Kataluniako hauteskundeak. IRITZIA

Prozesu setatia

Ferran Casas i Manresa
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Prozesuaren blokeoak ez dio kalterik egin independentismoari parlamenturako hauteskundeetan. Ez ditu ordaindu behar izan pandemiaren kudeaketan izandako gabeziak gabezia negargarriak inondik ere osasun publikorako eta ekonomiarako, ohikoak izanagatik gure inguruko gobernuetan. Prozesuaren urteetan tentsio handia izan da, eta Estatuak 155.a ezarri zuenetik erabilitako errepresioa ez da arindu, presoak eta erbesteratuak baitira horren erakusgarri: hori guztia dela eta, bloke dinamika bat ezarri da Katalunian, eta, ondorioz, gobernuko alderdiek errazago dute kontuak ematea.

Batetik besterako aldaketak oso gutxi izan dira, eta blokeen barruan gertatu dira. Bloke unionistan, Ciudadanosek eta PPk osatutako fronte intrantsigenteari beste bazkide bat gehitu zaio Voxeko ultrak, baina eserlekuen erdiak galdu dituzte: 40 zituzten lehen, eta 20 dituzte orain. PSC da orain espainolismoaren buru: hitz egin, bai, baina ezer aldatu ez dadin. Ez, behintzat, orain edo laster. Independentismoari dagokionez, atzoko edizioan nire kide Gerard Prunak azaldu zuen bezala, aurrerantzean ERCk gidatuko du ontzia. Eta ezkerrera begira prestatu beharko du irtenbidea, eta elkarrekin hitz egiteko modua emanez: Juntsi gailendu egin zaio, eta CUP, dezente hobetu dituenez emaitzak, erabakigarria izan da independentisten blokea indartzeko bai eserlekuetan eta bai ehunekoetan.

Independentismoak badu %51ren babesa, baina 2017ko urriaren 27an independentzia deklaratu baina ez ezartzea eragin zuten baldintza objektiboak ez dira hobetu. Eta, ikusita zenbat gauza gertatu diren geroztik, eta zer ikasi dugun hiru urtean, zentzuzkoa litzateke pentsatzea okertu ere egin direla. Beraz, zertarako balio du %50 gainditzeak? Espainiako Gobernuaren ikuspuntutik, bistan denez, ezertarako ez.

Moncloako eta Kongresuko egungo egoera ezin aproposagoa da independentismoarentzat. PSOE eta Podemos daude agintean, eta osoko bilkura bakoitzean beharrezkoak dituzte nazionalista katalan eta euskaldunen botoak. Baina ez da nahikoa aurrera atera daitezen autodeterminazioa aitortzea Katalunia subjektu politiko bat dela eta estatuaren plurinazionalitateak, denon ahotan dabilen horrek, ondorio juridikoak izan behar dituelaeta amnistiaren aldeko eskaerak, Kataluniako gizartean adostasun zabala badute ere. %50 gainditzeak ondorioak izan ditzake Katalunian eta Kataluniatik kanpo. Barruan, independentismoa aukera gero eta legitimoagoa da, eta horrela errazagoa izango da nazioarteko eragileei ulertaraztea. Hauteskundeetan erdia gehi bat lortu dutela erraza da ulertzen.

Kataluniako errepublika bat sortzeko aukerak ez du babesik galdu, baina beharrezkoa du estrategia berraztertzea. Azken urteetan barne zatiketa izan da nagusi, eta baita desadostasunak ere: nola aurre egin errepresioari, nola heldu Espainiako Gobernuarekiko harremanei, eta martxan jarri edo ez jarri aldebakarreko bideak, zeinak Estatuak blokeatu egiten baititu, bere legeekin bat ez datozen mekanismoak erabilita batzuetan. Aurrera egiteko, beharrezkoa da independentistak ados jartzea beste oinarri batzuen inguruan, eta konplizitatea sortzea oraindik zalantzan daudenen artean. Bidea ez da laburra izango, ezta erraza ere; dena hutsa eta putza omen zen, baina frankismoko lehorteak bezainbeste irauten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.