Durangoko 54. Azoka. Saiakerak

Pentsamenduaren konkistan

Saiakera kopurua eta haien gaineko interesa haziz doazela bistan da azokan. Arrakasta dute feminismoan ardaztutakoek, baina bestelako galderen inguruko lanak ere bilatzen dituzte irakurleek

Katakrak argitaletxearen erakusmahaia; hasieratik batez ere saiakera argitaratzearen alde egin, eta irakurleen harrera ona izan du. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Bada denboratxo bat susmo bat zabalduz dabilela liburuzaleen artean: euskarazko saiakeren kopurua haziz doa apaletan. Eta, beraz, hala ari da generoa Durangoko Azokako salmahaietan ere lekua irabazten. «Konpartitzen dugu pentsamenduari lotutako euskarazko gero eta liburu gehiago daudela, dudarik gabe», dio Miren Rubio Jakineko kideak. «Erranen nuke erostera etortzen direnek eskertzen dutela, eta nahi dutela euskaraz jaso hori. Are, badira galdetzen dutenak ea autore jakin bat euskaraz non irakur dezaketen. Horren isla ere bada saiakera argitaratzeko apustua». Aurrean dituen liburu denak dira pentsamenduari lotuak, eta, goiza nola doan galdetuta, erantzunak ere ematen du pentsamendu argitaratuaren interesaren berri: «Goiza oso ondo, saldu eta saldu».

«Euskal pentsamenduaren ur-jauzia». Joxe Azurmendiren kongresurako kartela zintzilik dago Jakinen erakusmahaian, esaldi hori goitik-beheran, heldu den astean Donostiako San Telmo museoan egingo den jarduera iragarriz. Adineko lagun bi, informazio eske Rubiorengana: «Izena eman behar duzue, bai». Aurrean dituen liburuen artean, erdian, Eskafandra bildumakoak nabarmen: Angela Davis, Virginie Despentes, Silvia Federici, Judith Butler, Carole Pateman, eta, aurtengo protagonista, Simone de Beauvoir eta Bigarren sexua-ren bi liburukiak—iluntzean aurkeztu zituzten areto nagusian Irene Arrarats Lizeaga BERRIAko Euskara Taldeko arduradunaren itzulpena eta Nora Alberdi eta Iratxe Fresnedak ondutako dokumental laburra —. Rubio: «Eskafandra da gure salmentetan izarra. Heldu den jendea gaztea da, gainera; deigarria da. Ondo ezagutzen dute eskatzen dutena». Bilduma feministaren albo batean daude Jakin aldizkariaren azken zenbakiak eta Txillardegiren inguruko bilduma; beste aldera, Jakin Irakurgaiak saileko liburuak: Descartes, Platon, Sartre, Azurmendi, Marx... «Hauek ere, tantaka-tantaka, beti saltzen dira. Azurmendi, batez ere; Azurmendi beti».

Garai batean, Jakinena zen pentsamenduari loturiko erakusmahai argienetakoa azokaren barruan. «Eta, gainera, filosofiari eskainitako atal batekin. Bakarrenetakoa, eta oso minoritarioa, gainera, nahiz eta sona bazuen». Egun, baina, Landakoko korridoreetan ibiltzen segitu, eta batez ere literaturan ardaztutako argitaletxeetan ere ez da zaila saiakerak topatzea. Horien artean dira, gutxi batzuk aipatzera, Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak, itzulpenaren gaineko saio literarioa, Alberdanian; Danele Sarriugartek euskarara ekarritako Feminismoa %99ren alde, Txalapartarenean; edo Lisipe bilduma feministako ale berria, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek sinatu duten Trikua esnatu da. Susan.

«Gure argitaletxearen ekoizpenaren %80 saiakera da; orduan, gure begirada oso baldintzatua dago», dio Katakrakeko Nerea Fillatek. Inguruan ere nabaritu du, hala ere, pentsamendua argitaratzearen alde egin dutela askok. «Saiakerak irakurtzeko ohitura ere sortu egiten da, eta hori ez da egun batetik bestera gertatzen. Badira urte batzuk hainbat argitaletxe, batez ere feminismoari lotuta, saiakera dezente argitaratzen ari garela, euskaraz egindako testu teorikoagoak irakurtzeko parada dugula, eta horrek irakurlego bat sortzen du. Ohitura bat, bidexka bat, bere emaitzak izaten dituena gero». Bidexka hori irekitzen eta ugaritzen ari da, Fillaten ustez, testu klasikoagoak zein uneari lotuagoak euskaraz irakurtzeko aukerak areagotzen doazela. «Horrek, zorionez, galdera berriak proposatzen ditu».

Bizi aritu da Iruñeko argitaletxearen erakusmahaia irakurleekin hartu-emanean. Liburuak ez, zintzilik dituzten poltsak erosi dituzte batzuek. Alfabetoko hizkiak eta mezu bat inprimatuta horietan: 26 letramundua aldatzeko. Aldarri horrexek azal lezake argitaletxeak saiakeraren alde hasieratik egindako apustua. «Gure liburu dendan ere zati handi bat saiakerari eskainia da. Saiakerak aldaketa sozialak bultzatu eta inguruan eztabaida politiko emankor bat xaxatzea ahalbidetzen digu». Eta harrera ona duten lanak dira, zalantzarik gabe esan du Fillatek. Aurten ekarri dituzten nobedadeen artean dituzte, esaterako, Susan Buck-Morssen Izuaren osteko gogoeta eta Eva Illouzen Arimaren etorkizuna.«Saiakerak irakurtzeko mugatuak direla esaten da, baina guk kontrakoa ikusten dugu».

'Boom' batetik urrun

Pamiela da saiakerari lotutako beste txoko ziur bat azokaren barruan. Hark argitaratu du, hain zuzen, aurten saiakerako Euskadi saria irabazi duen lana: Juan Carlos Etxegoien Xamar-en Etxera bidean. Erakusmahaian zebilen egilea atzo, irribarretsu. «Pamielan erran nuen: 'Egin dut liburu bat ez duguna saldu behar, geldituko zaiguna herrian eta inguruko jende baten artean'. Eta begira, espero ez genuen oihartzun bat lortu du». Bigarren argitaraldiaren zigilua darama dagoeneko azalean. «Baina hori saria baino lehen izan zen!», Xamarrek.

Nafarroako Aezkoa ibarrean 36ko gerrak eragindako etena aztertzen du lanak. Eta egileak duda egin du ea saiakera den: «Nik ez nekien sobera saiakera egiten nuenik. Label horren barruan sartzen dute literatura hutsa ez den guztia. Pamielak badu sail bat Saio eta testigantza, eta hor dago hau, zeren funtsean nik egin dudana testigantza bat baita. Noski, badu saiakeratik, badelako sozio-biografia bat, guk bizi izandako errealitate bat; euskararen galtzearen eta berreskuratzearen inguruko gogoeta bat. Arantxa Urretabizkaiak irabazi zuen sari bera duela bi urte -Bidean ikasia-rekin-, eta hori ere berdin, testigantza bat da, baina oinarri batekin».

Kazetariarekin hitz egin artean, andre bat egilearen liburua eskuetan zain egon da, noiz amaituko, sinatu diezaion. «Ordubetean hamar bat ale sinatu ditut,eta harrituta nago pixka bat. Atxaga ondoan, deus ez da —sinatzen aritu zen hura ere atzo—, eta Sarri, ez datorrelako... [barrez] Baina pozik, pozik bai. Liburu berezia da, eta ikusten duzu erosten duenak aurrez jakinda erosten duela».

Nola begiratzen den, saiakeren ugaritzeak pentsamenduaren boom baten itxura ere har lezake. Baina errealitatea hortik urrun ikusten du Rubiok. Euskal letretan pentsamenduari ez zaiola behar adinako balioa eman ere uste du, eta hori dela orain agian aldatzen ari dena: «[Joan Mari] Torrealdaik esaten zuen euskal kulturaren osasuna neurtzeko modu bat zela argitaratutako saiakera kopurua,eta hor minbizi txiki bat zegoela erakusten zuten datuek. Orain, esango nuke apurka normaltasunerantz gerturatzen hasi garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.