Francisca Fernandez Guillen. Abokatua

«Epaileek ez diete legea aplikatu andreei»

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Erditzean indarkeria obstetrikoa jasan zuten lau emakumeren kasuak —tartean, bi euskal herritar— NBE Nazio Batuen Erakundera eraman ditu Francisca Fernandez Guillen abokatuak. Bortizkeria matxistaren molde bat dela nabarmendu du: «Gizon bati ez liokete egingo ondeste ukipen bat baimenik gabe, baina emakumeekin egunero gertatzen da».

Zer salatu duzue NBEn?

Kasu guztietan egon da botere gehiegikeria bat: emakumeak eta haien erabakimena gutxietsi dituzte, interbentzioak egin dizkietelako haien baimenik gabe. Jardunak askotarikoak dira: bagina moztea, zesarea bat egitea erditzeko gela okupatuta zegoelako, umeak eramatea justifikaziorik gabe, forceps-a erabiltzea anestesiarik gabe... Osasunaren Mundu Erakundeak txosten bat dauka egina erditzeetako abusu eta tratu txarrei buruz; mediku batzuek oraindik ere ukatzen dute indarkeria obstetrikoa badagoela, baina OMEk berak onartu du baietz.

Zer ondorio izan du indarkeria horrek emakumeengan?

Ondorio fisikoak eta psikikoak eragin dizkie, eta, gainera, epaitegietan berriro gertatzen da bortizkeria hori. Andreetako bati episiotomiak baginitisa eragin zion, eta horrek sexu harremanak izatea eragotzi zion bi urtez. Epaileak ez zuen zirkinik ere egin perituak hori kontatu zionean, baina andrearen senarrak berretsi zuenean bai, larritu egin zen; epaian ere hala adierazi zuen: kontrako ondorioetan, gizona sexurik gabe egotea baino ez zuen aipatu.

Zer ibilbide izan dute kasuek auzitegietan?

Ustez ikertu egin dira laurak, baina ez dituzte aintzat hartu auzi eskeak. Andreek aurkeztutako frogak eta peritu txostenak ez dituzte kontuan hartu. Epaileek ez diete legea aplikatu emakumeei, ez dietelako jaramonik egin pertsona bati ebakuntza bat bere baimenik gabe egitea eragozten duten arauei.

Zer neurritan da ohikoa indarkeria obstetrikoa?

Estatistiketan ez dira ageri irainak, edo esatea ama txarrak izango direla ez dakitelako bultzatzen, edo umea hilko dela, eta halakoak; edo andreak engainatzea esanez zesarea bat egingo dietela pelbis estua dutelako, baina egiazko arrazoia izatea ginekologoek ez dutela nahi erditzerik ostiral arratsaldeetan.

Edonola ere, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, erditzeen %47an episiotomia egiten da, eta Suedian ez zaie emakumeen %6ri ere egiten; horrek adierazten du hemen errutinaz egiten direla. Zer gertatzen ari da episiotomia indizea eskandaluzkoa dela adierazi eta 40 urtera antzera jarraitzeko, froga zientifikoek dioten arren ez dela gomendagarria kalte ugari eragiten dituelako? Datuen atzean jardun bortitz bat dago; badaude negligentziak eta ezjakintasuna, baina indarkeriaz ari naizenean, engainuaz, koakzioaz eta tratu txarraz ari naiz.

Osakidetzak urratsak egin ditu erditzeak humanizatzeko. Zer emaitza dute?

Denetarik dago, baina erditzeetako estrategia aldatzeak ez du esan nahi bainuontzi bat jartzea, baizik eta ulertzea sistema patriarkalak nola kentzen dien erabakitzeko gaitasuna emakumeei; oraindik ume txikiak eta tuntunak balira bezala tratatzen dituzte sarri. Hori da aldatzen zailena, eta ez da ezer egin emakumeekiko harremana moldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.