Feminismoaren txanda

2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Estreinatu berri dugun 2022. urtea pandemiaren bukaerarena izango dela pentsatzen dut. Zientzialaria ez naizenez, baieztapen hau hipotesia baino, desioa dela aitortu beharra daukat. Edonola ere, gizartea momentu horretarako prestatzen hastea ez zait batere ideia txarra iruditzen. Lan dezente baitugu egiteko.

Orain, gauza asko dira ezberdinak pandemia aurreko urteekin alderatzen badugu. Koronabirusa agertu zenetik, aldaketa sakonak izan dira hainbat arlotan, esate baterako, lan munduan, eskubide sozialetan, hezkuntzan, giza harremanetan, aisialdian, politikan, gizarte antolakuntzan eta, noski, osasun arloan. Aurrerapenak izan dira batzuk, atzerapen kezkagarriak besteak. Azken hauen artean, batek larritzen nau bereziki, gertuenetik bizitzen (edo hobeto esanda, sufritzen) ari naizena baita: emakumeen egoera.

Normaltasun zaharra esamoldea entzuten dudan bakoitzean 2018ko martxoaren 8ko grebaren irudia malenkoniaz etortzen zait burura. Zehazki, Bilboko udaletxearen aurrean milaka emakume kantuan ikusten ditut nire gogoetetan. Irudi horrek, edo 2018ko greba feministaren beste edozeinek, ezin hobeto irudikatzen du pandemiaren aurretik emakumeok bizi genuen une politiko eta soziala. Ekimena geurea zen, jarrera defentsibotik ofentsibora igaro ginen eta geldiezin sentitzen ginen. Urteetan zehar burututako feminismo antolatuaren lanak atzerapausorik onartuko ez zuen mugimendu masibo eta integratzailea sorrarazi zuen. Emakumeok bazterrak utzi genituen agenda sozial eta politikoaren erdigunean kokatzeko, eta bat-batean, dena zen posible.

2018a eta 2019a konkista eta aurrerapen urteak izan ziren, gutxienez sen onari eta iritzi publikoari dagokienez. Gehiengoa ginen.

Orduan, COVIDa iritsi zen.

Pandemiak eragin sakona izan du genero-berdintasunean, eta bai lan munduan, baita etxean ere, feminismoari esker urteetan zehar emandako aurrerapen ugari desegin ditu.

Manifestaldi feministetan feminizidio gehiagorik ez aldarrikatzen genuen, baina 2020 eta 2021eko epean 84 emakume erail dituzte haien bikotekideek edo bikotekide ohiek (bikote kanpoan izandako beste hilketa matxistak edo indarkeria bikarioaren ondoriozkoak kontuan hartu gabe). Lan arloari dagokionez, itxialdiak eta telelanak emakumeek jadanik burutu behar zituzten lanaldi bikoitzak (zaintzena eta enpleguarena) guztiz bateratu dituzte, kontziliazioa desagerraraziz eta hauen herstura eta estresa gehituz. COVID-19aren eta konfinamenduaren ondorio psikologikoak EHUk buruturiko ikerketaren arabera, konfinamenduaren ostean sentimendu depresiboak emakumeengan ziren handiagoak. Egoera hau ez da konfinamenduaren bukaerarekin amaitu, seme-alaben berrogeialdiak eta adinekoen edota mendekotasuna duten pertsonen zaintza beharren igoerak ez dira hauen zaintzaileen (gehienetan emakumeak direnak) bizitza errazteko neurriekin batera etorri.

Ekonomian ere atzerapena nabaria izan da: 2021ean Nazioarteko Foro Ekonomikoak genero arrakalaren inguruko txostena argitaratu zuen, zeinaren arabera, pandemiak 36 urte gehitu dizkio genero arrakala gutxitzeko behar izango dugun denborari: lehen, 99,5 urte ziren; aurrerantzean, 135,6 izango dira. Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, munduko enplegu-galerak emakumeen %5i eragin die, eta gizonen %3,ari; eta, adibidez AEBetan, inpaktu handiagoa izan du emakume arrazializatuengan, aurretik dakarten desabantaila-egoera dela eta.

Bitartean, erakundeek zenbait gauza egin dituzte. Estatu mailan, esate baterako, sexu askatasunerako edo Soilik bai da bai legearen aurreproiektua aurrera atera da, fokua baimenean jartzen duena. Erantzunkide Plana garatu da ere, zaintzen kudeaketa berdina sustatzeko helburuarekin. Baina, hala ere, ukaezina da emakumeen egoera orokorra okertu egin dela pandemiarekin.

Mugimendu feministak hori argi dauka, eta pandemiak jarri dizkion zailtasun eta oztopoen gainetik pasatu, eta egoera salatzen jarraitu du. Tradizionalki zapalduak izan diren kolektiboek argi daukate zein erraza den esfortzu handiz lorturiko eskubideen konkistan atzera egitea, urteak behar izaten dira segundoen buruan gal daitezkeen aurrerapenak lortzeko. Berdintasuna egunero zaindu eta landu behar den zerbait da, itzulgarria delako, eta, oharkabetuz gero, jatorriko egoerara bueltatzen gara.

Iragana baino hobea izango den etorkizuna eraiki nahi badugu, funtsezkoa da krisi une honetan gobernuak ez despistatzea. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da emakumezkoen lidergo feministaren aldeko apustua egitea eta emakumeak erabaki handiak hartzen diren lekuetan ordezkari izatea. Ezinbestekoa izango da, era berean, helburu zehatzekin konpromisoa hartzea eta hauek lortzeko baliabideak inbertitzea. Feminismoa errekuperazioaren diseinuan eta COVID ondoko aroan sartzeko unea iritsi da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.