Turkia. Gatazka diplomatikoa

Nazioarteko krisia eragin du Erdoganen botere erakustaldiak

Turkiako estatuburuak agindu zuen hamar enbaxadore kanporatzeko, preso dagoen enpresari bat aske uzteko eskatzeagatik. Kavala 2017an espetxeratu zuten, behin-behinean

Behin-behinean preso. Osman Kavalaren senideak, iaz egin zioten auzi saioa ikusten. ERDEM SAHIN / EFE.
Ankara
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Turkiaren eta hamar herrialderen arteko aurrez aurrekoaren arrazoia 2017tik behin-behinean preso dagoen ekintzaile turkiar bat izan da —liskarrean nahastuta egon diren herrialdeen artean daude NATOko hainbat kide; besteak beste, AEBak, Alemania eta Frantzia—.

Krisia duela astebete piztu zen, hamar enbaxadorek manifestu bat sinatu zutenean Osman Kavala ekintzailea aske uzteko eskatuz; enpresaria eta filantropoa da Kavala, eta lau urte daramatza behin-behineko atxiloaldian, protestak finantzatzeaz eta estatu-kolpe saio batean parte hartzeaz akusatuta. Gutunean, diplomazialariek eskatu zioten Turkiari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari kasu egiteko, zeinak Kavala berehala aske uzteko eskatzen duen, ez dagoelako «arrazoizko susmorik» delitua egin duela esateko, eta ondorioztatzen du haren atxiloketa hura «isilarazteko» saio bat dela. «Epaiketa behin eta berriro atzeratzeak, auzi bat baino gehiago elkartzeak eta horietaz absolbitu ondoren beste batzuk sortzeak ilundu egiten dute demokraziari, zuzenbide estatuari eta Turkiako justizia sistemaren gardentasunari zor zaion errespetua», zioen komunikatuak.

Recep Tayyip Erdogan presidenteak atzerriko esku hartzetzat jo zuen komunikatua, eta hamar enbaxadoreak persona non grata izendatzeko agindu zuen; ez da inoiz egin halakorik, eta enbaxadoreak herrialdetik kanporatzea eragingo luke. «Haiek ohartuko dira zer den Turkia; jakingo dute. Turkia ezagutzen eta ulertzen ez duena joan egingo da», adierazi zuen agintariak. Handik egun batzuetara, atzera egin zuen Erdoganek, ziurtatuz herrialde horiek atzera egin dutela «Turkiaren aurkako irainetan», enbaxada horiek argitaratutako komunikatu bati erreferentzia eginez, non ziurtatzen den ez dutela esku hartu Ankararen «barne auzietan».

Ankarako Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako irakasle Ilhan Uzgelek uste du «diplomazia gatazka larria» Erdoganen azpijoko bat izan dela herrialdeko barne arazoak estaltzeko, eta gobernuak ez dituela neurtu etorkizun hurbilean nazioartean eragin ditzakeen arazoak. «Herrialdeko arazo ekonomikoak estaltzeko egin zuen, inkesta guztiek adierazten dutelako nazio mailan babesa galtzen ari dela. Buruzagi turkiar handiaren irudia ahulduz doa», azaldu du. Uzgelek ohartarazi du lehen aldia dela hainbat herrialdek bat egin dutela Turkiako agintarien ekintza bat kritikatzeko, eta etorkizunean antzeko gatazka gehiago ere izango direla. «Erdoganek erakutsi nahi izan zuen gai zela Mendebaldeko potentziei desafio egiteko, baina ez du eraginik izan herrialdean. Arazo ekonomiko eta politikoek berdin diraute», amaitu du.

1.400 egun preso

«Argi dago auzi politiko bat dela. Kavala ikur garrantzitsua da Turkiako gizarte zibilean. Goi klasekoa da, baina beti babestu izan du oposizioa. Erdoganek terrorista deitu zuenean auzi politiko bilakatu zuen», esan du haren kasua defendatzen duten abokatuetako batek. Kavala ez ezik, beste 30 akusatu ere defendatzen ditu abokatu honek; guztiei egozten diete «gobernua erorarazteko ahalegina», 2013an orduan lehen ministro zen Erdoganen gobernuaren aurka eginiko Geziko protestekin lotuta.

Kavalaren aurkako kasuak labirintu kafkar baten antzekoak dira. 2017an behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, lehen aipatutako protestak finantzatzeaz akusatuta, eta, bien bitartean, haren aurkako beste auzi bat zabaldu zuten, 2016ko estatu kolpean parte hartu zuelakoan. 2020ko otsailean, auzitegi batek absolbitu egin zuen kargu horietatik, baina ez zen inoiz espetxetik irten, fiskaltzak haren aurkako beste auzi bat zabaldu zuelako, «espioitzagatik», estatu kolpea helburu zuen matxinadarekin lotuta egotea leporatuta. Epaiketa horri beste akusazio bat gehitu zioten, Geziko protestak baliatuta: haren eta beste 30 lagun ingururen aurkakoa zen, eta gobernua erorarazten saiatzeaz akusatu zituzten.

Erdoganek «terrorista» deitu izan dio behin baino gehiagotan, eta behin eta berriz esan izan du George Soros milioidunaren eta Kavalaren artean harremana dagoela —2018ra arte Turkiako Open Societyko kidea zen Kavala, Sorosek finantzatutako erakundekoa—.

Kavalaren emazteak, Ayse Bugrak, duela gutxi Turkiako T24 telebistari adierazi zion Kavala gobernuarekiko kritikoa izan dela, «instituzioak demokratizatzea helburu duten beste intelektual asko bezala», baina hura ez dela inoiz alderdi politiko bati lotuta egon.

«Egoera hau ezin da azaldu logikarekin edo legeetan oinarrituta», nabarmendu du Bugrak. Gezi kasuko abokatua bat dator Bugrarekin, eta oraindik esan eta esan ari da fiskaltzak ez duela inongo probarik aurkeztu Kavalaren aurkako akusazioak baieztatzeko. «Hala ere, zaila iruditzen zait auzitegiek Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari kasu egitea, orain haren kasua Geziko protestekin lotutako beste akusatuenarekin batera sartu dutelako. Hurrengo auzi saioan—azaroaren amaierarako aurreikusita dago— ikusiko dugu egungo eztabaidak eraginik duen», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.