Neus Tomas.
IRITZIA

Eta orain zer?

2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Badago galdera bat Kataluniako politika aztertzen duten analista guztien eskuliburuan ageri dena: «Eta orain zer?». Ez da galdera berria: hauteskundeak egiten diren aldiro agertzen da gutxienez hemen ohituta gaude legealdiak bukatu aurretik bozak egitera; maiz, zalantzak gehiago izaten dira kontu seguruak baino, eta hainbestean konformatu behar. Orain ere halaxe. Otsailaren 14ko emaitzek begi bistako gauza batzuk berretsi dituzte, joera batzuk aldatu, eta beldurrik okerrena egiaztatu.

Begi bistako lehen gauza, hauxe: independentismoak irabazi du, baina bere buruari galdetu behar dio zergatik geratu diren etxean bere boto emaile asko. Ez dira, noski, abstenitu diren bakarrak, baina horiek ere abstenitu dira. Barne borrokez asperturik, pandemiaren kudeaketaz gogaiturik edo halako egoera batean bozkatzeko beldurrez: bakoitzak jakingo du zergatik ez duen botorik eman, baina bloke horretako alderdiek oso aintzat hartu behar lukete. ERC nagusitu da, baina Juntsi atera dion aldea ez da aski bere blokeko erreferente bilakatzeko. Oraindik oso hurbil dute berdinketa. CUP, berriz, epaile deserosoaren tokian dago berriz, baina ezinbestekoa da. Negoziazioen dantza hasia da, eta, nahiz eta Aragonesek nahiago lukeen Borrasekin ez gobernatu, hauteskundeen emaitzek ez diote aukera handirik uzten. Bi alderdi horien esku dago hanka sartzeak zuzentzea eta liskarrak alde batera uztea. Ez da erraza izango.

PSCk erakutsi du Illa efektua egon bazegoela, lehenbizikoa izan baita botoetan, eta ERCrekin berdinduta baitago eserlekuetan; hori ez zuen amestu ere egingo Miquel Icetak, baina, era berean, argi geratu da marketin taktika hutsa dela esatea hautagai sozialista presidente izan daitekeela esan eta esan ari dira oraindik ere. Sozialistek botoak berreskuratu dituzte urteetan ia desagerturik egon diren udalerri batzuetan, baina oraindik ez dute argitu, hitz politen gainetik, zer proposatzen duten gatazka politikoa konpontzeko.

Beldurrik okerrena egiaztatuta, eskuin muturra Kataluniako Parlamentuan sartu da. Datu bat: Vox da boto gehien duen alderdia katalanik aberatsenek osatzen duten %1en artean, eta katalanik pobreenek osatzen duten %1en artean. Masa turismoaren zero gunean izan ditu emaitzarik onenak; besteak beste, Lloreten eta Salou, non Caritasek lehen halako bi lagundu behar duen orain. Lehen, Ciutadansen laranja agertzen zen hango mapan, eta orain, eskuin muturraren berdea. Beraz, nahiz eta Madrilen denak Casadori begira dauden, Arrimadasi kendutakoak dira Abascalen hautesle gehienak, PPk hutsa baino hutsagoa baitzuen Kataluniako zakua. Ciutadansek ereindako giro garratzari esker jaso du Voxek uzta orain, Ciutadansek berak milioi bat boto galduta. Hauteskundeetan ezin izan da Vox geldiarazi, eta orain parlamentuan egin beharko zaio gogor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.