IRITZIA

Bizi dugun garai hau

Irati Majuelo.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bizi dugun garai hau neurtzeko balio dezake arteak, zenbaitetan. Ez soilik unean uneko aktualitateaz oinak freskatzeko, baizik eta garaiaren barne korronteak sumatzeko: nondik hitz egiten dugun, nori begiratzen, zein diskurtsok mugiarazten gaituzten, zerk hunkitzen. Zeri txalo jo, epel, zerekin esku-zartak berotu. Finalak eman zuen horren laginik, gure komunitate txiki honen zantzu batzuk utzi zituen airean kantuak. Ez herri batenak, ez nahastu, baizik eta gureak, euskaradun, zuri, euskal kultura jasotakoenak.

Gutasun horri forma ematen eta munduarekin duen harremana biluzten maisu aritu zen Lujanbio. Garaia usaindu zuen, eta hari kantatu: desesperantzaren kontra. Hiru bakarkako lanetan diskurtsiboki zorrotz, ofizioetan amaierako arrazoiketa potoloen beharrik gabe, hitzak mezuak helarazteko bide ugari dituela jakitun. Urteak daramatza ildo bat marrazten, komunitate honen argi-ilunak, egunerokotasunaren ertzak, ideia handien arrakalak apropos agertzen. Hari horri heldu diote beste bertsolari batzuek ere, hala nola Colinak anti-heroiak azalaraziz, Martinek xehetasunean arreta jarriz.

Hala ere, egon zen epikarako tarterik, eta gogoz txalotu zen. Esango nuke, igandean publikoak, gu garen komunitate horrek, heroiak eskatu zituela maiz, iraganera itzuli nahia, baina gero eskertu zuela oinak lurrean jarrarazten dizkizun durduza, deserosotasuna, begiak irekitze hori. Akaso izan nahi genukeena eta garena ez datoz bat garai honetan.

Nabarmendu nahi nuke, aurretik eta berriki, oholtzaratu diren gazteen ekarpena. Gaztelumendik belaunaldi-argazki bikaina egin zuen nerabezaroko egunerokoaren aitzakian. Ibarzabalen autoko irribarre konplizeek serie batean filmatzea merezi dute; zer edertasun sortu duen gidoigintzaren baliabideak bertsotara ekarriz. Illarregiren hamarreko txikiko posizionatze kontzienteak zaplaztekoa eman zigun euskaldun orori, eta gaian kokatzeak dakarren aukeren atea apur bat gehiago irekiarazi bertsogintzari. Pena izan zen amaierako puntuazioetan belaunaldi arrakala mantendu izana.

Dena dela, puntuak puntu, ederra izan zen plaza, intentsitate artistiko eta emozional altuko bertso saioa, euskal komunitatean luzerako dardarak eragiteko gai, Iruñea epizentro. Zer den lau urtean behingo ariketa zoro hau, elkartzeak eta elkar entzuteak dakarren poz bulkada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.