Musika. Serrulla '? Life'

Zirrarak

Diskoetxea: Airaka.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Donostian sortu eta bizi. Gaur egun, horrek zaila dirudi. Errazagoa da esatea sortuz hiriari bizitasuna eman dioten musikariak direla ugari. Iñigo Serrulla gaztea da iristen azkena, Urko Eizmendi (Pet Fennec), Asier Beramendi (Eraul) eta Olatz Salvadorrekin batera. Iker Lauroba eta Giorgio Bassmatti beterano oparoen baimena dute. Gehienek, ordea, aipatu dute Serrulla dela zerrendako lehena. Baina onena? Behintzat, arreta merezi duena.

Errima errazetatik harago doa 22 urteko gazteak ? Life estreinako diskoan bildukoa. Bi urteko lanaren emaitza da, baina bete dituen urteen laburpena. Denborak ematen duena da. Sarrera bat, sei abesti eta sormen prozesua nolabait laburbiltzen duen ia hogei minutuko musika kaiera. Sentitua eta barrura begirakoa da, eta zirrarak sortzen dituena. Bonds aurrerapen abestiak ezustean harrapatu zuen bat baino gehiago. Idazten ari denari, berriz, hotzikara berezia eragin zion ondorengo pasartearekin: «I still end up going back to where we used to play my love».

Serrulla gerizpeko begirada zuzenarekin ageri da diskoaren azalean. Errespetua sortzen du seriotasun horrek, duen talentuak bezainbeste. Azaleko irudi horren azpian kolore ezberdinetako hitzak eta doinuak daude. Alaiak dirudite batzuetan, eta goibelak besteetan. Familiarteko harremanez dihardu abestietan, eta baita denboraz ere. Aldiz, pop eta rock doinuekin jantzi ditu esanak, soinu moderno eta erakargarriarekin.

Bizipoza transmititzen du Somebody else kantuak, egiten dituen galderek poztasuna kolokan jartzen badute ere: «Are you gonna live forever? Are you here for a while?». Giro eta oihartzun apaletatik hasten da Big fish ederra, in crescendo indartsuarekin bukatzeko. Malenkoniatsuagoa da Pills lausoa. Ahotsa eta gitarra, ohikoa duen oinarri gisara. Apaingarriak datoz ondoren, eta ahaztezina da melodia. Disko laburreko une berezienetakoa da, Family sentituarekin batera. Beste norabide batean kokatzen da Bloom abestia. «I wanna see the world» dio hasi orduko, eta mundura aise egingo luke jauzia horrelakoekin. Modernoa, irisgarria eta dantzagarria da. Baina ez da batere artifiziala. Serrullak duen gaitasunaren isla baino ez da.

Bakarlari gisara egin eta berregindakoa musikari egokiekin osatu du. Andoni Etxebeste bateria eta Mikel Alonso baxua izan ditu bidelagun, beste hainbatekin batera. Baina, batez ere, ekoizle aproposena topatu du bere talentuari zukua ateratzeko. Haritz Harregiren estudiotik atera duen emaitza oso profesionala da. Merezi duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.