'Elurra ikusi dut'

Xabier Leteren funtsa ulertzeko

Egilea: Xabier Lete. Antologiaren arduraduna: Koldo Izagirre. Argitaletxea: Elkar.

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) zendu zela zazpi urte igaro direnean ikusi du argia Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) osatutako Elurra ikusi dut (Elkar, 2017) antologiak. Elurra ikusi berri garen honetan kasualitatea baino zerbait gehiago dirudi. Laster beteko dira 50 urte Leteren Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968) hartatik.

Antologiaren sarrera oharrean liburua irakurtzeko irizpide batzuk ematen ditu Izagirrek. Abestien hitzak eta poemak elkartu ditu, ustezko bereizketa gaindituz. Kronologikoki daude antolatuta testuak, baina irakurketa dialektiko baterako aukera ere bada, poemak elkarrekin lotzen dituzten zubiak ematen baitira tituluen alboan. Ez da, beharbada, liburu bat irakurtzeko era intuitiboena, baina bada oiartzuarraren poesiagintzan murgiltzeko modu berezia, irudi edo gai batetik tiraka orrietan atzera eta aurrera. Poemen bertsio desberdinak ere lotu ditu zubiz Izagirrek, berrartze eta moldaketetan Leteren bilakaera ageri delarik.

Zalantza sortu zait, ordea, editoreak testuak gaurkotzeko erabilitako irizpidearekin. Dioenez, morfologia eguneratu dute «Leteren kutunak zirenak bere hartan utziz». Berdin gipuzkerarekin, ez naiz koherentziarik topatzeko gai izan. Ziur Izagirrek berak hautu kontziente eta arrazoituak egin dituela baina horiek liburura ez ekarrita zalantza geratzen zaio irakurleari, «Leteren kutunak» zein ziren ez dakienari, behintzat, gaur egun baztertutako forman emandakoak akatsak edo hautuak ote diren. Dena dela, eguneratzen hasita zergatik egin lana erdizka?

Pisu handia du Izagirreren Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogoak. Hautaketari ez baizik Leteren obra osoari eta bizitzari egindako gibel solasa da. Poemak irakurtzen apur bat galduta sentitu naizen arren, hau irakurrita beste era batera ikusi dut antologia, eta baita Lete bera ere. Bertan azaltzen du Izagirrek oiartzuarraren obra lau arotan nola banatzen den: kritiko-sentimentala, gordin-zinikoa, etsi-ukakorra eta mistiko-tragikoa. Bertan ageri dira beste hainbat kontu ere, liburua esku artean nuela etorri zaizkidan galdera batzuk argitzen dituztenak. Izagirrek editatutako XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000-2002) egitasmoan Leteri eskainitako alerik zergatik ez zen izan, adibidez, edo plagioaren kontu hori, hitz-erdiz han-hemenka entzun baina oso argi esan gabekoa, zertan den. Alde horretatik txalotzekoa iruditzen zait Izagirrek hartutako lana eta zintzotasuna. Leteren ekinbidearen zergatiak ulertu nahirik akusazioarena eta defentsarena egiten du auziotan guztiotan, irakurleari utziz, beharbada, epaile lana.

Leteren obraren ikuspegi bat ematen zaigu liburu honetan, ez baita obra osoa biltzen duen antologia bat, ez du horretarako helbururik ere, eta poemei beraiei dagokienez hori bota dut faltan, obraren osotasuna bera, edo, eta gehiegi eskatzea da agian, poemak testuinguruan kokatzea, azaltzea. Asegabe utzi nau liburuak, ez baititu galdera guztiak erantzuten, eta agian hori du alde, Lete ulertzen saiatzeko bultzada eta antologia honen edizio osatu baten esperantza eman dizkit, Izagirrek haren funtsa ikertzeko aukera izan ostean horretarako aukerarik eta gogorik badu, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.