Memoria historikoa. Martxoaren 3ko biktimak

«Bide berri bat ireki zaigu»

Duela 39 urte Poliziak hildako bost langileak gogoan, «justizia, egia eta ordaina» eskatu dute Gasteizen.Frankismoko krimenak ikertzeko saioarekin «itxaropentsu» daudela esan dute biktimek

1 JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Borroka eta itxaropena. Biak elkar hartuta joan ziren atzo Martxoaren 3ko gertaeren urtemuga gogoratzeko Gasteizen egindako ekitaldietan. 1976an Poliziak tiroz hildako bost langileen borrokarekiko konpromisoa berritzeko eguna izan zen. Baina baita Maria Servini Argentinako epaileak frankismoko krimenak ikertzeko hasitako bidearekin itxaropena agertzekoa ere.

Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimen eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu zen egun osoz. Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda biktimen omenezko oroitarrian gorazarre egin zien eguerdian EH Bilduk, eta leku berean bildu ziren arratsaldean ehunka lagun ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatutako ekitaldian eta manifestazioan parte hartzeko.

Duela 39 urte hildako bost langileen oroimena presente egon zen egun osoko hitzaldietan, baita oholtza gainean paratutako argazkietan ere. Krabelin gorri banarekin marraztuta ageri ziren haien aurpegiak, eta krabelin gorriak eskuetan izan zituzten omenaldietara joandako askok ere, biktimen sufrimendua gogoan. Gainera, Gasteizko hildakoak ez ezik, 1976ko istiluen ondorioz Basaurin (Bizkaia) eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) egindako protestetan Poliziak hildako beste bi lagun ere gogoan izan zituzten: Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak gonbidatuta, Rodrigoren senide bat izan zen omenaldian.

Joan den urtean Servini epaileak frankismo garaiko hemeretzi agintari eta polizia atxilo hartzeko agindua eman zuenetik «itxaropenerako arrazoiak» dituztela azaldu zuten biktimek. «Bide berri bat ireki zaigu. Espainiaren zigorgabetasun aroa amaitu egin da», adierazi zuen Eva Barroso biktimen elkarteko kideak, arratsaldeko omenaldian. Gogorarazi zuenez, Europako Parlamentura ere joko dute, «Espainiak Europako Giza Eskubideen araudia hausten duela salatzeko».

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek arratsaldean antolatutako ekitaldi jendetsuan hartu zuten hitza biktimen elkartekoek.«Justizia, egia eta aitortza» aldarrikatu eta poliziak hildako bost langileen borrokarekin jarraitzeko deia egin zuen Nerea Martinez de Ociok. «Martxoaren 3ko oroimenari egin diezaiokegun omenaldi ederrena haien borrokarekin jarraitzea da».

Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideei aurreskua eta lore eskaintza eskaini ostean, sindikatuetako ordezkariek gogoratu zuten Gasteizen hildako bost langileek bizia galdu zutela «beren eskubide demokratikoak eta lanekoak» defendatzeagatik, eta haiengandik ikasi dutela eskubideen alde borrokatzea beharrezkoa dela. «Gaur, gizarte eraldaketarako prozesua abiatzea ezinbestekoa da, azken hamarkadetan lapurtu dizkiguten eskubideak berreskuratu ditzagun».

«Herriak ez du barkatuko» oihuak bidea zabaldu zion ondorengo manifestazioari. Langileen borrokaren oroimenean leloa zuen pankartaren atzean, lau sindikatuetako ordezkariak, biktimak, haien senideak eta ehunka lagun batu ziren. Hildako bost langileen argazki handiak erakutsita egin zuten ibilbide osoa.

Ertzaintzak gertutik zaindu zuen manifestazioa, eta hura amaitzean, hainbat istilu izan ziren alde zaharrean. Hainbat lagunek edukiontziak kale erdian gurutzatu eta su eman ostean, ertzainak haien aurka oldartu ziren.

«Araba berria»

Eguerdian, berriz, EH Bilduren aitortza eta esker ona jaso zuten biktimek, Mikel Larrion Gasteizko alkategaiaren ahotik. Hark nabarmendu zuenez, martxoaren3ak esanahi «berezia» du Gasteizen, Araban eta Euskal Herri osoan: «Langileen borrokaren eredu da, baina baita justizia, oroimen, elkartasun eta duintasunaren isla ere». Biktimentzat justizia eta aitortza lortu arte, borrokan jarraitzeko deia egin zuen Larrionek, «Arabak ez duelako ahazten».

1976ko eta egungo egoera politiko eta sozialaren arteko aldeak egonik ere, langileen eskubideen aldeko borrokak behar-beharrezkoa izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen. «Bost hildako eta dozenaka zauritu utzi zizkigun martxoaren 3ak, mina eta haserrea baino gehiago sentitu genuen gasteiztarrok, baina1976ko langileen borrokak balio izan zuen, Araba berria eraikitzeko grina eta adorea piztu baitziren». Duela 39 urteko langileriaren borroka moldea gogoan, gaur egun indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko lanean jarraitzeko deia egin zuen. Haren esanetan, maiatzeko hauteskundeetako erronka nagusia herritarren mesedetan lan egingo duen «Araba berria» eraikitzea izango da.

Bestetik, Amaiurrek martxoaren 3ko biktimen «bazterketaz» galdetu zion atzo Espainiako Gobernuari. Idatziz egindako galderetan, Iker Urbina diputatuak besteak beste, «era baketsuan eliza batean bilduta zeuden langileak tirokatzea bake publikoa» ezartzea ote den galdetu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.