Albistea entzun

'1914-1918. Lekukoak'

Biba Frantzia

Alex Gurrutxaga -

2015eko maiatzak 3

Egilea: Patri Urkizu. Argitaletxea: Maiatz.

Lehen Mundu Gerrak badauka guretzat paradoxa bat. Frantzia irabazleen aldean zegoen —gerraz ari garela irabazleez mintzatzea zantarra izanik ere—, eta euskaldunak Frantziaren aldean zeuden; ez alferrik, Biba Frantzia zuen grazia gerra garaiko Hiriart-Urrutiren zutabe batek, euskaldunek frantses ere izan behar omen zutenez gero. Baina zer irabazi zuen euskal herriak Frantzia irabazle suertatuta?

Gerraren ondorioak anitzak eta konplexuak dira, baina erantzunaren zati garrantzitsu bat hau da: 6.000 hildako euskaldun —lehor gainean odolezko itsasoa, Lexoti bertsolariaren hitzetan—, eta euskal naziotasuna frantziar liberté-aren lainotan difuminatzea.

Gerraren sorrera urtearen mendeurrenaren karietara, hango eta hemengo nazioek gerraren oroimena eta lekukotza landu dituzte. Patri Urkizuren lanak ere helburu horixe dauka: euskaldunok tragedia hari buruz dauzkagun lekukotasun nagusiak biltzea. 60 testu inguru bildu ditu, zazpi ataletan banatuta. Lekukotza xumeak dira, ohiko jendeenak —batzuk anonimoak—, guztiak ere, Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobelako protagonistak esango lukeen bezala, «epikarik gabeko istorio ezdeus batean galduak».

Testu oro fikziozko eraikin izanik ere, kontakizun zehatzenetarik errepresentaziora antolatua dago liburua, grosso modo: kronika eta gutunak lehenik, literatura gero —eleberriak, bertsoak, eta abar—, oroimen-lekuak eta bestelakoak amaieran. Atal batzuk dokumentazio soilean geratzen dira ia —adibidez, Raemaekersen edo Maurice Ravelen aipamenak—. Aldiz, beste atal batzuk mamitsuagoak dira —bertsoei eskainia, esate baterako, 24 lekukorekin—.

Material ezberdin asko dago, eta horrek aukera eskaintzen dio irakurleari Gerra Handiari buruzko ikuspegietan sakontzeko. Adibidez, Eskualduna-ko kronika eta zutabeak konparatzen baditugu Hegoaldeko bertsolarien lanekin, gerraren trataeran dagoen aldea nabarmena da. Batzuen gertutasun eta inplikaziok, Frantziari dioten atxikimenduak, kontrastea egiten du besteen ikuspegi neutralagoarekin. Esate baterako, Altzako Jose Garmendiaren edo Zabaleta anaien bertsoetan bakearen aldarria nagusitzen da oroz gain; jarrera horixe erakusten du Emeterio Arrese poeta tolosarrak ere; eta salbuespen apurretakoa da, berriz, Txirrita, frantses zale porrokatua.

Batez ere dokumentazioa eta historia jasoko ditu irakurleak liburu honetan, baina baita literatura ere; besteren artean: Jean Hiriart-Urrutiren idazkera eta sintaxi dotorea, Lexotiren bertsoen aire erromantikoa, A.I. delakoaren deskribapenak ekialdeko frontetik edo Matxin Irabolaren bertso zorrotzak.

Testu eta aipamen nagusiez gain, egileak funtsezko bibliografia eta aurrekarien lanen aipamenak ere —Antonio Zabala, Piarres Lafitte, Piarres Xarritton, Eneko Bidegain, eta abar— gehitu ditu. Bestalde, nahiz eta ez izan liburua baztertzeko adina, pena da Urkizuren testuak berak errata eta huts dezente edukitzea.

Azken finean, bilduma anitza da, oso egokia I. Mundu Gerraz dauzkagun lekukotasunen ikuspegi orokorra eduki nahi duenarentzat, bai eta alderdi konkreturen batean sakontzeko abiapuntua bilatzen duenarentzat ere. Esan dugu hango eta hemengo nazioek Gerra Handiaren lekukotzak eta oroimena lantzen dihardutela; hauxe da Patri Urkizuren lanak eskaintzen diguna, hauxe eskatzen diguna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...