Zientzia

Pilota Gasteizko teilatuetan dago

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak eginiko ikerketa baten arabera, Arabako hiriburuak 2017an kontsumitu zuen argindarra baino gehiago sor dezake egokiak diren eraikinetan eguzki plakak jarrita. Goiener kooperatiba dagoeneko ari da herrietako pilotalekuetako estalpeetan energia sortzeko planak diseinatzen.

Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Baina hemen ez dago eguzkirik! Horrek ez du funtzionatzen gurean». Askotan entzun behar izan ditu hitz horiek Estefania Caamaño telekomunikazio ingeniariak Gasteizen. Aurrejuzgu batekin egin zuen topo ikertzaileak: Euskal Herrian ez du merezi eguzki plakak jartzea, eguzki ordu gutxi daudelako. Usteak erdi ustel direla erakutsi du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko irakasle eta hango Eguzki Indarraren Institutuko ikertzaileak. Auzoz auzo aztertu du Gasteizek eguzkiarekin argindarra sortzeko duen ahalmena, eta emaitza ikusgarria jaso du: printzipioz, hiriak kontsumitzen duen elektrizitatea baino gehiago sor dezake, teilatuak aprobetxatuz gero.

Aukera ematen duten teilatu guztietan eguzki plakak jarrita, Gasteizek 1.140 gigawatt-ordu sor zezakeen urtebetean, eta hori hiriak 2017an kontsumitu zuena (894 GWh) baino %28 gehiago da. Hiriak 31 auzo ditu, eta horietako hamabik 2017ko euren kontsumo guztia sor zezaketen eguzki energiaz, eta gehiago. Ekialdeko Nekazaritza Eremuak, esaterako, kontsumitzen duena baino 9,5 aldiz gehiago sor zezakeen. Ekoizpenerako auzorik txarrenak —Santa Luzia— kontsumitzen duenaren %63 sor zezakeen.

«Gasteizko eguzki irradiazioa mugatua da, baina Alemanian eguzki plaka ugari dauzkaten hiri askotan baino askoz handiagoa da», esan du Caamañok. Suedian eta Norvegian eguzki plakak daude eraikinetan, «eta herrialde horietara ez da inor joaten eguzkia hartzera».

Gasteizko hirigintza bereziki interesgarria iruditzen zaio ikertzaileari, eguzki energia sortzeko eta kontsumitzeko. «Tamaina ertaineko hiria da, eta ehun aberatsa dauka: industrialdeak ez daude bizitzeko guneetatik oso urrun. Hori abantaila handia da zentzu honetan». Ikertzaileak azaldu duenez, egin dira antzeko ikerketak Europako beste hiri batzuetan, baina emaitzak ez dira horren onak izan. Bartzelonaren kasuan, esaterako, kontsumituaren %40 ekoitz zezaketen eguzki energiaren bidez, erradiazio handiagoa izan arren. «Gasteizek berezitasun hori dauka, hiri ehunarengatik».

%1, klima aldaketarako

Gasteizek plan bat dauka energia fotovoltaikoa garatzeko, klima aldaketaren kontrako borrokaren barruan. Ikerketak ondorioztatu duenez, 2020rako ezarritako helburua bete dezake hiriak, duen ahalmenaren %1 bakarrik erabilita. «Askoz helburu handiagoak ezar diezazkioke hiriak bere buruari, ez duelako ezer eraiki behar, dagoeneko daukana erabili bakarrik».

Gasteizko Udalaren Informazio Geografikoaren Sistema erabili du kalkulatzeko zenbat eguzki jasotzen duen hiriko teilatu edo estalpe bakoitzak, horiek eguzki plakak jartzeko modukoak ote diren ikusteko, eta aztertu dute zenbat eguzki erradiazio galduko liratekeen itzalengatik.

Pilotalekuak helburu

Euskal Herriko teilatu gehienen ahalmena alferrik galtzen ari dela uste du Jokin Castaños Goiener kooperatibako Sorkuntza taldeko teknikariak. Konponbide bat proposatzen dabil Castaños: herri txiki askotan, aski da frontoiko teilatua, eraikin publikoak elektrizitatez hornitzeko eta kaleak argitzeko (bateriak erabilita, azken kasuan). Munitibarren (Bizkaia) ari dira halako egitasmo bat aztertzen, eta Orexan (Gipuzkoa) antzeko gauza egin nahi dute.

Egoera paradoxikoa da, teknikariaren arabera: Gasteiz inguruan megawatt askoko zentralak zabaldu nahi dituzte, «baina zertarako okupatu behar dugu erein daitekeen soro bat plakak jartzeko, teilatuak libre baditugu?».

Goienerrek parte hartzen du Euskal Herrian energia berriztagarria sortzeko hainbat egitasmotan. Oñatin (Gipuzkoa) ur jauziak erabiltzen dituzte, esaterako. «Hango urak sortzen du Oñatiko biztanleek kontsumitzen duten hainbeste», esan du. «Autonomoa izan zitekeen herria, baina industriak beste %80 kontsumitzen du». Eguzki orduen eta kontsumo orduen desfasea gainditzeko, sarea bera erabil daiteke bateria gisa. «Sarea prest dago horretarako, baina gogo politikoa behar da betiko oligopolioak gainditzeko».

Teknologiaren aurrerapenak ikuspegia aldatzea ekarri du: lehen, eguzki plaka bakoitzak 250 watt ematen zituen, eta, orain, tamaina bereko plakak 330 watt ematen ditu, hau da, ia %50 gehiago; eta merkeagoak dira.

Pilota norbere teilatuan

Gasteizen bizi direnek laster jakin ahalko dute zenbat eguzki indar ekoitzi ahalko duten etxean, Caamañoren kalkuluekin egingo duten Interneteko aplikazio baten bidez. Hiriaren mapa batean, hiritarrek etxeko teilatuan klik egin ahalko dute, eta han zenbat argindar sor daitekeen jakin. Hilabete honetan irekiko dute gunea.

Teknologikoki dagoeneko posible denaren eta legeek baimentzen dutenaren arteko arrakala txikiagotzen ari dela uste du Caamañok. Europako energia erregulatzeko batzordeak estatuetakoei eskatu die arauak ebazteko baterien inguruan. Izan ere, dagoeneko sistemak jarri dituzte merkatuan Teslak, LGk, Panasonicek eta beste hainbat konpainiak. Sistema horiek zabaltzeak asko lagunduko luke energia berriztagarriak garatzen eta sarea egonkortzen. «Arauak teknologia baino askoz polikiago doaz, baina logikoa da, agintariak segurtasunaz eta hornikuntzaren kalitateaz arduratu behar direlako».

Alemanian badira enpresak urrutitik kudeatzen dituztenak jende askok etxean dauzkaten bateriak eta eguzki sistemak, sare elektrikoaren funtzionamendua erregulatzeko, kontsumitzaile-ekoizleentzako abantaila batzuen truke.

Blockchain teknologia ere dagoeneko erabiltzen ari dira horretarako. Brooklyngo (New York, AEB) kasua adibide gisa jarri du ikertzaileak. Blockchainek harremanetan jartzen ditu ekoizle txikiak eta kontsumitzaileak artekaririk gabe. Edonola ere, autokontsumoaren fetitxismoan ez erortzeko dei egin du ikertzaileak, energia garraiatzeko azpiegitura publikoa defendatu beharreko ondasuna delakoan.

Caamañok mezu bat du Gasteizko udal agintarientzat: «Asmo handiekin jarrai dezaten, hiria prest dagoelako eguzki erradiazioaz baliatzeko, eta erradiazio kantitate ederra da». Pilota Gasteizen teilatuan dago; hitzez hitz, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.