KRITIKA. Antzerkia

Zuloak eta memoriak, hutsik

Maddi Sara Goikoetxea Juanena
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'¡Ay, Carmela!'

Zuzendaritza: Jose Carlos Plaza. Aktoreak: Maria Adanez, Joaquin Notario. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Irailaren 13a.

Ez nau izutzen negu hurbilak/ uda betezko beroan/ dakidalako irauten duela/ orainak ere geroan...». Laboaren letrak entzuten ziren hamaikagarrenez, atzo, udaletxe atzean gerra zibilean eraildako donostiarren omenezko eskulturaren inguruan.

Han bildu ginen lagun gutxi batzuk, tartean ni —kasualitatez—, Justizia kendu ziguten. Egia kendu nahi digute pankartaren lelopean. 1936ko irailaren 13an Gipuzkoako hiriburua tropa frankisten menpe erori zen. Segituan ulertu dut Antzoki Zaharra helburu duen nire ibilbidean aurrez aurre topatu dudan ekitaldi honek zerikusirik baduela ikustera noan obrarekin. Programatzaileek ez zutela ausaz ¡Ay, Carmela! ezaguna —moldaketa asko izan dituen lana— preseski egun honetan estreinatuko.

Nire izeba gonbidatu dut antzerkira, bidean topatu dugunarekin harritu ez dena: goizean loreak utzi dituztela aipatu dit. Oroigarri den eskultura burdinazkoa da, eta hiriaren planoa irudikatzen du, bala-zuloak diruditen hainbat hutsunerekin: hildako bakoitzarentzat bat, ia 400 guztira. Zulotxo gehienak loreen zurtoinez zeharkatuta daude, baina batzuek lorerik ez dutela erreparatu dut. Hara non goazen izeba eta ni, biktimen elkarteko kideen hitzak entzun ostean, isilik, antzokirantz oinez. Zera galdetu didan arte:

—Zu nola sentitzen zara zure aitona San Bartolomeko komentuan gorriak sartu ez zitezen bijilatzen egon zela jakitean?

—Hura behartuta eraman zuten nazionalek, ezta? Gizajoa.

—Bai —erantzuten dit Juanik, baina ez du horren konbentzituta ematen—. Ulertzen ez dudana da bere aita, hirian errepublikano ezaguna izanda, nolatan ez zuten kartzelatu.

—Ez zuten kartzelatu, baina begiz jota zeukaten, eta askotan deitzen zuten galdetegietara.

—A, bai? Eta hori nork esan dizu? Ez dakit. Hain gutxi kontatu ziguten!

Carmela eta Paulino herriz-herri abesti eta dantzaz jendea alaitu eta entretenitzen duten artistak dira. Pertsonaiok aurrera egiteko nahikoa komeria izan ohi badute ere, gerra zibilak biziki areagotuko ditu zailtasun horiek. Ikusleak gatazkaren tentsioa biziko du aurrez aurre: norberaren biziraupenaren eta printzipio etikoen artean aukeratu beharraren tragedia. Edonola ere, epai guztien gainetik ideia argi batekin itzuliko da etxera: epe motzeko amnesiaren garaiotan, gauzak nola jazo ziren jakiteak eta gogoratzeak duen garrantzia, alegia. Urtero-urtero hutsune guztiak lorezta ditzagun. Zulo bakoitza nirea, zurea, haiena eta, azken finean, denona delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.