Literatura. 'Ohe hutsetan'

Hitzak argi-ilunari

Idazlea: Izaskun Garcia Kintana. Argitaletxea: Balea zuria.

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Definizio batekin hasten da Izaskun Garcia Quintanaren (Bilbo, 1977) Ohe hutsetan poema-bilduma (Balea zuria, 2018): Ohe hitzarena. Lehen ohe horretan pilatzen dira datozen hitzak, lerroak eta orriak, hasierako ohe hutsak gainezka egiteraino. Pentsakor utzi nau liburuak. Pentsamendu-aleak iruditu zaizkit poemok, poetaren introspekzioaren emaitza, baina irakurlearentzat beste dimentsio bat har dezaketenak. Ez dira gogoeta antzuak bilduma honetakoak, pentsamendua baitakar pentsamenduak.

Ez zuen alferrik esan liburuaren aurkezpenean Aritz Gorrotxategi editoreak Garciak ahots propio eta ezohikoa garatu duela. Poemez aparteko egiturarik ez du liburuak, baina batasuna ematen dio bilbotarraren poetikak. Nabari da ez dela egilearen lehen lana; ikuspegi argi batekin bildutako poemak iruditu zaizkit, eta ez dut faltan edo sobran sentitu testurik. Neurriz laburrak dira poemak, beren baitan bilduak kasik, bere espazioa du bakoitzak. Poema batetik bestera errepikatzen diren irudi eta sentsazioek, halere, irakurketa jarraituan zentzu osoagoa hartzen dute. Testu bakoitza gogoeta bat bezala ulertu daiteke, baina ez gogoeta amaitu bezala, prozesu baten baitako arrazoiketa bezala baino.

Poemak irakurri ahala Antonio Gramscirena delakoan han eta hemen irakurritako aipu baten oihartzuna etorri zait gogora. Honela dio, gutxi gorabeherako itzulpenean: «Mundu zaharra hilzorian dago, mundu berria ez da ageri oraindik eta argi-ilun horretan sortzen dira munstroak». Badu argi-ilunetik liburu honek, eta argi-ilun horretan sortzen diren munstroak ere ez dira falta. Kasu honetan, iragana da mundu zaharra poetaren baitan, etorkizuna mundu berria. Krisi hori hitzez ageri zaigu, poema batetik bestera. Ez dago ziurtasun absoluturik, baina ezta isiltasun derrotaturik ere. Hitza eta existentzia gailentzen zaizkio, iruditu zait, zalantza etsiari. Hotsak (hitzak) eta isiltasunak kontrajartzen dira, presentziak eta absentziak, eta tentsio horrek zeharkatzen du liburua

Liburuaren gaietako bat da identitatea, deserrotzearekin eta doluarekin lotutakoa gehienbat. Bakardadea, distantzia, desamodioa dira aipagai, eta baita zenbait ohe huts ere. Ez da, baina, leku edo izenik esplizitatzen poemetan. Testuek ez dute ez hizki larririk ezta puntuazio markarik ere; ez dute, ordea, halakorik eskatzen. Horregatik, agian, ez dagoelako erreferentzia konkretu edo espliziturik, poetak irakurleari ematen dionik, behintzat, poemek hartzen dute dimentsio abstraktuago bat, urrunago bat. Distantzia hori, aldiz, segituan laburtzen da testuan gehiago barneratuz gero. Poema oso iradokitzaileak dira, irudi indartsuz jantziak gehienak, imajinazioaren eta arrazoiketaren pizgarri.

Liburu xumea da, pirotekniarik eta pretentsiorik gabea, baina mundu bat eskaintzen dio irakurleari; mundu ezegonkor bat, zalantza mundu bat, baina baita zalantza horren aurrean bizitzen irauteko tresnak ere: hitzak. Honela dio poemetako batek: «bizitzaren poderioz/ galtzen ditugu denbora/ eta kemena/ ahaztu nahi dugun guztia/ ez gogoratzen saiatzen garen bitartean/ egiak bere burua ezagutzera eman/ eta setiatzen gaituen bakoitzean». Ez dakit egiaren setiotzat har daitezkeen poema hauek ere, baina, kurioski, argi-ilunari aurre egiteko denbora eta kemena topatu ditut poemotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.