Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Bizitza erdigune

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Emozionalki nahasia egon naizen uneak asko izan dira azken hilabeteotan. Nahi baino gehiagotan haserre egon naiz: esaterako, osasun profesionalengan ematen den tratuarengatik. Ogibide batzuetan PCR probak maiz egin eta langileak material egokiz hornitzen diren bitartean, egoera ez da berdina osasun profesionalengan.

Goibel ere egon naiz. Egia esan, aspaldian ezkutu-gordeka dabilen alaitasunaren bila nabil. Nire ingurukoekin nahi bezala ezin egoteagatik, babes neurriek dakartzaten debeku guztiengatik, ofizio jakin batzuen praktikarako ezintasunagatik, sufrimendu kolektiboarengatik.

Minduta ere sentitu naizela aitortu behar dut: ingurukoen eta neure buruaren osasuna zaintzeagatik hartu ditudan neurriekin, histerikoa eta eroa sentitzera eraman naute hainbat erantzun eta jarrerek.

Baina tristuraren zama bizkar gainetik kitatzea nahi baino zailagoa bilakatzen ari den garaiotan, haserreak mihiaren eta behatz erakuslearen puntak zorrozten dabiltzan honetan, inoiz baino gehiago, optimismo beharrean sentitzen naizela onartu beharra daukat. Eta, aizue, bila hasi naizen honetan, uste baino gehiago topatu dut.

Esker oneko hitz jarioa jasotzen dugu egunero gaixoen aldetik: «Zaindu zaitezte, mesedez; bestela, nork sendatuko gaitu gu?». Kimioterapia jarri berri diodan gaixoaren musukoaren atzean gordetzen den irribarreaz hitz egiten didate begi ondoko zimurrek. Senidea ospitalera lagundu eta tratamendua jaso bitartean, jende pilaketak ekidite aldera, ospitale kanpoan itxaroten duen pertsona. Esker ona izkina guztietan.

Eskerrak eguneroko jardunean horren balio handiko profesionalak ditudan. Lan egoera estresagarri eta zoro honetan indarra edonondik atera dezakete; elkar zaintza dute erdigune, eta, lan kargarekin batera, haien profesionaltasuna handituz doa.

Eskerrak osasun arretako maila desberdinetan erizaintzako ikasleak ditugun. Beti laguntzeko prest. Pandemia egoeran bizi garela ulertzen dute, berebiziko kontzientziaz jokatzen dute, gure ezinegonak ulertzen dituzte, eta lanari bikain ekiten diote.

Eskerrak altzoan ditudan senideei, lagunei eta nire bidelagunari; oasia baretzen didate egunero. Sistema guztiak hankaz gora daudela ikusita etsitzen naizenean, bizitzaren onena ikusten laguntzen didate.

Eta eskerrak kaleetan dugun ongizate kolektiboaren kontzientziari, elkar zaintzari eta ondokoarekiko ardurari.

Gaurkoan esker onez bete nahi ditut hitzak, barruko ezinegonak irauli. Berandu baino lehen elkar besarkatuko dugulako, berandu baino lehen irribarreak ikustea errealitate bihurtuko delako. Mesedez, kendu ditzagun ezinegonak eta zaindu dezagun elkar. Mikel Laboak esango lukeen moduan: «Ustelak lurpera, bizitza da handiena, galtzea litzateke galtzea dena».

Eutsi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.