Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Xi Jinpingen bide luzea

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Xi Jinpingek aspalditik prestatu du momentu hau. Gutxi falta da. Urriaren 16an hasiko da Pekinen Alderdi Komunistaren 20. Kongresua. Letra handiekin, noski, hemen Alderdiaren bilkurak Txinan gertatzen den guztiaren ardatz bezala tratatzen dira eta. Bilkura bat gerturatzen ari denean, Pekindik kanpora bidaiatzeko kontrolak zorroztu egiten dituzte, Interneten libre ibiltzeko behar ditugun VPNak gaizki funtzionatzen hasten dira, eta komunikabideetan normalean baino gogorragoa egiten da ohiko propaganda bonbardaketa.

Gainera, 20. Kongresu hau berezia izango da. Bost urtean behin izaten den kongresu nazional honetan hurrengo urteetako plangintza ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta ekologikoa definitzeaz gain, lider nagusiak hautatzen dira: Politburoa, Komite Egonkorra eta Alderdiaren ordezkari nagusia. Xik dagoeneko bi agintaldi egin ditu, hamar urte; eta hori zen muga duela gutxi arte. Hala ere, argi dago Xi ez dela orain erretiratuko, eta 20. Kongresu honetan ziurrenik iragarriko dute bere agintaldia beste bost urtez luzatuko dela.

Pixkanaka prestatuduen bidea

Urrian mundu osoak izango du ahoan Xi boterean geratuko dela. Komunikabideetan bere profilakidatziko dira, eta batzuek sorpresaz hartuko dute berria, baina Xik hau aspaldi-aspalditik prestatu du.

Hasteko, azken urteotan pixkanaka Alderdiaren barnean zituen etsaiez libratu da, batez ere ustelkeriaren aurkako borroka arma nagusi bezala erabiliz. Eta duela lau urte izan zen bilkura parlamentario nagusian konstituzioa aldatu eta presidentearentzat bi agintaldiko muga indargabetu zuten. Ondoren beste pauso sinboliko asko eman dira: duela urtebete, alderdi komunistaren 400 kide nagusiak bildu zirenean, Xi Alderdiaren oinarri nagusitzat definitzen zuen erresoluzioa onartu zuten: Xiri esker Txinak azken urteotan erabateko eraldaketa egin duela eta sozialismo modernoa eraiki duela azpimarratuz. Horrela, Txinaren bi helburu nagusien —Txina 2035. urterako herrialde «moderno eta sozialista» izatea, eta 2049. urterako «potentzia indartsu eta arrakastatsua»— ardatza Xi dela argi utziz, hurrengo urteetan helburu horiek lortzeko lasterketa bera gabe egitearen ideia zentzugabe bihurtu zuten.

Txinako Alderdi Komunista hitz berriak sortzen hasten denean zerbait handia prestatzen ari den seinale izaten da. Azken urteotan gero eta gehiago entzun dugun terminoa da: «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoa» edo «sozialismo modernoa». Mendebaldeko demokraziek beren paternalismo horrekin Txinari kritikak egitean erantzuna beti izaten da antzekoa: «Txinan ez luke demokraziak emaitza onik izango, hemen gure sistema propioa dugu, gure sozialismo propioa». Eta termino hori gero eta gehiago errepikatuz, nolabait, guztia azaltzeko gaitasuna lortu du.

Hurrengo pauso batean «Xi Jinping» eta «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoa» gero eta gehiago elkarren ondoan agertzen hasi dira, pixkanaka gizarteak bi terminoak elkarrekin pentsatzeraino iritsi arte. Eta, guztia borobiltzeko, azken pauso batean alderdiak sozialismo berezi hori Xik sortu duela iragarri du ebazpenarekin. Horrek itxura sinbolikoa duen arren, Alderdiaren istorioan beste bitan bakarrik aurkeztu dute horrelako erresoluzio bat: lehenik Mao Zedongekin, eta bigarrenik Deng Xiaoping, Txinaren irekieraren liderrarekin. Orain, hirugarrena Xi izanik, Txinak izan dituen lider nagusien parean jarri dute.

Dengek beste Mao bat sortzearen arriskua eragozteko ezarri zuen agintaldien muga, ba orain muga hori kendu eta atzerapausoa emango da agintzeko estiloan, Maorengana zertxobait gehiago gerturatuz.

Diktadura jasan zuena, diktadorearen antza hartzen?

Duela 50 urte Xik sufritu zuen Maoren Iraultza Kulturala. Haren aita iraultza komunistaren liderretako bat izan zenez, haurtzaro pribilegiatua izan zuen Xik, baina 60ko hamarkadan Mao paranoikoago batek alderdiaren liderren aurka jo zuenean haren aita kartzelatu eta Xi gaztea landa eremuan kobazulo batean bizitzen hasi zen, bost urte baino gehiagoz luzatu zen etapan. Boterearekiko gorrotoa areagotu ez, eta kontrakoa, urte horietan Xik Txinan sozialismo berri bat eraikitzeko ametsa bereganatu zuen.

Orain, kongresuaren inguruan idatzitakoa bilatzen hasi eta segituan agertzen da Maoren izena, oso konparazio errepikatua bihurtu da: kongresuan boterean geratuko dela iragarriz, Xi Mao bezain boteretsu izatera iritsiko dela esaten dute.

Konparazio hau sinplea da, agian Xik ere ez du gustuko, baina ez zaio axola, berak seguruenik oso argi izango du lortu nahi duena, eta gainerakoek ulertu ez arren berak bilatu du nahi duena inposatzeko modua. Gaztetan kobazulo batean nekazari bezala lan egiten bizitzetik, Alderdiaren barnera oso isilik sartu eta urte asko atentziorik eman gabe pasatu ondoren azken hamarkadetan eman du kolperik handiena. Bost hamarkadotan prestatu duen estrategia da, eta orain munduko bigarren potentziarik indartsuenaren lider ukiezina da.

Urriaren 16rako prest dagoela. Segur aski oso argi izango du lortu nahi duena: boterearekiko adikzioa izango ote da atzean dagoena, besterik gabe? Edo benetan Txinako 1.400 milioi biztanleen bizi kalitatea hobetzeko nahia? Txinatarren istorio gogorra gertutik bizi duenez, orain munduan ondo bizitzeko txanda behingoz beraiena egiteko beharra?

Txinan 1.400 milioi pertsona bizi dira, asko, eta 40 milioi inguru atera dituzte azken hamarkadetan pobreziatik. Oraindik landa eremuetan askok ez dute ikasketarik, ohituta daude zer egin behar duten entzutera; horregatik, alderdi komunistaren arabera, Txinak behar du lider bakar eta boteretsu bat.

Bai Errusiak baita Txinak ere erabiltzen duten ohiko argudioa da: hain handiak diren herrietan, hain historia gogorra dutenetan, demokraziak ez luke funtzionatuko; ez oraindik, iraganak utzitako aztarnak sakonegiak dira eta, denbora behar da eta.

Baina behar al du benetan Txinak aurrera egiteko beste Mao bat? Behar al du munduko lehen potentzia izateko mugarik gabeko Xi bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.