Lucia Lakarra. Ballet dantzaria

«Asko gustatzen zait dantzaren alde artistikoa»

Ballet konpainia propioa sortu du aurten Lakarrak, Matthew Goldingekin elkarlanean. 'Lost Letters' izango da lehendabiziko ikuskizuna, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriagan.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Atzerrian hainbat urte igaro ondoren, bere konpainia propioa sortu du aurten Lucia Lakarra dantzariak (Zumaia, Gipuzkoa, 1975). Logistika arazoengatik, Madrilen ondu du Lost Letters konpainiaren aurreneko ikuskizuna, baina, aurrerantzean, konpainia berria Gipuzkoan egotea nahi du, bertako dantzariei bultzada bat emateko helburuarekin. Bihar izango da estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian.

Bihar aurkeztuko duzu zure konpainiaren estreinako lana. Zer moduz zaude?

Pozarren. Urtebete da proiektua martxan jarri genuela. Kontu asko kudeatu behar izan ditugu, lan asko egin behar izan dugu, baina ilusioz beterik gaude. Jendeak ikusteko irrikaz gaude.

Bi istorio erreal uztartzen ditu ikuskizunak. Nola izan zenuen horien berri?

Matthew [Golding] eta bioi asko gustatzen zaigu gure istorioak kontatzea. Batetik, Lost Letters izeneko erakusketa batean izan ginen, eta helmugara inoiz iritsi ez ziren gutunak bildu zituzten hartan. Milaka gutun zeuden, eta asko pentsarazi zigun: zer gertatuko litzateke gutun horiek helmugara iritsiko balira? Bestetik, aireportu batean geundela, liburu batek begia jo zidan: mitxoleta bat ageri zen azalean, eta Maitasun gutunak gerra garaian zuen izenburua. Irakurtzen hasi, eta gutunetako batek eman zidan arretarik handiena: artillari batek idatzitakoa zen, eta emazteari esaten zion bera etxera itzultzen ez bazen, bizitzen jarraitu behar zuela, zoriontsu izan behar zuela. Asko hunkitu ninduen, eta momentuan bertan sortu zen ideia.

Ikuskizuna gerra garaian girotuta badago ere, ez da gai nagusia izango.

Hori da. Musika aspalditik dugu prest, eta Matthewek esaten zidan soldaduak irudikatzen zituela doinua entzuten zuen bakoitzean. Halere, ez geneukan gerrari buruz hitz egiteko asmorik. Gutunen bitartez soldaduak agertzen dira, baina giza harremanak dira emanaldiko gai nagusia. Alde emozionaletik jo nahi genuen.

Dantza eta interpretazioa uztartuko dituzue?

Bai, baita filma ere. Aurreko bi ikuskizunetan Fordlandia eta In the still of the Night ere erabili genuen formatu hori: bi pertsona ginen taula gainean, eta gure istorioa kontatzen laguntzeko zerbait behar genuen, baita arnasa hartzeko eta arropaz aldatzeko ere. Oraingoan, baina, benetako film bat nahi genuen. Atmosferan sartzeko balioko du, eta istorio bera bi aldetatik erakutsiko da: pantailan, batetik; eszenatokian, bestetik. Matthew eta biok bakarrik agertuko gara filmean, baina ez dugu dantzarik egingo, emozioetan jarriko da arretarik handiena. Oholtzan, berriz, gehiago gara, eta dantza izango da nagusi.

Zu izango zara protagonistetako bat, Win. Nolakoa da?

Egoera zaila bizi duen emakume bat da Win. Senarra gerrara joan da, baina ordutik ez du haren berririk. Lagunek eta ingurukoek gutunak jasotzen dituzte, baina berari ez zaio ezer ere iristen. Itxaropena galduko du, oso luze egiten zaiolako zain egote hori.

Nolakoa da pertsonaia zure egiteko lana?

Asko gustatzen zait pertsonaien larruan jartzea. Nigandik zenbat eta desberdinagoa izan, orduan eta hobe. Wini dagokionez, badakit Luciak ez lukeela hala erreakzionatuko, oso borrokalaria bainaiz, baina asko gustatzen zait pertsonaiaren barruan sartzea eta zer pentsatzen duen eta zer sentitzen duen jakitea. 70 minututik 60 igaroko ditut oholtza gainean. Dantzari batentzat izugarrizko ohorea da hori, baina atzetik lan asko egin behar izan dut. Asko gustatzen zait dantzaren alde artistikoa, asko gozatzen dut.

Matthew Golding dantzariak interpretatuko du senarraren rola. Aurrez ere, sarritan aritu izan zarete elkarrekin taula gainean. Zer ematen dizu harekin eszenatokian aritzeak?

Zoragarria da. Emanaldi hauek guk sortu ditugu hasieratik amaierara, ekoizpen guztia guk egin dugu, xehetasun txiki bakoitza. Oso ezberdinak gara elkarren artean, baina talde ona egiten dugu.

Eta gainerako dantzariak zertan arituko dira?

Dantzariak pertsona gisa irudikatzea gustatzen zaigu guri, ez dantzari gisa. Horiek izango dira gurekin batera istorioa kontatuko dutenak: soldaduak, herritarrak, lagunak... Gurekin batera egongo dira eszenatokian, eta derrigorrezkoak dira emanaldia ulertu ahal izateko.

Beste konpainia batzuekin aritzeak lagundu dizu zure konpainia sortzeko orduan?

Bai, esperientzia handia eman dit. 33 urte daramatzat taula gainean, eta bilakaera etengabea izan da nire ibilbide osoa. Asko ikasi dut. Konpainia batean eroso nengoenean, erronka berri baten bila abiatzen nintzen; neure burua hobeto ezagutu nahi nuen. Ekoizpen propioak sortzeak ere prestatu nau erronka honi aurre egiteko.

Zer lortu nahi duzu konpainiaren bitartez?

Hondar ale txiki bat jartzea. Hau da, nire esperientzia abiapuntu gisa hartuta, beste dantzari batzuk gidatu eta lagundu nahiko nituzke. Azken finean, plataforma bat izatea da gure helburua, dantzari hasiberrien ibilbide profesionala abiatzeko bultzadatxo bat emateko balioko duena. Aurrerantzean, konpainia Euskal Herrira ekartzea eta ekoizpena hemen egitea da gure ideia.

Atzerrian horrenbeste urte eman eta gero, Zumaian bizi zara egun. Eraginik izan du horrek zure sorkuntza prozesuan?

Zumaiak harreman oso estua du gure lanarekin. Matthew, kasurako, egunero joaten da Askizura [Zumaia] hemen gaudenean, horrek inspiratzen du. Ni ere beti izan naiz oso zumaiarra, eta atzerrian horrenbeste denbora igaro ondoren, are gehiago.

Eta atzerrikoa ikusi ondoren, nolakoa da Euskal Herrian dantzaren egoera?

Zoritxarrez, ez da batere aldatu. Laguntza batzuk egon badaude, eta hori onuragarria da, talentu handia baitago Euskal Herrian. Alabaina, ez da bide erraza. Euskal Herrian ez dago dantzari gisa bidea egiteko aukerarik. Alde horretatik, beraz, lagungarri izan nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.