Yuri Berchiche. Athleticeko jokalaria

«Eurak gu baino urduriago egongo dira»

Ezker hegaleko atzelaria baikor da gaurko Levanteren kontrako Espainiako Kopako finalerdietako lehiari begira. Uste du halako lehietan duten eskarmentuak lagundu egingo diela.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Yuri Berchichek (Zarautz,Gipuzkoa, 1990) indar handia transmititzen du zelai barruan zein kanpoan. Ez da elkarrizketen zale, baina, zelaian gertatzen den legez, galderen aurrean ere ez da kikiltzen. Pentsatzen duena esaten du. Athletici asko ematen dio ezker hegaletik. Taldeak erasoan duen baliabide nagusietakoa da. Iazko Espainiako Kopan taldeko jokalaririk erabakigarriena izan zen eta, gaur, Valentzia Hirian ezinbestekoa izango da haren ekarpena Athletic Espainiako Kopako finalerako sailkatu ahal izateko.

Marcelinok atseden eman zizun ligako azken partidan. Badaezpadako neurria izan zela esan zuen. Ondo zaude?

Prest nago. Arlo fisikoan sasoiko garairik onenean nago. Zorabioak eragin zizkidan arazoa ahaztuta dago. Burua Levanteren kontrako lehian daukat.

Beste final baten atarian zaudete. Gaurko neurketari gogoz heltzeko ez dago motibazio beharrik. Zorionez, gisa honetako neurketa asko ari zarete jokatzen azken urteetan.

Egun handiak dira. Gozatzen ari gara. Finalerako sailkatzeko ilusioa daukagu. Levante talde ona da. Erasoko jokalariak eraginkorrak dira, baina gure baliabideak azaleratzen baditugu, aukerak izango ditugu neurketa irabazteko. Une ederrak dira.

Athleticeko jarraitzailea ohitu egin da azken hamarkadan taldea finalak jokatzeko borrokan ikustera. Baina ez da erraza txapelketak irabazteko lehian murgilduta egotea, ezta?

Ez da batere erraza, baina Kopako formatu berriarekin aukera gehiago ditugu. Joan-etorriko kanporaketetan, Bartzelonak eta Real Madrilek aukera gehiago izango lukete finalera iristeko. Baina gu aukerak baliatzen ari gara. Iazko finala ate joka daukagu, eta aurtengo sailkatzeko moduan gaude. Urte berean bi final jokatzea oso zaila da.

Norgehiagoka garrantzitsuetan hazi egiten diren futbolariak daude, eta kikildu egiten direnak ere badira. Joko ona izateaz gain, zein ezaugarri behar da garai erabakigarrienetan neurria emateko?

Norberaren buruan sinestea ezinbestekoa da. Partidak daukan garrantziaz jabetu, baina, era berean, lasai aritzeko gaitasuna behar da. Gol bat jaso arren, ezin da bururik galdu. Eskarmentuak ere asko laguntzen du. Alde horretatik, gure taldeak esperientzia dauka, eta Levantekoentzat egoera berria da. Eurak gu baino urduriago egongo dira. Taldea dinamika onean egoteak ere erraztu egiten du lana. Gu ondo gaude. Sortzen dizkiguten aukera apurretarako, sartzen dizkiguten gol kopurua murriztea baino ez zaigu falta.

Espainiako Kopa txapelketa berezia da zuretzat. Kanporaketa askotan izan zara erabakigarria. Lehia asko irabazten lagundu duzu. Nola duzu gogoan hori?

Bai. Aurten ez nabil fin ate aurrean, baina iaz dezente asmatu nuen. Tenerifen azken minutuan sartu nuen gola taldea bizirik mantentzeko, Granadan finalean egoteko gola sartu nuen... Baina ez naiz protagonista bakarra izan. Iñaki Williamsek Bartzelonari sartu zion gola, eta Ezkietaren penalti geldiketak edota Raul Garciak aurten Betisen kontra azken minutuan sartutako gola hor daude. Jokalari askok lagundu dute taldean. Kontua da bakoitzak ahal duen neurrian taldeari laguntzea. Emozio handiko partidak izan dira. Pena bakarra da jarraitzaileek ezin izango dutela azken txanpaz gozatu.

Tenerife eta Granadaren kontrako golak iaz, Betisen kontrako penaltia erabakigarria aurten... Kanporaketa gaitz guztietan izan zara protagonista. Zein gol gogoratzen duzu gehien?

Granadan sartutako gola izan zen bereziena. Ez genuen partida ona jokatu. Asko sufritu genuen. Eta aukerak agortzen ari zirenean gola sartzea ikaragarria izan zen. Taldekideen zein zaleen artean sumatu nuen poza nekez ahaztuko dut. Asko gozatu nuen.

Paris Saint Germainen aritu zinenean neurketa eta txapelketa guztiak irabaztea eskatzen zizueten. Athleticen bestelakoa al da klubaren zein inguruaren mentalitatea? Sari moduan hartzen dira lorpen garrantzitsuak?

Klub oso ezberdinak dira, baina biak dira handiak. Athletic bakarra da. Etxekoekin txapelketak irabazteko gai den talde bakarra gara. Ez dago antzerako ezer. Horretaz gain, PSGko jokalarien eta Athleticekoen mentalitatea antzekoa da. Lehiakorrak dira oso. Bi taldeetan ikasi dut asko. Parisen hazi egin nintzen jokalari gisa, baina Athletic ere talde irabazlea da.

Paris utzi, eta Bilborako bidea hartzea erabaki zenuenean tituluak irabazteko lehian egongo zinela uste al zenuen?

Egiari zor, ez nuen uste finalak jokatzeko horrenbeste aukera izango nuenik. Superkopa irabazi dugu, Kopako final baterako sailkatzea lortu dugu, beste bat lortzeko aukera daukagu... Ez nuen espero. Final bat jokatzeko aukerarekin amets egiten nuen, besteak beste ni etorri aurretik taldeak erakutsi zuelako lehiakorra zela oso. Baina hori baino ez.

Aurten Superkopa irabazi duzue, baina Athleticek arantza dauka Kopan. Azken urteotan final asko jokatu ditu, baina ez du garaipenik eskuratu. Aurten izango al da?

Irrikaz gaude. Taldekideon artean sarri hitz egin dugu kontu honen inguruan. Athleticek jokatu dituen Kopako azken finalak inoizko Bartzelona onenaren kontra jokatu ditu. Guardiolaren Bartzelona mendean hartzea ia ezinezkoa zen. Aurten dinamika onean gaude. Taldekideak prest ikusten ditut, baina Reala ere indartsu ikusten dut. Beste final batera iristen bagara ere, aurkari gogorra izango genuke. Finalak galtzea mingarria da oso. Baina beste final bat jokatzeko, gaur etxeko lanak egin beharko ditugu.

Marcelino Garciaren fitxaketak aldatu egin ditu taldea eta ingurua. Zer pasatu da azken asteotan?

Defendatzeko era aldatu dugu. Hori da alde nagusia. Bestalde, Gaizka Garitanok hegaletatik jokatzea zuen gustuko, eta Marcelinok garrantzi handiagoa ematen die euskarrien jokoari. Marcelinok aurrez ez zuten konfiantza eman die erdilariei. Gaizkak, taldearen ardura hartu zuenean, sekulako lana egin zuen. Marcelinok baino askoz okerrago hartu zuen taldearen ardura. Eskertu egin behar diogu gure alde egin duen guztia. Baina Gaizkak zuzendu zituen azken partidak ez ziren errazak izan. Ez genuen ondo jokatu. Taldeak eskertu egin du aldaketa. Ideiak freskatu ditugu. Garai honetaz gozatzen ari gara. Taldeak hobetu egin du.

Athletic ondo ari da lehiatzen eta Levante ere bai. Zuen aurkariak oso partida gutxi galdu ditu azken hilabeteetan. Talde ona da, baina horren fin ariko zenik uste zenuen?

Baietz esango banizu, gezurretan arituko nintzateke. Jokalariak banan-banan hartuta, uste dut indar handia duela. Baina, era berean, ligako partidan Athletic Levante baino dezente hobeto ikusi nuen. Neurketa ona jokatzen badugu, finalerako sailkatuko gara. Athletic Levante baino talde hobea da. Baina horrelako partidak detaile txikietan erabakitzen dira, eta ezin dugu huts egin. Defentsan sendo aritu, eta erasoan ditugun aukerak asmatu behar ditugu. Morales, Roger eta gainerakoak oso arriskutsuak dira.

Athletici hutsean berdintzeak ez dio balio. Gutxienez gol bat sartu beharko duzue Levante kanporatzeko. Horrek baldintzatuko al du neurketa?

Ez. Inolaz ere ez. Gainerako partidetan bezala zelairatu behar dugu. Ausart. Golik ez jasotzea garrantzitsua da, aukerak sortuko baititugu. Finean neurketa osoa jokatu beharko dugu.

Ligako partidak eman du zeresana: Iñigo Martinezi erakutsitako txartel gorria, penaltia, neurketa osteko adierazpenak... Kopako itzulikoa joan den ostiralean hasi zela iruditzen al zaizu?

Ez. Iñigo eta Sergio Leonen arteko ika-mikara arte norgehiagoka lasaia izan zen. Nik harmailatik hala ikusi nuen, behintzat. Ez nuen aparteko berotasunik antzeman bi taldeen artean.

31 urte dituzu. Denboraldi hasierako gorabeherak albo batera utziz gero, maila ikusgarria ari zara erakusten Athleticek fitxatu zintuenetik. Klubari ondo atera zaio zure alde egin zuen apustua?

Oso gustura ari naiz. Bildu dudan eskarmentuak jokalari hobea izaten lagundu dit. Gaztetan baino lasaiagoa naiz, eta, horri esker, erabaki egokiagoak hartzen ditut. Konfiantza handia daukat nigan, eta horrek zelaian eroso egoten laguntzen dit. Gozatzen ari naiz.

Taldeko erreferenteetako bat zarela sentitzen al duzu oraintxe bertan?

Uste dut jokalari garrantzitsua naizela. Taldekideek asko espero dute nigandik. Indartsu sentitzen naiz, eta alai jokatzea dut xede. Baina gure taldean futbolari asko daude pisu handia dutenak. Gainera, orain arte gutxiago jokatu duten zenbait futbolarik aurrerapausoa eman dute teknikari berriarekin. Guztion ekarpenak isla izan du taldearen jokoan.

2022ko ekainean amaituko zaizu Athleticekin daukazun lotura. Ordutik aurrera zer egingo duzun pentsatu duzu?

Ez dut ezer erabaki. Denboraldi honetan zer pasatuko den ikusi gura dut. Ea beste txapelketaren bat irabazten dugun. Ni oso pozik nago Athleticen. Taldekideekin gustura nago. Familiak ez dauka inolako kexarik. Baina kontratua amaitzen zaidanean zer egingo dudan ez dut erabaki. Etxekoez gozatzen ari naiz. Laster bigarren umea izango dugu. Oraintxe ez nago nire kirol etorkizunaz arduratuta.

Jokalarien artean denetik dago. Batzuk etxezuloak zarete. Ez daukazue esperientzia berriak bizitzeko aparteko interesik. Beste batzuk, berriz, jakin-mina izaten duzue, eta probatzea izaten duzue gustuko. Zu Ingalaterrako, Espainiako eta Frantziako ligetan aritu zara. Kanpoan zer dagoen badakizu. Erretiratu aurretik liga berri bat ezagutzeko gogorik badaukazu?

Bai. Etxean sarri hitz egin dugu honen inguruan. Athleticekin tituluak irabaztea lortzen badut, akaso aro bati amaiera emateko ordua iritsiko da. Edo ez. Ez dakit. Athleticen egin beharrekoak egindakoan, familiarekin gauza berriak ezagutzea gustatuko litzaidake. Estatu Batuak izan daiteke aukera bat. Emaztea oso gustura egon zen Parisen. Aukera mahai gainean daukagu, baina ez daukagu ezer erabakita.

Duela urte gutxira arte, 30 urteko langa pasatzen zuten jokalariei bidaia laburra geratzen zitzaien gorengo mailan. Egun bestelakoak dira kontuak. Hankak eta burua luzaroan jarraitzeko moduan al dituzu?

Buruak jarraitzeko eskatzen dit. Futbol gosez nago. Beste kontu bat da gorputza. Pubisean arazo handiak izan ditut azken urtebetean, eta horrek desgaste handia eragin dit. Astea txarto pasatu arren, neurketa egunera hainbestean iristen ari naiz, eta horrek indarra ematen dit. Lehiakorra naizela ikusten ari naiz. Bestela, utzi egingo nuen. Gainera, pubiseko mina ez da konpondu ezin daitekeen lesioa. Gorputzak erantzuten duen bitartean jarraitu egingo dut. Botak gorde aurretik urte batzuk gelditzen zaizkidala uste dut.

Bada, bota horiek beste behin jantzi aurretik, nola amaituko da gaurko partida? Finalean izango zarete?

0-2 irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.