Ziklo horribilis gisa jo daiteke EAJrena. Ezustean iritsi zen; Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eta Andoni Ortuzarrek EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentetza hartu zutenetik (2012-2013), jeltzaleen bilakaera botoen hazkunde etengabekoa izan da, bozketa edozein izanda ere; Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, udal eta foru bozetan eta Espainiako Gorteetakoetan —salbuespen bakarra 2015ko eta 2016ko bozketak izan ziren—. Olatu hori, ordea, 2020an eten zen; Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, 50.000 boto inguru galdu zituen. Jeltzaleen apaltzea apur bat oharkabean pasatu zen; bozketa COVID-19 izurri betean egina zen, parte hartzea Eusko Legebiltzarrerako bozen inoizko apalena zen... eta, hala ere, EAJk hiru legebiltzarkide irabazi zituen.

Zetorrenaren lehen zantzua zen. Maiatzaren 28an, jeltzaleek 85.000 boto galdu zituzten 2019ko udal eta foru hauteskundeekin alderatuta, eta joan den igandean, Espainiako Gorteetako 2019ko azarokoen aldean, 103.000 gutxiago. Datuak hor daude: hauteskundeak —eta, beraz, botoa emateko logikak— desberdinak izanagatik, zortzi asteko epean maiatzean baino 71.000 boto gutxiago bildu ditu EAJk: erdiak baino gehiago Bizkaian (40.499), 21.099 Gipuzkoan eta 9.841 Araban. Portzentajeei erreparatuta, ordea, hauteskunde batetik besterako beherakada nahikoa simetrikoa da: %26 Araban, %19,9 Bizkaian eta %20 Gipuzkoan.
Beraz, igandeko emaitzek aditzera ematen dute EAJren txakalaldiak ez diola erantzuten hauteskunde bakar bati edo esparru jakin batean eginiko lanari, eta gehiago izan dezakeela ziklo baten agortzetik. Arrautza guztiak Aitor Estebanen saskian jarrita ere —kanpainan 27 elkarrizketa, sei eztabaida, 25 ekitaldi—, alderdiak ezin izan du boto ihesa eten. Asteleheneko erreakzioa deigarria da: EBBk eguerdian bilera egin ondoren ere, alderdia isilik geratu zen; apenas elkarrizketa bakarra, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakariarena Radio Euskadin, goizean. Komunikazio bakarra, gaueko hamarretan, PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijoori atea ixteko.
Orain, galdera da EAJk berak noiz itxiko duen ziklo hori; alegia, Urkulluk noiz deituko duen Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Berez, datorren urteko udan bukatuko da legealdia, baina Urkulluk eta EBBk kalkulua egin beharko dute: legealdia bururaino eramateak jeltzaleei aukera eman diezaieke falta diren legeak onartzeko eta azken bi galera handien ondoren denbora irabazteko, baina horren ifrentzua da zabaldutako zauria ezin ixtea ordura arte. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, Jaurlaritzaren asmoa litzateke bozak ekainaren 9an egitea, Europako Parlamentukoekin bat eginez. Tartean, beste aldagai bat sartuko da Sabin Etxeko kalkuluetan: Espainian noiz eratzen den gobernua, eta, eratzen ez bada, hauteskundeak noiz errepikatuko liratekeen.
Boto duala agerian
Azkenaldiko joerak baikorragoak dira EH Bildurentzat. Hamabi urteko bilakaerak erakusten du indar subiranistaren ahulgune nagusia Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan direla. Amaiurrek 2011n goia jota, EH Bilduk emaitza kaskarragoak izan ditu Espainiako bozetan gainerakoetan baino. 2015eko eta 2019ko bozketak dira horren adibide: 2015ean, maiatzean egin ziren udal eta foru hauteskundeak, eta abenduan Espainiakoak. Batetik bestera, 71.555 boto galdu zituen EH Bilduk —290.597tik 219.042ra—. 2019an, berriz, hilabete baino gutxiagoko epean egin ziren —Espainiakoak apirilaren 28an eta udaletakoak maiatzaren 26an—, eta udal eta foru bozetan aurreko hilean baino 58.055 boto gehiago jaso zituen. Onenak, udaletan; kaskarrenak, Espainiakoetan; eta Eusko Legebiltzarrekoak, bien tartean, ziklo guztietan.
Orain, tarte hori nabarmen txikitu da: maiatzean baino 11.000 boto gutxiago eskuratu ditu —7.290 Bizkaian, 3.803 Araban eta 4.164 Gipuzkoan; Nafarroan, 3.800 boto irabazi ditu—, eta, beraz, erakutsi du Espainiako hauteskundeen testuinguruan ere aukera lehiakorra izan daitekeela.
Bestalde, bada maiatzeko eta uztaileko hauteskundeen arteko alde nagusi bat: PSOEren emaitzak Hego Euskal Herrian. Hazkundea nabarmena da: duela lau urte baino 71.000 boto gehiago, baina, batez ere, duela bi hilabete baino 154.000 gehiago. PSOEk PPren eta Voxen balizko gobernu baten mamua haizatzean oinarritu du kanpaina, eta marko horrek harrera hobea du lurralde jakin batzuetan. Datuek bi abiadurako hazkunde bat marrazten dute: 2019ko boto kopuruarekin alderatuta, Hego Euskal Herrian %22 hazi da PSOE; Balear uharteetan %30, eta Katalunian, %53. Espainiako erkidego gehienetan, aldiz, %8etik behera. Gauza bera gertatzen da joan den igandeko emaitzak maiatzekoekin alderatuz gero; sozialistek hamar probintziatan lortu dute maiatzeko boto kopurua %9 baino gehiago handitzea, eta hamar horietatik zazpi Kataluniako laurak dira eta Euskal Herriko hiru: Araba (%9,3), Bizkaia (%10,5) eta Nafarroa (%11,7) —Gipuzkoan %6,7 hazi da-. Eskuin espainiarzaleari dagokionez ere, emaitzek adierazten dute boto emaileen portaera apur bat aldatzen dela; UPNk eta PPk 240.000 inguru bildu dituzte, Espainiako 2019ko apirileko hauteskundeen ia pare-parean, baina duela bi hilabete udaletan lortutakoak baino 40.000 inguru gehiago.
Nondik begiratzen den, Sumarren emaitzek ere interpretaziorako tarte zabala uzten dute, baina, edozein kasutan, lehia Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izateak mesede egin dio Yolanda Diazen plataformari. Duela bi hilabete, Elkarrekin Podemosek eta Zurekin Nafarroak 89.000 boto lortu zituzten Hego Euskal Herrian; Sumarrek, aldiz, bikoiztu egin ditu (170.595), nahiz eta duela lau urte koalizio moreak jarritako zorutik (292.673) oso urrun geratu.