Albistea entzun

KRITIKA. Musika

Dotorezia kiloka

Arkaitz Mendoza -

2018ko azaroak 13

Luxenburgoko orkestra filarmonikoa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Biolina: Vilde Frang. Egitaraua: G. Mahler-C. Matthewsen 'Nicht zu schnell', L. van Beethovenen 'Biolinerako Kontzertua' eta P. I. Txaikovskiren '5. Sinfonia'. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Azaroak 11.

Dotorezia kiloka, fintasuna tonaka eta pasioa gramotan. Gustavo Gimeno valentziarraren orkestra frantziarrak dotorezia eta, batez ere, zehaztasun erritmiko paregabea islatu zituen kontzertu guztian. Gimenoren batuta zorrotza eta zuzena da, ez dago inongo oszilazio erritmiko edo melodikorik, eta, argitasuna gaur egun eskertzen den bertutea denez, orkestra zuzendaritzan ibilbide garrantzitsu bat garatzen ari da. Ez da erotzen, nahiz eta Luxenburgoko orkestrako instrumentu sendi bakoitzari jan emate berbera eskaini. Haize egurrak —batez ere klarinete bakarlariak— gehiegizko ozentasunean abiatu zuen Piotr Ilitx Txaikovskiren Bosgarrena, eta handik aurrera soinu oreka hautsi egin zen, melodia eta akonpainamendua maila berean jasoz. Orkestra autobide on batean barneratu zen eta eroso zihoan aurrera begira, nahiz eta inguruko fauna eta flora begiztatzeko aukerarik ez eduki. Hori da Gimenoren batutan faltan sumatzen dudana, argitasunari pasioa edo bihotz pirrinta bero bat gehitzea, musika errusiar honek behar duen handitasunari eta ereserki garaileari behar bezalako pisua iradokiz.

Iaz, Musika Hamabostaldian entzun genuen orkestra hau, eta aurten ere lehengai berberak plazaratu ditu agertokian. Soinu biribil baten bilaketan hobetzeko dagoen haize egurra, emankor eta zehatz agertzen den haria —horra hor biolontxelo talde sutsua— eta haize metal erosoegi bat; zuzen eta ziur jotzearekin nahikoa dutenak. Tinbal jotzailea Gimenoren eskuin eskuari leial, eta, osagai guztiak elkartuta, orkestra zuzen eta zorrotz bat, duela urtebete komentatu nituen ardatz berberetan. Eta parekotasun honi jarraiki, gaurkoan ere bakarlari bikain bat: Vilde Frang biolin jotzaile norvegiarra. Zoragarri soinuan, txundigarri partituraren bilakaera adierazkorrean, eta fintasuna, lehen esan bezala, tonaka barreiatu zuena auditoriumean. Orkestra bigarren maila batean ondo ezkutatu zen bakarlariari askatasun guztia eskainiz; erabaki zuhurra oso.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Filmatzea nagoen lekuan egoteko modu dialektiko bat da»

Andoni Imaz

Filmak sortzen dituen artista da, zinemagilea baino gehiago. Eginez egiten du lan, eta konbentzioak desegiten ditu bidean. Bere lana mundu osora zabaldu du; Kaliforniatik urteetan, Euskal Herritik orain.
Raid Awwad, 1987ko argazki batean. ©MAJAZZ PROJECT

Maitasuna eta borroka

Mikel Lizarralde

Palestinan lehen intifada piztu zenean Riad Awwadek grabatutako diskoa desagertuta egon da urte hauetan guztietan. Orain, 'The Intifada 1987' izenburuarekin argitaratu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.