Hezkuntza sektorea, ekonomia suspertzeko tresna

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Hezkuntza-eragile askok ez dute euren esparrua irizpide ekonomikoekin nahastu nahi. Hezkuntza pertsonetan errotuta dagoenez (irakasle-ikasle-ikaskide harreman sakratuan alegia), ekonomia arrotza egiten zaie. Hala ere, administrazio guztiak ekonomia suspertzeko neurriak diseinatzenari diren une honetan, hezkuntza sektoretik eztabaida irizpide ekonomikoekin ere burutzeko gai izan behar gara. Zorionez, horretarako arrazoi sendo eta eskuarki onartuak ditugu.

Hasteko, gaizki-ulerturik egon ez dadin: COVID-19ak sortutako beharrizan berriak eta osasun / segurtasun neurriak betetzeko, administrazioek hezkuntza sektoreari lagundu beharko liokete. Hezkuntza-eragileen eskaerak ezagunak dira eta haiekin bat egin behar genuke denok. Nolanahi ere, ondoko proposamena hortik haratago doa.

Ekonomiari dagokionez, krisiari aurre egiteko ahalegin ekonomikoak hiru oinarri nagusi izan beharko lituzke: a) Gizarte-kohesioa, krisiak gehien eragiten dienei lagunduz;b) Ekonomiaren lehiakortasuna babestea, sektore bereziki kaltetuenei mesede eginez; eta c) Ekonomia suspertzea, politika fiskal hedakor baten bidez, gastu eta inbertsio publikoak handituz (eskari agregatuari eusteko).

Alde horretatik, ekonomia suspertzearen ikuspegi hertsitik, hezkuntza sektoreak ezaugarri bakanak ditu BPG barne produktu gordina hazteko. Bai epe laburrean zein luzean ere.

Nobel saria jaso zuen Gary Becker ekonomialariak erakutsi zuenez, giza kapitalean (herritarrek duten ezagutza eta trebetasun multzoan) duen eragina dela-eta, hezkuntzan inbertitzea herrialde baten ekonomia garatzeko gakoetariko bat litzateke. Ikuspegi honetatik, hezkuntzan inbertitzea herri onura bat da, gizabanakoaz gain kolektiboak onura jasotzen duelako (BPGan neurtuta). Tamalez, giza kapitalaren bidetik eskuratzen den etekin ekonomikoa (eta susperraldia) epe luzean baino ez da adierazten.

Epe laburrean eragina izateko, ordea, politika ekonomikoak hezkuntzarako azpiegituretan inbertitzea izan lezake ardatzetariko bat. Ezaguna denez, hezkuntza sektoreak azpiegituretan eta baliabideetan inbertsio-defizitak ditu. Izan ere, hezkuntza sistema osoan behar-beharrezkoak dira azpiegitura egokiak: ikastetxeak berritzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiarekin erlazionatutako proiektuak garatzea, liburutegi / mediateka duin eta eguneratuak, laborategi egokiak, espazio naturaletara zabaltzea, eta abar. Eta horretarako inbertsioak eta hauek ahalbidetzeko neurriak (finantzaketa eta diru laguntzak) nahitaezkoak dira.

Ondorioz, arlo horietan egindako inbertsioak baliabide bikaina izan daitezke eskari agregatua epe laburrean handitzeko eta hezkuntzarekin lotura zuzena zein zeharkakoa duten sektoreak ere suspertzeko (eraikuntza, ekipamenduen hornidura, kultura, eta abar).

Era berean, inbertsioen eragingarritasuna kezka bat baldin bada, beharrizanak begi-bistakoak direla eta hezkuntza-eragileek aspaldi identifikatuta dituztela aipa genezake: administrazioek ez dute hezkuntzan dirurik xahutuko.

Bestalde, ekonomiak milaka lanpostu suntsitu ditu azken hilabeteetan. Horregatik, enplegua babestu eta zabaltzea politika ekonomiko hedakorrarekin bat dator. Epe laburrean, ordea, oso konplexua izango da lanpostu berriak sortzea hainbat sektoreetan, COVID-19ak eraginda koma induzituan daudelako (turismoa eta ostalaritza horien artean). Hezkuntza sektorean, ordea, langile gehiagoren premia larria denez, berehala kalitatezko enpleguak sor daitezke.

Bukatzeko, berebiziko erronkaren aurrean dago gure hezkuntza sistema. COVID-19ak, hezkuntza hankaz gora jartzeaz gain, gabezi ugari azaleratu ditu. Honi guztiari aurre egiteko, eta nahitaezkoak diren inbertsioak lortzeko, hezkuntza benetako sektore ekonomiko moduan barneratu behar genuke, gabeziei so eginez, ekonomian duen garrantzia aitortuz eta gure herriak behar duen berpizkunde ekonomikoan izan dezakeen funtsezko papera esleituz. Azken batean, maite dugun hezkuntza dagokion tokira itzultzeko: pertsona eta emozioen erreinura alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.