Musika. Don Inorrez 'Mugiro bila'

Pop pilulak

Diskoetxea: Lizarbakar.

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bide Ertzean hibernatzen utzi ostean, duela bi urte, Imanol Ubedak Don Inorrez egitasmoa abiatu zuen Karlos Aranzegi bateria jotzaile bikainaren laguntzaz. Mugiro bila-n jasotako hamar kantu labur hauek, hain justu, bi urte horietan idatzitakoak dira. Imanolek obsesio bakarra izan du sortze-prozesu horretan, Bide Ertzean-en itzaletik ihes egitea. «Estetikoki eta estilistikoki beste zerbait egin nahi genuen», esan zuen diskoaren aurkezpen-ekitaldian. Musikariaren erosotasun-gune horretatik aldentzeko desio hori duina ez ezik, adoretsua ere iruditzen zait, eta hein handi batean, uste dut asmatu egin duela tolosarrak.

Horretarako, musikariak plan zehatz bat diseinatu du, zeinaren zati guztiek bestelako osotasuna eratu duten bere ibilbidean. Hasteko, Karlos Aranzegik Paco Loco ekoizle eta musikaria ezagutzen zuela baliatuta, Cadizera jo zuten diskoa grabatzera. Locok soinu-mahaiaren aginduetan jardun zuen, baina baita gitarra jotzen ere. Eta hara hor disko honek dakarren lehenengo sorpresa. Diskoaren soinuak ez du zerikusirik Ubedaren aurreko ondarearekin. Indie-pop kutsuko lana da, Teenage Fanclub edo Superchunken sonoritateetara gerturatzen dena. Diskoa jarri eta berehala antzematen du entzuleak Pacoren marka, ahotsa eta akorde ezagunak izanagatik ere, bestelako soinu-jantziarekin baitator diskoa. Soineko horretan, tarte lasaiak eta oldarkorrak josi dira. Azken horietan, ekoizleak J Mascisena egiten du gitarra distortsionatua zorrotz eta basati txertatuz, han eta hemen. Horrekin batera, konponketak ere azpimarratu behar dira; esaterako, Garai posmodernoak kantuan entzuten diren teklatuak.

Hitzei ere bestelako kutsua gehitu nahi izan die Imanolek. Betidanik lotu zaion literatur seriotasunetik aldendu, eta esparru domestikoagoetan eta era berean bihurriagoetan murgildu da, tarteka, idazleen testuak erabili baditu ere. Horren erakusgarri, Nekropolian: «Auzoak hustu ziren mende hasieran; Inditex izurriteak eraginda; turistak dira ugaztun berriak», edo jada aipatutako Garai posmodernoa-n jasotakoak: «Komunista eta kontsumista, ateo eta elizkoi; sozialista eta liberal; dena aldi berean». Biak ala biak Imanolek idatzitakoak.

Horrek guztiak energiaz jositako pop dirdira erantsi dio diskoari, azalaren diseinua ahaztu gabe, zurietan oinarritua eta AEBetako aldizkari zaharretako publizitate-irudiekin apaindua. «Disko argia da, badu argitasun bat», Imanolen aburuz. Edo Iban Zalduak idatzitako promozio-orri fikzionatuan jasotzen denez, «(...) berehalakotasunarekin du zer ikusia (pop-ak), eta baita hurbiltasunarekin ere. Kantu bat entzun orduko ahopean abesten hasteko gogoarekin, eta saltoak emateko bulkadarekin». Bada, idazle gasteiztarrak esandako osagai guztiak biltzen ditu diskoak, Imanolek aurretiko arrastoa erabat abandonatu ezin izan duen arren. Haatik, aurtengo lehenengo hiruhilekoan entzun dudan euskarazko disko gozagarriena iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.