Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu du, eta ekintzak eskatu

Madrilen egingo den COP25 bileraren atarian onartu dute adierazpena. Kontserbadoreek aurka bozkatu dute

Ikasleek klima larrialdiaren aurka egindako protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunean klima larrialdia adierazteko ebazpena onartu du Europako Legebiltzarrak, Madrilen egingo den COP25 klima larrialdiaren aurkako goi bileraren atarian; abenduaren 2tik 13ra egingo dute. Guztira, 429 boto izan dira aldekoak, eta 225 kontrakoak. 19, berriz, abstenitu egin dira. Alderdi kontserbadoreek ezezkoa bozkatu dute. Hala, ECR Europako Kontserbadore eta Erreformisten taldeak esan du klima aldaketa «asmakizun» bat dela. Ebazpena neurri sinbolikoa izango da.

Arazoari aurre egiteko eta hura geldiarazteko «ekintza zehatzak egiteko» eskatu die Europako Legebiltzarrak Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei, «berandu izan baino lehen». Horrez gain, abenduaren 1ean lanari ekingo dion Europako Batzorde berria estutu du, ingurumenean eragina izango duten lege eta aurrekontu proposamen esanguratsuak ebaluatzeko.

Halaber, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari eskatu dio bere legegintzaldian klima aldaketaren aurkako borroka lehentasunezkoa izan dadila: «Proposamen guztiak lerrokatuta egotea ziurtatu behar du, berotze globala 1,5 graduko hazkuntzara mugatzeko».

Berdeak alderdi ekologistak ere testua babestu du, asmo handiagoko konpromisoak hartu nahi zituen arren. «Erne» egongo direla esan dute, ebazpena «sinbolo huts» ez izateko. «Gure politiketan funtsezko aldaketarik ez badago, mende amaierarako tenperatura ia lau gradu igoko da», ohartarazi du Karima Delli eurolegebiltzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.