Sudan. Estatu kolpea

Sudanen, militarrek estatu kolpea eman dute, eta gobernua desegin

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean

Estatu kolpea salatzeko eta gobernuari elkartasuna adierazteko atzo Khartumen egindako protestetako bat. MOHAMMED ABU OBAID/ EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Kaleak hartu eta iraultza defendatzeko deia egin zien atzo goizean Sudango lehen ministro Abdalla Hamdokek herritarrei, militarrek hura atzeman eta eraman baino minutu batzuk lehenago. Izan ere, estatuaren kontrola hartu zuen militar talde batek, eta, gobernuburua ez ezik, beste hainbat ministro ere atzeman zituzten kolpea ez babesteagatik: tartean, Industria ministroa eta Khartum hiriburuko gobernadorea. Hasiera batean guztiak etxeko atxiloaldian ezarri zituzten arren, goiz erdian beste toki batera lekualdatu zituzten, non zeuden argitu gabe. Informazio Ministerioak zabaldutako datuen arabera, goizaldean joan ziren militarrak Hamdoken etxera—ordurako, atxilotuak zituzten gobernuko hainbat kide—, eta eskatu zioten plazaratu zezala komunikatu bat estatu kolpea babesteko. Hark, baina, uko egin zion, eta eraman egin zuten.

Militarrek herrialdearen kontrola hartu eta ordu gutxira ordura arte Trantsiziorako Kontseilu Subiranoko buru izandako Abdel Fatah al-Burhan buruzagi militarrak iragarri zuen desegin egingo zituztela trantsizio gobernua eta kontseilu subiranoa. Baina berretsi zuen lanean jarraituko dutela hauteskundeak egin eta boterea gobernu zibil baten esku utzi ahal izateko. Horiek, baina, 2023ko uztailean egingo lirateke, bi urte barru. Aldi berean, iragarri zuen larrialdi egoera ezarri dutela herrialde osoan, «militarrek herrialdea babestu» behar dutelako.

Al-Burhanek «beharrezkotzat» jo zuen estatu kolpea, argudiatuz ordezkari zibilen eta militarren arteko trantsizio gobernuan piztutako krisiek «arriskuan» jarri zituztela bakea eta segurtasuna. Horrez gain, jakinarazi zuen «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela, baita Auzitegi Konstituziogile bat eta Kontseilu Legegile bat ere azaroan. Aldiz, bertan behera geratu da Omar al-Baxir presidente ohiaren aurkako ustelkeria ikerketa.

Gatazka okertu egin zen joan den astean, disidenteen koalizioak deitutako protestekin. Milaka lagunek Khartumgo Justizia Jauregia inguratu zuten hainbat egunez, trantsizio gobernuak dimititzeko eta hauteskundeak egiteko eskatuz. Hala, protestak isiltzeko asmoz, Al-Burhanekin eta AEBetako Afrikarako ordezkari berezi Jeffrey Feltmanekin bildu zen Sudango gobernuburua herenegun, hauteskundeetarako eguna zehazteko asmoz. Hamdokek berak ohartarazia zuen aurretik kolokan egon zitekeela trantsizio gobernua. Aurrez ere estatu kolpe saio bati egin behar izan zion aurre gobernuak, eta, orduz geroztik, gobernuko kide zibilek eta militarrek elkarri egozten zioten krisiaren erantzukizuna.

Sudango komunikabideek zabaldu dutenez, militarrek itxi egin zituzten hiribururako sarrera-irteera guztiak, eta telebista publikoa soilik ereserki nazionala eta Nilo ibaiaren irudiak emititzen aritu zen atzo egun osoan. Lekukoek Reuters agentziari azaldu ziotenez, militarrak ez ezik paramilitarrak ere bazebiltzan Khartumgo kaleetan, eta manifestariak protestara irten ziren hainbat gunetan, bandera nazionalak eskuetan eta gurpilekin errepideak oztopatuz. Khartumgo aireportua ere itxi egin zuten, eta bertan behera utzi zituzten nazioartera hegaldi guztiak. Interneterako sarbidea eta telefono bidezko komunikazioak ere etenda egon ziren atzo.

Bien bitartean, protestak gogortu egin ziren hiriburuan, eta gutxienez 25 lagun artatu behar izan zituzten Khartumgo erietxean zauriengatik —zenbait iturriren arabera, soldaduek tiro egin zieten manifestariei—; hiru hildakoren berri ere eman zuten osasun zerbitzuek. Ospitaleko iturriek salatu zuten militarren tiro hotsak entzun zirela arratsaldean erietxe inguruetan. Sudango Medikuen Batzordeak Facebook sare sozialean argitaratutako informazioaren arabera, milaka lagun elkartu ziren Khartumen lehen ministroari elkartasuna helarazi eta estatu kolpea salatzeko.

Kalera irteteko deia

Orain arte trantsizio gobernuko kide izan den Askatasunaren eta Aldaketaren Aldeko Indarrak koalizioak protestarako deia egin die herritarrei. Estatu kolpearen ondoren oposizioa bilakatu den aliantzak eskatu zien militarrei boterea uzteko, eta hauteskundeetara deitzeko: «Al-Burhan presidenteak trantsizio gobernua osatu aurreko egoerara eraman du herrialdea. Konponezineko akatsa egin du, eta horrek historiaren zabortegira eramango ditu bera eta bere babesleak». Aliantzarekin bat egin zuten hainbat sindikatuk ere, eta greba mugagabera deitu zuten aginte zibila berrezarri artean.

Elkarrizketara itzultzeko deia egin zien Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abul Gheitekbi aldeei, nabarmenduz ez dagoela gatazkarik hitz eginez konpon ezin daitekeenik. «Garrantzitsua da aurrez hartutako erabakioro errespetatzea, trantsizio garaia eta herrialdearen egonkortasuna kolokan jar ditzakeen urratsak egitea baztertuta», esan zuen 22 estatuk osatzen duten erakundeko buruak. Sudango gertakarien inguruko kezka agertu du Afrikako Batasunak ere, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko eskatu die bi aldeei Moussa Faki Mahamat erakundeko idazkari nagusiak.

Bide beretik jo zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak ere, eta Sudanerako ordezkari berezi Volker Perthesek onartezintzat jo zuen militarrek emandako pausoa, eta atxilotutako hautetsiak «berehala» aske uzteko eskatu zien militarrei. Berdin egin zuen erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean: «Konstituzioarekiko errespetuz jokatu behar da horren gogor lan egin ostean lortutako trantsiziorako akordioak beteko badira».

Washingtongo ordezkari bereziak ohartarazi dio Khartumi trantsizio gobernuan indarrez egiten den edozein aldaketak kolokan jar dezakeela AEBek herrialdeari ematen dion laguntza. AEBak dira Sudani laguntza ekonomiko handiena ematen dieten herrialdea —377 milioi dolar iazko urritik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.