Petronorrek hiru hilabete aurreratu du erregulazioaren amaiera

jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Petronorren urriaren 1ean itzuliko dira behargin guztiak lanera. Muskizko (Bizkaia) findegiaren jardueraren %40 geldirik egon da azkenengo hamalau hilabeteetan, enpresak argudiatu duenez, pandemia dela-eta eskari nahikorik ez delako egon. Hori dela eta, aurtengo maiatzean 364 langilerentzako erregulazioa aurkeztu zuen, lantalde osoaren heren batentzako. Hasierako asmoa zen neurria indarrean mantentzea aurtengo abenduaren 31ra arte, baina enpresak hiru hilabetez aurreratu du itzulera, azken hilabeteetan eskaria nabarmen handitu delako.

Erregulazioak hamasei langileri eragiten die lanaldi osoan, eta gainerako 348ek lanaldi murriztuak dituzte. Behargin horiek pixkanaka sartuko dira datozen asteetan, «ekoizpen beharren arabera».

Enpresak langile batzordearekin adostu gabe erabaki zuen enplegua aldi baterako murriztea. Maiatzetik mobilizazio ugari egin dituzte langileek, lanuzteak barne. Udan protestekin jarraitzeko asmoa agertu zuten. Salatu dute enpresak emandako arrazoiak ez direla benetakoak eta erregulazioa ezarri zenetik lanean jarraitu dutenek lan karga handiak izan dituztela. Horrekin batera, salatu dute enpresak ez dituela lan hitzarmenean jasotako hainbat konpromiso bete, langileen formakuntzari dagozkionak, bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.