Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Euritakoa

2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Felicisimo Pereira eta Marcial Pitak sortu zuten Bodegas El Paraguas. Galiziako ardo munduko bikoterik egonkorrenetarikoa eta arrakastatsuenarikoa osatzen dutela esango nuke, zalantzarik gabe. Biek maite dituzte lurra —tokia— islatzen dituzten ardoak, mahatsen nortasuna adierazten duten ardoak, ihesbiderik gabekoak, aitzakiarik ez dutenak, ardo leunak, finak, delikatuak. Hainbat ardo lehiaketatako epaimahaikide etaGaliziako jatorri izeneko kata batzordeko hainbat dastaketatan topo egin ondoren, 2007anabiatu zen haien arteko ardogintzaren alorreko harremana.

Felicisimo Pereirak Ribeiro ardoek ezkutatzen duten mahastizaintza ondarea oso ondo ezagutzen du. Haren aurrekoak ere mahastizaintzan eta ardogintzan aritutakoak ziren, eta Galizian eginiko ardorik garrantzitsuenetariko batzuen egilea da. Ardoarekin zerikusia duen familiako laugarren belaunaldiko parte da, eta, gaur egun, estatu mailan dagoen ardogintza eta mahastizaintzaren inguruko aholkularitzarik garrantzitsuenetariko bat gidatzen du. Ribadaviakoa da (Ourense, Galizia) eta ardo atlantikoak maite ditu, eta Rias baixas, Ribeiro, zein Ribeira Sacrako hainbat upategiren aholkulari lanak ere egiten ditu.

Marcial Pitaren ibilbidea 16 urte zituenean hasi zen, ardo klub bateko biltegian lanean hasi zenean. Gastronomian eta ardo munduan aditua den kazetaria da Marcial, eta ardoaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu. 2006an Bullaseko (Murtzia, Espainia) El Linze proiektua abiatu zuen, beste hiru kiderekin batera, baina 2011 geroztik, bere ahalegin guztiak El Paraguas upategian ditu jarriak, Ribeiron.

El Paraguasekoek familia bat balitz bezala ulertzen dute mahastia. Mahatsondo bakoitza familiako kide bat da, eta horietako bakoitzak gauza bat edo beste emango dio familiari.

Bodegas El Paraguasek lursail desberdinetako mahats mota bakoitza bere aldetik ardoztatzen du, Fai un Sol de Carallo izan ezik, eta, horretarako, uztaldi bakoitzari egiten diote so, mahatsak bildu aurretik eskain dezaketena aztertuz.

Mahatsondo guztiak modu tradizionalean daude landatuta, bata bestearengandik oso hurbil, ekoizpena mugatua izan dadin, inoiz ere ez 5.500 kilo baino gehiagokoa. Mahastiak ez dira sekula modu mekanikoekin lantzen, haien ustetan, horrek eragina izan dezakeelako lurraren konposizioan. Herbizidak ere ez dituzte erabiltzen, eta tratamenduak ahalik eta gehien mugatzen dituzte; horrek bere arriskuak ditu, ez baitugu ahaztu behar Galizian daudela, eta mildiu, oidioa eta botrytisa oso ohikoak direla paraje haietan, batez ere urte heze eta euritsuetan.

El Paraguas Atlantico, La Sombrilla eta Fai un Sol de Carallo dira egiten dituzten ardoak, Ribeiron, denak zuriak. Ferrol inguruan ere egiten dute beste ardo bat I+G proiektu baten barruan: Astillero ardoa, blanco legitimo mahatsa erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.