Albistea entzun

Tubacexen ez dute akordiorik lortu, eta baliteke 136 langile kaleratzea

Zuzendaritzak hamabost egun ditu orain enplegu erregulazioa osorik egingo duen erabakitzeko. Langile batzordeak adierazi du grebari eutsiko diola eta auzitara joko duela kaleratzeak salatzeko
Tubacexeko langile ugari Bilboko hotelaren atarian izan ziren protestan, bilerak iraun zuen bitartean.
Tubacexeko langile ugari Bilboko hotelaren atarian izan ziren protestan, bilerak iraun zuen bitartean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko martxoak 11

Tubacexen enplegu erregulazio txostena adosteko negoziazioak ez du fruiturik eman; ez dute akordiorik lortu zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko azken bileran. Azken ordura arte egon dira mahaiaren bueltan bi aldeak, baina, jarrerak urrun zeudela berretsi ondoren, amaitutzat eman dute negoziazioa. Gauzak horrela, enpresari dagokio orain lan erregulazioa osorik egingo duen edo ez erabakitzea. Hasieran, 150 behargin kaleratzeko asmoa azaldu zuen, baina 136ra murriztu zuen aurreko astean. Langile batzordeak dagoeneko aurreratu du, ordea, neurria epaitegietara eramango duela eta grebari eutsiko diotela.

Kolpe handia izan daiteke Aiaraldea eskualdearentzat. Ia 800 behargin ditu enpresak Amurrioko eta Laudioko plantetan, TTIn eta Aceralavan, eta lantaldearen ia %20k gal dezake lanpostua enpresak esandakoa betetzen badu. Horiei gehitu behar zaizkie, gainera, azken hilabeteetan kontratua berritu ez dieten behin-behineko langileak eta aldi baterako erregulazioan jarri nahi dituzten gainerako beharginak.

Langileen ordezkariek esana zuten ez zutela kaleratze bakar bat ere onartuko, eta erabaki horri eutsi diote bukaerara arte. Izan ere, batzordeak «aho batez» erabaki du zuzendaritzaren azken proposamenari uko egitea. Eduardo Ibernia batzordeko presidenteak (ELA) sarean eskegitako bideo batean azaldu duenez, borondatezko kaleratzeen baldintzak «zertxobait hobetzea» proposatu diete, baina batzordeak hasierako «konpromisoari» eustea hobetsi du. Ibarniak aurreratu du greban jarraituko dutela: «Etapa bat amaitu da, baina borrokan jarraituko dugu kaleratze bakar bat ere egon ez dadin». Eskerrak eman dizkie azken egunetan babesa eta elkartasuna adierazi dieten guztiei.

Bilera, Bilbon

Langileek otsailaren 15ean hasi zuten greba mugagabea, eta, harrezkero, egunero aritu dira beren lanpostuaren alde protestan, enpresaren atarian. Atzo ere hala egin zuten, eta zuzendaritzako kideei enpresarako sarrera oztopatu zieten. Hori horrela, negoziazioen azken bilera Bilbora lekualdatzea erabaki zuten enpresako arduradunek. Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusiko NH hotelean egin zuten, kanpoan protesta egiten ari ziren langileen zaratarekin. Hasiera ordua atzeratu bazen ere, bilerak ez zuen asko iraun, eta berehala jo zuten bukatutzat negoziazioa.

Enpresak orain hamabost egun ditu kaleratzeen berri emateko. Esandakoa betetzen badu, 136 langile kaleratuko ditu denera. Sindikatuen arabera, halere, hamabi langilek hartu dute erretiro aurreratua, eta beste hamabik onartu dute lana borondatez uzteko eskaintza; LABen arabera, ordea, zuzendaritzak atzera bota ditu horietako biren eskaerak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ibaizabalen ertz bietan Bizkaiaren iragan industrialarekin lotutako garabi ugari daude. Parez pare daude Navalenak eta Muruetarenak: geldirik lehenak eta lanean bigarrenak. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

EGUNSENTI BERRI BAT EUSKAL ONTZIOLETAN

Jokin Sagarzazu

Naval behin betiko itxi duten arren, Euskal Herriko ontzigintza indartsu dago gaur egun, eta geratzen diren hiru ontziolek gainezka dute lan zorroa. Hala ere, sektorearen tamaina ez da duela 40 urte bezalakoa, eta beste era bateko lanak egiten dituzte.
Alemaniako Papenburgo hiriko Meyer ontzioletan egindako gurutzontzi turistiko bat. ©DAVID HECKER / EFE

Itsasoko Airbusaren porrota

Jokin Sagarzazu

Asiako erraldoiek kontrolatzen dute ontzigintzaren sektorea, eta Europan ez dute modurik aurkitzen horri aurre egiteko. Konpainia handien bat egiteek ere ez dute arrakastarik izan.

 ©SPRI

«Gure ontziolek beti egin dituzte ontziak armadorearen neurrira»

Xabier Martin

Pandemiaren krisian ere tinko irauten ari dira euskal ontziolak, Itsas Foroko buruak dioenez. Navalen adjudikazioarekin haserre dago Lopez de La Calle, eta horren zergatia esplikatu du.
Ezkerraldearen zain irekiak

Ezkerraldearen zain irekiak

Jokin Sagarzazu

Sestaoko Navalen likidazioarekin batera, amaiera puntua jarri zaio 40 urte iraun duen birmoldaketa industrialari. Bizkaiko ontziola handiek frankismoan bizi izan zuten urrezko aroa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.