Albistea entzun

Primeran ala «de primera»?

EITBk 'streaming' plataforma bat jarriko du martxan 2022an: 'Primeran'. Ikus-entzunezko sektoreko zenbait profesionalen arabera, euskarak nagusi izan beharko luke zerbitzu berrian.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko azaroak 12

Martin Ugaldek sufritu zuen egoera hitzaldi batean gogoratu berri du Nerea Azurmendi kazetariak: «Ugalde izan zen aurrenetakoa frogatu zuena gaztelania nagusi den hedabide batean euskararen tokia beti izango dela subsidiarioa».

EITBren webgunean bisitatzen diren orrien %10 inguru dira euskarazkoak; hamarretik bederatzi dira gaztelaniaz, beraz. Iaz, gaztelaniazko albistegiek %22ko ikusle kuota izan zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; euskarazkoek, %2,3koa.

EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak iragarri du datorren urtean Primeran izeneko streaming plataforma jarriko dutela martxan. Astelehenean Eusko Legebiltzarrean ere aipatuko du proiektua.

Baina sektorean badago kezka plataforma horrek egingo duen hizkuntza hautuaren gainean. Asteon Pantailak Euskaraz taldeko ordezkariek aldarrikatu dute euskara hutsezko plataforma bat sortzea «ezinbestekoa» dela. Elebitasunak desoreka ekarri ohi duela uste dute, eta hizkuntza txikia beti atera dela galtzen, handiagoa ondoan duenean.

Ramon Agirre aktoreak hala adierazi du: «Streaming plataforma bat sortu behar dutela iragarri zuen Aldekoa jaunak. Primeran. Primeran jarri omen diote izena. Ondo. 'Gure garai honetan, ikus-entzunezko produkziorik gabeko herrialde batek ez du errelatorik', esan zuen. Ados. 'Euskal ikus-entzunezko eta euskarazkoak bermatu behar ditugu'. Ez al dira gauza bera? 'Aliantzen eta nazioartekotzearen bideari ere ekingo dio'. Polita. Eta hori ezin al da euskaraz egin? Plataforma elebiduna izango omen da. Primeran-Guay, orduan? Edo Primeran-Great? ».

Plataforma elebiduna izango dela antzeman daiteke EITBko arduradunen hitzetatik. Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaileak nahiko argi du elebiduna izango dela: «Plataforma elebiduna egiten badute ere —hala izango dela uste dut—, gutxienez izan dadila euskararen presentzia gazteleraren adinakoa, gehiago ez bada. Ez orain bezala, ETBn bertan, ezberdintasun lotsagarria baitago hizkuntza batetik bestera».

Zinema eskaintzan, esate baterako, agerikoa da gaztelaniazko eskaintzaren nagusitasuna: ETB2k aste honetan hamar film emango ditu; eta ETB1ek, bakarra —gaur, Handia—. Euskaraz bat ematerako, gutxienez hamar gaztelaniaz eman ohi ditu ETBk.

Ander Sagardoi zinema ekoizleari iruditzen zaio plataforma berriak euskara hutsezkoa izan beharko lukeela, «zinema ekoizpenei —film luze, labur, zein telesailak— dagokienez, behintzat». Sagardoirentzat agerikoa da euskarak hizkuntza gutxitu moduan behar duen babesa eta sustapena arlo guztietan, «Pantailak Euskaraz egitasmoak argi erakutsi moduan, ikus-entzunezkoetan ere bai».

Lara Izagirre zinemagile eta ekoizlearen iritziz ere, plataforma berrian euskarak izan beharko luke hizkuntza nagusia, «ehuneko handi batean». Euskarazko plataforma baten beharra ikusten du Nora filmeko zuzendariak. «Gainontzeko hizkuntzak lasai bizi dira beste plataformetan. Euskarak oraindik ez du etxerik, eta Primeran euskarazko ikus-entzunezkoen etxea bilakatu daiteke, euskararen gotorlekua».

Plataforma elebiduna balitz, arriskuak leudekeela uste du Sagardoik: «Erronka nagusietako bat ikus-entzulearen kontsumitzeko ohiturak aldatzea bada euskarazko edukiekiko, plataforma elebiduna izateak ez luke gaurko irudia betikotu besterik egingo. Euskaraz kontsumitzera ohituta ez daudenentzat beti dago gaztelerazko azpidatzien aukera, bestalde».

Eskubideen afera

Andoni Aldekoak iragarri du Primeran plataforman ez direla soilik EITBko edukiak ikusgai egongo. Sagardoik hau ohartarazi du: «Zailtasun nagusia esplotazio-leiho berdinean beste eragile batzuekin izan dezakeen bateragarritasunik eza da. Adibidez, azken urteotan, telebista linealeko emanaldietan RTVEk eta EITBk bilatu dute modua biak tartekatzeko. Plataformen kasuan, egoera are gehiago nahasten da». Ekoizleak, hala ere, uste du edukia euskaraz izateak erraztu egin dezakeela, besteen osagarri gisa.

Izagirrek nahiko luke plataforma berria «erakargarria» izatea euskarazko edukiak maite dituzten herritarrentzat: «Eduki aldetik, anitza, emakumeen lanak dituena, euskara babesten duena; eta teknikoki, intuitiboa eta modernoa». Sagardoik nahiko luke: «Jatorrizko bertsioa euskara duten edukien ekoizpen propioa sustatu eta beste plataforma batzuetara bidaiatzea erraztuko duena. Kalitatezko euskarazko bikoizketa eta azpidatziak eskuragarri izango dituena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.