The Raveonettes. 'Pe´ahi'

Aita, traumak eta heriotza

2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Beat Dies.

Hil zitzaidan aita —ezustean Gabon gauez hil ere—, baina nire baitan bizirik dirau. Hark behinola eragindako zauriek baldintzatzen naute oraindik»—aitortu zuen Sune Rose Wagner The Raveonettes taldeko abeslari eta konpositore nagusiak ekainean, sorpresaz Pe´ahi lan berria aurkeztu zutenean. Alegia, aitaren supituko heriotzak bereziki kolpatu zuela, eta diskoa osatzen duten hamar kantuetan ideia bat nabarmentzen dela oroz gain: aitaren jokabideak umetan sortutako mina gainditzeko desira, norbera egituratzen duen trauma baino hobea izateko nahia. Beraz, betidanik aski ilun izandako gaitegia—hilketez, suizidioez, traizioez eta abarrez kantatu izan dute— eremu pertsonalean sartu dute oraingoan, inondik ere, asmo handikoa den lan batean.

Aldaketarik esanguratsuenak instrumentuzko alorrean egin dituzte. Hamar urteko ibilbidearen ostean, eta, batez ere, aurreko hiru diskoei erreparatuz gero, irudi zukeen Danimarkako bikoteak aurkitua zuela bere formula: pop kantu gozoak, egituraz 60ko hamarkadako rocka bezain arruntak, gitarra distortsionatuen ganduz estaliak eta karga elektrikoz ongi hornituak. Disko berrian, aldiz, melodien ardura esklusiboki gitarrei utzi beharrean, elementu gehiago tartekatu dituzte: xilofonoak, harpak, koruak, dunbalaren oinarrizko kolpeen simulazio elektronikoak... Ohi moduan, hor dirau The Velvet Undergrounden edo The Jesus and Mary Chainen gisako taldeen eraginak, baina, ezbairik gabe, norabidea dezente aldatu dute orain artean bide seguru antzekotik ibili ostean.

Endless Sleeper izeneko lehen kantuko lehen esaldian bertan ageri da heriotza —(I have) Sand in my shoes/ and death on my mind—. Ez da aitaz ari Wagner, bere buruaz baino. Orain hamar bat urte Hawaii irletan surfean ari zela ia hiltzear izan zela kontatzen du —diskoaren izenburua, Pe´ahi, da irla horietako bat—, eztarriko oihuz eta breakbeat erritmoz lagundurik. Aldiz, Kill! izeneko kantua izango da, seguru asko, diskoko gordinena: hamar urte zituela aita ezezagun batekin larrutan harrapatu zuenekoaz ari da Wagner, eta esperientzia hark gerora berak fideltasuna ulertzeko moduan izan duen eraginaz. Denetan kantu borobilena den A Hell Below-n, ostera, aitari galdetzen dio ea zer gertatuko litzatekeen infernura eroriko balitz. «Nire minaren adinako zerbait sentituko ote zenuke?». Soinu gozoko kantu bizia izaki, diskoko gainontzekoengandik aldentzen da eta, testuingurutik ateraz gero, taldearen aurreko edozein lanetan tokia izango luke arazo handirik gabe.

Nahigabetik abiatutako diskoa da Pe´ahi, baina kosta egiten da sentsazio hori entzulearengana ailegatzea. Gitarren zarataren eta harmonia jostarien artean, gogoak beste paisaia batzuetara alde egiten du, eta minaren dimentsioa, berriz, hitzetan konprimituta gelditzen da. Pop kantuez ari bagara, ordea, musikak eragin behar luke hitzek bainoago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.