Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bekatuak ordainduz

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Dehesa de Luna Finca Reserva de Biodiversidad La Rodan (Albacete, Espainia) dago, faunari eta landareari dagokionez, interes handiko ingurunean.

Hiru mila hektareako lursaila da. Horietatik mila-edo nekazaritzara egokituak, eta beste bi milak baso mediterraneoz eta espezie autoktonoz basoberritutako partzelek osatuak dira.

Mahastiak 64 hektareatan hedatzen dira, lau partzelatan banatuta: El Viñazo, La Mata de la Culebra, La Cañada del Navajo eta La Noria de la Luna.

2001ean hasita, upategiko lantaldea lanean aritu da mahasti bakana eta berezia sortzeko, pasio eta esfortzu ikaragarria eskainiz. 2012ko apirilean sortu zuten upategia, eta hainbat ardo egiten dituzte: Dehesa de Luna Origenes, Rose, Garnacha Blanca, Graciano, Tempranillo, Garnacha Tintorera, Gran Luna eta hona ekarri dudan Purgapecados. Ardo asko eta onak dira, baina bereziena, bitxiena, bakanena, Purgapecados da, nire ustez.

Upategia Albaceteko La Rodandagoen arren, ardoak ez dira Mantxako sor-markapean ateratzen, Vino de la Tierra de Castilla sor-markapean baizik.

XIX. mende hasiera arte, Dehesa de Luna Dehesa de Santa Martako parte izan zen, eta Dehesa de Purgapecados ere bai, 15.000 hektarea guztira. Teresa Avilakoak, SantaTeresa Jesusenak, gaua igaro omen zuen han, 1580ko otsailaren 16an; Malagonetik (Ciudad Real, Espainia) Villanueva de la Jararako (Cuenca, Espainia) bidaian. Herri tradizioak dioenez, gorputza eta arima suspertu omen zituen, gaur egun Dehesa de Lunan dauden gertuko mahastiren bateko mehatsez eginiko ardoa edanez. Hain zuzen, kondaira eta pertsonaiaren omenez, Purgapecados ardoa sortu zuen Dehesa de Luna upategiak.

2016koak bosgarren uztaldia egiten du, upategiak egiten dituen ardo guztien artean bereziena eta desberdinena da, inongo zalantzarik gabe.

Partzela bakar bateko ardoa da, hektarea bat osatzen duen cabernet sauvignon mahatsez osatutakoa, hain zuzen ere. Ardatz bertikalean izanik, aireztatua eta oso ondo argiztatua dago, bikaina mahats-mordoentzat.

Hemezortzi hilabetez ontzen da ardoa upel frantziarretan, eta beste horrenbeste pasatzen du gero botilan, ardoa fintzen eta leuntzen.

Ardoa bikaina da, intentsitate handikoa eta konplexua sudurrean; eta ahoan, berriz, gorputz handikoa, sakona eta luzea, oso luzea. Desberdina da, eta etiketak ere horrelakoa behar du izan. Etiketa oso sinplea da, Dymo etiketagailu zinten estiloari jarraituz, Jose Luis Asenjo zuzendari teknikoak esaten duen moduan: «Ardoa garrantzitsua denean, ia ez duinongo etiketarekin estali beharrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.