Nazioarteko harremanak. AEB-Errusia bilera

Ekaitza Helsinkitik

Donald Trump AEBetako presidenteak kritika anitz jaso ditu etxean, Errusiako presidentearekin bildu ondoren. Bilera «arrakastatsua» izan da, Putinen arabera

Donald Trump AEBetako presidentea Vladimir Putin Errusiakoak oparitutako baloiarekin, atzo, Helsinkin. ANATOLY MALTSEV / EFE.
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Bilerarik errazena». Halaxe erran zion Donald Trump AEBetako presidenteak Vladimir Putin Errusiakoarekin Helsinkin egitekoa zuenari, Europara abiatu aitzinetik. Aliatuekin zituen bertzeak, NATOrekin eta Erresuma Batuarekin, baina haietan sortutako harrabotsaren aldean, arerioarekin egindakoak lasai itxura eman zuen. Harreman ona irudikatu zuten biek kazetarien aitzinean egindako agerraldian. Estu hartu zituzten galdera anitzetan, bereziki Kremlinek AEBetako hauteskundeetan esku hartu zuelakoan irekita dagoen ikerketaren ingurukoetan, baina bi presidenteek elkarri esku bat bota zioten kazetarien ekinaldiei aurre egiteko. «Hagitz arrakastatsuak eta erabilgarriak izan dira», erran zuen Putinek elkarrizketei buruz. «Gure arteko harremana ez da inoiz izan orain bezain txarra», adierazi zuen, berriz, Trumpek, «baina azken orduetan aldatu egin da». Helburua neurri batean beteta itzuli zen Putin Moskura. Trumpi, ordea, itzulerako hegazkina hartu aitzinetik hasi zitzaion gainera erortzen oposizioaren ekaitza; zaparrada batzuk, gainera, alderditik bertatik.

Ikusmin handia sortu zuen munduko bi potentzia militar nagusietako liderren arteko bilerak. Frantziako eta Kroaziako gizonezkoen futbol selekzioei dominak lepoan zintzilikatu berritan ailegatua zen Putin Helsinkira, eta Errusiak antolatu duen Munduko Kopa saihestu ezinezko erreferentzia izan zen kazetarien aitzinean egin zuten agerraldian. Bukaeran, Putinek Munduko Kopako baloi ofiziala oparitu zion Trumpi. «Orain pilota zure aldean dago», erran zion, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak herenegun erran baitzuen Siriako gerra bukatzeko «pilota Errusiaren aldean» dagoela.

«Baloia miatuko nuke»

«Ni banintz, baloia miatuko nuke entzuketarako aparatuak aurkitzeko, eta ez nuke inoiz utziko Etxe Zurian sartzea», idatzi zuen Twitterren Lindsey Graham senatari errepublikano eta armadako koronel ohiak Putinen opariari buruz. AEBetan berehalakoan piztu zen kritika sailaren lehenbizikotariko txinparta izan zen.

AEBetako eta Errusiako presidenteek azkenekoz 2010ean egin zuten agerraldi bateratu bat. Barack Obama eta Dmitri Medvedev ziren orduan. Putinek 2012an hartu zion lekua Medvedevi, eta 2014an hasi zen ia guztiz hondatzen Moskuren eta Washingtonen arteko harremana, Ukrainako gatazka piztu ondoren. Horregatik, Trumpek borondate oneko helburua paratu zion bilerari, harremanak hobetzea. «Denetarik dugu eztabaidatzeko: merkataritzatik kontu militarretara, misilak, nuklearrak, Txina...», adierazi zuen Putinen aitzinean, elkarri bostekoa eman ondoren.

Bileraren ondotik, bi presidenteak pozik agertu ziren kazetarien aitzinera. Baikor. Galderei erantzuteko txandan, ordea, gai bat nagusi, gehienbat AEBetako kazetarien ahotik: 2016ko presidentetzarako hauteskundeen ikerketa. «Anitzetan errepikatu dudana errepikatu dut: Errusiak ez duela inoiz esku hartu estatubatuarren barne auzietan, eta ez duela inoiz esku hartuko, ezta hauteskundeetan ere», erran zuen Putinek. Robert Mueller fiskal bereziak iaz hasi zuen ikerketa, eta joan den astean Errusiako hamabi herritarren aurkako prozedura kriminala hasi zuen. Hortaz galdetuta, Putinek erantzun zuen bi herrialdeek badutela halako gertakariak ikertzeko «marko bat», 1999an sinatu zuten akordioa, «auzi kriminaletan elkar laguntzeko».

Trumpen «traizioa»

Trumpek erran zuen «eskaintza paregabea» dela bi herrialdeek elkarrekin ikertzea, eta ez duela «arrazoirik» pentsatzeko Putinek gezurra erran diola. AP agentziako kazetariak are gehiago estutu nahi izan zituen bi agintariak, eta Putini galdetu zion ea egia den Kremlinek Trumpi buruzko «material labainkorra» bildu zuela Moskura egin zuen bisita batean. Putinek irri egin zuen galdera aditzean. «Aditu ditut zurrumurruak, bai. Trump bertze negozio gizon bat gehiago zen Mosku bisitatu zuenean. Nola jakin nezakeen hirian zegoela?».

Trumpen aurkako kritika erauntsia berehalakoa izan zen. Kongresista demokratek, Obamaren aroko goi funtzionario anitzek, errepublikano batzuek —John McCainek, adibidez— eta kazetari dezentek sare sozialetara jo zuten berehala, presidenteari leporatzeko Errusiaren aitzinean «ahul» eta «erraneko» jokatu izana. John Brennan CIAko buruzagi ohiak Twitterren idatzitakoa, kritikoen aldartearen lagin: «Traizioa izan da, argi eta garbi. Trumpen komentarioak ergelak dira, eta Trump bera ere Putinen sakelan dago erabat. Errepublikano patriotak: non zaudete?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.