Urkulluk iragarri du aurrekontu «errealistak eta arduratsuak» izango direla

Eusko Jaurlaritzak %2,25 igo nahi du diru sarrerak bermatzeko errenta. EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin bilerak egin dituzte jadanik

gotzon hermosilla
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak prest du 2019ko aurrekontuen zirriborroa; hasi da horren ildo nagusiak oposizioari aurkezten, eta urriaren 23an Gobernu Batzordeak onartuko ditu. Baina oraindik zailena falta da: oposizioko alderdiekin negoziatzea, eta, beharrezkoa balitz, egitasmoan aldaketak egitea aurrekontuen onartzea ziurtatze aldera. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan ildo nagusi horietako batzuk aurreratu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, eta iragarri du aurrekontuak «errealistak eta arduratsuak» izango direla.

Gehiago ere esan du Urkulluk. 7.000 milioi euro «gastu sozialerako» bideratu nahi ditu Jaurlaritzak, funtzionarioei soldata %2,25 igo nahi diete, eta, aurreko urtean bezala, igoera berdina ezarri nahi diote DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari, hots, %2,25. «Murrizketarik» ez dela egongo agindu du lehendakariak.

Urkulluk «ardura» eskatu die oposizioko alderdiei, eta gogorarazi die aurrekontuen inguruan adostasunik egongo ez balitz eta egitasmoa atzera botako balute aurtengo aurrekontuak luzatu beharko lituzketela eta inbertsioetan egin nahi duten %7ko hazkundea ezerezean geldituko litzatekeela.

Jaurlaritzaren Ogasun Sailak bilerak egin ditu EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin ildo nagusiak aurkezteko. PPrekin, berriz, telefono bidezko kontaktu bat izan dute, eta espero dute datorren astean bilera egitea.

Elkarrekin Podemos, prest

Joan den asteazkenean hitzaldia egin zuen Urkulluk Bilbon, Nueva Economia foroan, eta han galdetu zioten ea nahiago zuen aurrekontuak EH Bilduren babesarekin edo PPrenarekin aurrera ateratzea. «Edo Elkarrekin Podemosenarekin», erantzun zuen Urkulluk. Barreak entzun ziren aretoan; EAJren eta Elkarrekin Podemosen arteko desberdintasunak ezagututa, bromatzat hartu zuten askok lehendakariaren ateraldia.

Baina Elkarrekin Podemosek legebiltzarrean egindako eskaintzak erakusten du Urkullu ez zegoela oker, eta beharbada bazuela koalizioaren asmoen berri hitzaldia egin zuenean. Izan ere, Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek «borondatea» agertu du aurrekontuen inguruko negoziazioei ekiteko —aurreko urteetan, hasiera-hasieratik baztertu zuten ideia hori— eta eskaintza zehatza ere egin dute: «Madrilen Unidos Podemosek Pedro Sanchezen gobernuari eskainitako negoziazio esparruaren antzekoa» eskaini diote Urkulluren gobernuari ere.

Baldintzak jarri dizkiote: haien aburuz, Jaurlaritzak «bira» egin beharko luke politika ekonomikoetan, eta «gastu soziala» handitu. «PP eta EH Bildu ez bezala», prest daude aurrekontuen negoziazioa autogobernuari buruzko eztabaidarekin ez nahasteko. Urkulluk erantzun die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gastu soziala «Podemosek kudeatutako edozein erkidegorena baino handiagoa» dela.

LABen ustez, DSBEa %2,25 igotzea «murrizketak betikotzea» da, igoera horrek ez duelako berdintzen azken urteotan izandako beherakada —LABen datuen arabera, %13,5 2008ko legearen hasierako aurreikuspenetatik— eta igoera eginda ere zenbatekoa «pobreziaren mugatik behera» dagoelako.

«Egiturazko arazoa»

EH Bilduren ustez, Jaurlaritzari oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenen arazoa ez da gobernu baten edo bestearen afera, «egiturazko arazoa» baizik. Koalizioaren ustez, Madrilen ez dago eskumenak eskualdatzeko borondaterik, «gobernuan PP zein PSOE egon», eta, gainera, Jaurlaritza «menpekotasun egoeran» dago, ezin duelako behartu Espainiako Gobernua Eskumenen Bitariko Batzordea biltzera. «Gainditu beharreko egoera» deritzo EH Bilduk horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.