortu du epailearen hainbat erabaki eztabaidagarri tarteko.

Euskal Selekzioa ofizialtasunaren aldeko aldarria egiten, gaur, Zubietan. ©Foku

Euskal Selekzioak irabazi du Argentinaren eta Venezuelaren aurkako torneoa

Berria

Selekzioak 1-0 irabazi dio Argentinari, eta hutsean berdindu egin du Venezuelaren aurka, Zubietan.

Osasunako jokalariak Herrera besarkatzen neurketa amaitutakoan, gaur, Vila-realen. Neurketa bikaina egin du atezainak. ©Domenech Castelló / EFE

Osasunak kolpea jo du mahai gainean

Berria

Bi gol ikusgarriri eta Sergio Herrera ateazainaren geldiketei esker hiru puntu garrantzitsu eskuratu dituzte gorritxoek. Sailkapenean hamalaugarrenak dira, eta zortzi puntura dituzte jaitsiera postuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.