Literatura. 'Zaldi mamarroa'

Zaldia punka dantzatzen

Idazlea: Ekaitz Goienetxea. Argitaletxea: Elkar.

Aiora Sampedro -

2018ko apirilak 22
Igartza Sariaren laguntzaz ekin dio Ekaitz Goienetxeak nobelagintzari, eta Zaldi mamarroa da lan horren emaitza. Narratzailearen eskutik 80ko hamarkadara itzuliko da irakurlea, heroinaren eta hiesaren urteetara, eta garaiko gazte-belaunaldiaren joan-etorriak gogoratuko ditu.

Formalki proiektu anbiziotsua ondu du Goienetxeak: hamalau ataletan banatutako nobela koralean, atal bakoitzak pertsonaia baten ibilerei egiten die lekua, eta nabarmentzekoa da idazleak erraz gainditzen duela pertsonaia ugari lotzen dituen harreman-sarea osatzeko saiakera, familiaren eta lagunen arabera harilkatutako tramak ez baitu inolako erritmorik galtzen kontaketaren jauzietan zehar. Kontakizuna gaur egungo prismatik atzerantz begira eraikitzen da, Izaro pertsonaia nagusiaren aferan tartekatuz aurreko hamarkadetako bizipenen zamalkadura. Izaro haurdun geratu den eta abortatzera doan gazte bat da, familia bateko belaunaldirik gazteenekoa. Millennial belaunaldiaren dramari gehitzen zaio Izaroren gurasoena eta haien belaunaldikoena, alegia, zaldiaren eraginez daramaten zama, eta horrek zentzua hartzen du garai hartako zaharren mina agertzearekin. Gainera, pertsonaia batzuek azpi-tramak gordetzen dituztelako irudipena izan dut, eta kontaketa bereiziak trama nagusiaren tolesturetan tartekatuz kontaketa aberasten dutela uste dut.

Bestalde, kontakizuna zaldiaren auzian ardazten bada ere, euskal herri txiki batean 80ko hamarkadan egokitu zitekeen giroa arnasteko aukera ematen du liburuak: langabeziaren auzia, musikaren papera, borroka armatuaren lekua, etab. Agian poliedrikotasun hori zenbait unetan gehiegizkoa gertatzen da, eta azken muturrerainoko loturak egin beharrak puntu bateraino nobelaren sinesgaiztasuna nabarmentzen duela iruditu zait: zenbait elkarrizketa edo eta irudi bat-batean agertzen dira, eta egoera lekuz-kanpokoa irudikatu izan dut.

Hala ere, Goienetxearen lana tematika kinkitik urruntzen da hizkuntzaren efektismoa baliatuz, eta diskurtsoan tonu lirikoa gailentzen dela esan genezake. Etengabe areagotzen doan tentsioa pertsonaien zaurgarritasunarekin kontrastatzen da eta, tragedia batean bezala, trama bideratzen duten gertakariak pertsonaien pasioetatik eratortzen dira. Bainaren bat jartzeagatik, esango nuke faltan bota dudala pertsonaien alde ilunak ere agertzea kontaketan; zenbaitetan, zuri xamarrak iruditu zaizkit beren hausnarketetatik antzematen diren jokaerak.

Azken kapituluetan Joxemigel eta Carmen pertsonaia helduek hartzen dute hitza. Atal horiekin biribiltzen da kontaketa, joandako garaiaren nostalgiari leku eginez: Joxemigelek, Euskal Herriaren azken urteotako bidea haragiztatuz, eta Izaroren amona Carmenek, nobela osoan zehar kontatutako mina gainditzeko saiakerari hitzak jarriz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna