Petti eta Etxeko Uzta. 'Hotzikarak'

Ongi etorri, Petti

Diskoetxea: Elkar.

Andoni Tolosa.
2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ez idatzizko lege batek dio, kantari bat ez dela heldutasunera iristen pianoaren laguntza soilarekin kanturen bat grabatzen ez duen bitartean. Hori horrela bada, Petti heldu da, eta kasualitatea, aspaldi zor zigun disko rockeroaren baitan gertatu da.

Lurralde topikoak dirudite; pianoa, ahotsa, baladak, beti izan dira errazkerietarako esparru egokiak. Baina, Pettik aurre egiten dio erronkari, espanturik gabe, baina formatua lehertu gabe, oso gutxik lortzen duten oreka arriskutsuan. Eta kantu bakarrean agertzen zaizkigu, nabarmen, Berakoaren heldutasunaren aztarnak. Azken Aetzaren balada, izenak dioen bezala, balada baita, pianoa baitu, baina, era berean, mingotsa, mamuzbetea eta haserrez jantzia datorkigu. Hitzen bortizkeria sotil eta ilunak behar duen jantzi melodikoa.

Hala eta guztiz ere, heldutasun aztarna gehiago dago Hotzikarak honetan. Besteak beste, hainbat kantutan, kasualitatea hori ere, rockeroenetako batzuetan, melodiek hartzen dituzten bide ustekabekoak, leloetan nola hartzen duten arnasa, adibidez. Bi Bide, Ez barkatzen edo Sekula ez erortzea kantu indartsuak horren adibide.

Ez dira falta diskoan, jakina, blues-rock lisergikoak, Pettiren espezialitateetako bat: Ez barkatzen, Ni Naiz eta Argiak errepidean, eta gainera gospel katxondo bat; Beti aitzinera, diskoari izena ematen dion Hotzikarak instrumentala, country-blues akustikoa. Eta, azkenerako, diskoko piezarik ederrenetako bat, pop ilunez betetako Amaiera, poliki-poliki haziz doana, bukaera aldeko garapen instrumental luzea, zure barruen jabe egiten den arte.

Jakin bagenekien Etxeko Uzta dela, edo garai batean izan zela Euskal Herriko rock talderik sendo eta indartsuenetakoa. Rocka egiteko makina ezin hobea osatzen zuten/dute; Igor Telletxeak baterian, Fernan Irazokiri txanda hartuz, Iñigo Telletxeak baxuan eta Joseba Irazokik gitarretan. Beraz, pozik jaso genuen Pettik haiekin, 14 urteren buruan, berriro diskoa grabatuko zuelako berria. Sekula ez du merezi hainbeste itxaroteak, baina sufrikarioa txikiagoa da emaitza ona denean. Ziurrenik talde hau da ekosistemarik egokiena Pettirentzat, haren kantuek aurrera egin dezaten bederen. Lasaitik ekaitzera, melodiatik zaratara, xuxurlatik garrasira, poliki-poliki, baina etengabe aurrera egiten duen tren baten moduko taldea osatzen du laukoteak. Kantuari bultzaka bidea egin dezan, eta, bien bitartean, haz dadin entzulearen erraietan. Eta hori diskoan, zuzenekoetan... UFAAA!

Disko honek, agian gehiegi esatea da, baina urte batzuetako noraez moduko bat ixten duela iruditu zaigu, berriro bat egin dutela kantu sorta berean Pettiren bi lurralde horiek: folka eta rocka. Ikusteko daude hemendik aurrerako urratsak. Baina badakizu, kantuak dioen bezala: «eta itzultzen naiz zugana, ama, izan xuabe nirekin». Ongi etorri, Petti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.