Musika. A Perfect Circle 'Eat The Elefant'

Bilakaeraren isla

Diskoetxea: BMG.

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ezin dut ukatu: A Perfect Circle nire talde kuttunetako bat da, eta zaila egiten zait objektibotasuna mantentzea —egia esan, noiz ez?—, baina hamalau urte estudioko diskorik argitaratu gabe egon ondoren ikusmin handia geneukan jarraitzaile guztiok apirilaren 20an argitaratu zen Eat The Elephant diskoarekin Horregatik, muturreko iritziak entzun eta irakurri ditut han-hemenka, artelan izugarria dela esaten dutenetatik nabarmen eta itsusia dela esaten duteneraino. Biek daukate arrazoi, eta inork ere ez, nire iritziz.

Gai zabalak jorratzen dituen diskoa da: boteredunen ustelkeria, isolamendu masiboa, artista esanguratsuen heriotzak..., batzuetan umore puntu bat ere azalduz, So Long, And Thanks For All the Fish eta Delicious-en gertatzen den bezala. Diskoa orain artekoak baino entzun errazagoa egiten da, aurrekoetako atmosfera ilun hura presente bada ere —A Perfect Circle entzuten gaudela ziurtatuz—, lan haietatik izugarrizko garapena izan baitute, disko argitsuago bat izanik, oro har. Bertsioz beteriko azken eMOTIVe haren ondoren, gauzak lasai hartu eta barrenetik ateratakoa konposatzen hasi zirela garbi ikusten da, lanaren bilakaera nabarmena taldekideen bilakaeraren ondorio baita. Urte hauek guztiak behar izan baitituzte sortzeko. Emozioz beterikoa da diskoa, eta The Dommed-en ageri zaigun amorrua pianoaren bidez lasaitasunarekin tartekatzen da. Batzuetan, Placeborena dirudien So Long, And Thanks for All the Fish eta aurreko disko batekoa izan zitekeen Talk Talk zuzena elkarbizitza natural batean ageri zaizkigu, elkarren segidan, eta koherentzia faltarik sumatu gabe. Abesti batetik bestera salto egiten du diskoak, gai eta melodia ezberdinak proposatuz, baina, hala eta guztiz ere, disko kontzeptual baten irudia ematen du. Maynard James Keenan abeslari eta liderrak ahotsaren erregistroa asko aldatu du abesti batzuetan, eta horrek musikalki izandako eboluzioari gehituta, zale nostalgiko asko ez hotz eta ez bero utzi ditu. Hala sentitu nintzen hasieran ni ere, baina hamalau urte pasatu direla ulertzen saiatu —horrek dakarren guztiarekin—, eta hemen ere izugarrizko lana egin duela iruditu zait azkenean, edozertarako gai baita.

Hasierako lanen zale nostalgiko ugarik ez die gainditzeko moduko notarik ipini, asko aldendu baitira garai hartako konposizio, melodia, ahots eta atmosferetatik, baina hamalau urte pasatu direla konturatu behar gara, eta urte hauetan guztietan taldekideek, beraien proiektuek, entzuten duten musikak eta —zergatik ez— gustuek ere eboluzio bat jasan dute. Beraz, saihetsezina iruditzen zait azken lan hartatik berri honetarako saltoa handia —eta nire iritziz, beharrezkoa— izatea. Agian gu ginen horretarako prest ez geundenak, baina hori guztia asimilatzea lortu, nostalgiak alde batera utzita entzuten hasi, eta disko benetan ederra dela konturatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.