Bigarren olatuak oraindik ez du okertu lan merkatuaren bilakaera

Hego Euskal Herrian irailean baino 5.500 langabe gutxiago zeuden urrian. Uda osteko enplegu sorrera handia izan da, 14.000 afiliaziokoa. 26.000 lagunek jarraitzen dute enplegu erregulazioan

Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren bigarren oldeari aurre egiteko neurriek oraindik ez dute islarik izan Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Ez, behintzat, ondorio txarrik, urrian langabeziak behera egin baitu, eta gora, berriz, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopuruak. Gainera, kontuan izanda Nafarroan ostalaritzak bi aste itxita daramatzala eta beste lurraldeetan mugak dituela, espero zitekeenaren kontrakoa gertatu da lana aldi baterako erregulatzeko espedienteekin: egoera horretatik atera direnak gehiago izan dira sartu direnak baino.

«Datuak benetan itxaropentsuak dira, erakusten dutelako enplegua bizkor berreskuratzen dela jarduera ekonomikoa berriro abiatu ahala, nahiz eta geure lan merkatuaren akatsak hor dauden: desberdintasuna, langabeziaren kronifikazioa eta behin-behinekotasuna», azaldu du Elena Perez Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. «Balorazio gazi-gozoa» egin du, berriz, Nafarroako Eskubide Sozialen Departamentuak, eta onartu du pandemiaren bigarren olatuak finkatuko duela nolakoak izango diren hurrengo hilabeteak.

Langabeziak behera egin arren, ELAk ekoizpen eredua aldatuko duten «beste enplegu politika batzuk» eskatu ditu. Inbertsio publiko handiagoa eta gobernuek sektore estrategikoetan gehiago esku hartzea nahi du.

Antzeko balorazio bat egin du LABek: «Konfinamendu berri baten atarian, edozein hobekuntza hauskorra eta iragankorra da. [...] Inork ezin du bere erantzukizun zatia saihestu, nork berea. Egungo egoeran, administrazio publikoei dagokie osasuna bermatzea, ekonomia kolapsatzea eta enplegua suntsitzea saihestea, eta krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak arintzea».

Confebaskek ere ziurtatu du «berri ona» dela langabezia jaitsi izana, baina ohartarazi du beste konfinamendu batek kalte egingo liekeela jarduera ekonomikoari eta lan merkatuari.

LANGABEZIA
Beherakadarik handiena azken 25 urteetan


SEPE Espainiako enplegu zerbitzuen arabera, 177.739 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Irailaren amaieran baino 5.524 gutxiago dira. Halako jaitsierarik ez da ikusi gutxienez azken 25 urteetan. Berez, urte gehienetan langabezia handitu egin ohi da urrian. Iaz, pandemiarik gabe, baina ekonomiaren hazkundea moteltzen ari zirenean, 3.128 langabe gehitu zituen urriak. Jakina, konparazioa iazko urriarekin eginez gero, zenbakia txarra da, orduan baino 30.180 lagun gehiago baitaude langabezia erregistratuan.

Langabezia txikitu egin da Bizkaian (2.780), Gipuzkoan (-2.516) eta Araban (-994), baina ez, ordea, Nafarroan (+763). Lurralde horretan izan du lan merkatuak bilakaerarik txukunena azken urtean, eta horrek tarte gutxiago ematen dio egoera hobetzeko. Baina agian badago beste faktore garrantzitsu bat ere: beste lurraldeetan ez bezala, tabernak eta jatetxeak itxita izan dira azken bi asteetan, eta pentsatzekoa da ostalaritzako langile batzuek enplegua galdu dutela horren ondorioz.

Sektoreei erreparatuz gero, nekazaritzan soilik handitu da langabeen kopurua (+571), urteko uzta bilketa nagusietako bat bukatu egin baita, mahatsarena. Langabeziak behera egin du industrian (-856), eraikuntzan(-316) eta, batez ere, zerbitzuetan(-4.032). Aurreko hilabete batzuetan ez bezala, enplegurik ez dutenen artean ere langabe gutxiago daude (-891), eta horrek gazteei egin ohi die mesede.

Langabeziak batez ere emakume aurpegia du, andreak baitira gaur egun lanik gabe daudenen %55,4. Dena esan beharra badago, koronabirusaren krisiak ez du emakumeen egoera gehiago okertu arlo horretan, urtarrilean langabeen %56,7 baitziren.

SEPEren datuak INEk biztanleria aktiboari buruz ematen dituenekin erkatuz gero, langabezia tasa ia puntu bat jaitsi da, %14,16tik %13,27. Langabeen urritzeak ez ezik, biztanleria aktiboaren ugaritzeak azaltzen du jaitsiera hori.

ERREGULAZIOAK
4.800 langile gutxiago


COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak eta hari aurre egiteko neurriek sortu duten beste ondorio bat da askoz jende gehiago dagoela direla aldi baterako enplegu erregulazioan. Apirilean, erabateko itxialdiaren hilabetean, 230.000 langile egon ziren egoera horretan, baina orduz geroztik asko txikitu da kopuru hori: batzuk lana erabat galdu dute, baina gehiago dira lanera itzuli direnak. Urriaren 31n, 25.955 behargin zeuden aldi baterako erregulazioan, hilabete lehenago baino 4.800 gutxiago.

AFILIAZIOAK
Ohiko igoera


2020. urtea, zoritxarrez, oso bitxia izaten ari da lan merkatuarentzat, baina urrian joera historiko bat sendotu da: urteko hamargarren hilabetean beti sortzen da enplegua, Gizarte Segurantzaren afiliazioan neurtuta. 2020koa ez da aurreko bi urteetakoa bezain oparoa izan (+21.118, 2018an, eta 19.234, 2019an), baina aurreko atzeraldia amaitu zenetik izandako batezbestekoaren mailan dago (+14.877). Eta zergatik da hain hilabete ona urria afiliazioarentzat? Bada, udan kalera botatzen dituzten langile askok enplegua lortzen dutelako berriz, batez ere hezkuntzan —ikastetxeetako eta akademiako irakasleak, jangeletako langileak...—, baina baita aisialdiari lotutako sektoreetan ere.

Iraila ere hilabete ona izan zen afiliazioarentzat (+9.405), eta, horrenbestez, krisiaren lehen fasean galdutako afiliazioen ia erdia berreskuratu da.

KONTRATUAK
Mugagabe gutxi


Kontratazioak ez dio jarraitu langabeziaren txikitzearen eta afiliazioen igoeraren erritmoari. Irailean, lehen aldiz koronabirusa azaldu zenetik, 100.000 kontratuen langa aise gainditu zen (117.000tik gora), baina muga horretatik gertu geratu da berriro (104.000). Egin diren kontratuak mugagabeak izan balira, gaitz erdi, baina ez da halakorik gertatu: 7.786 kontratu mugagabe sinatu dituzte Hego Euskal Herrian, kontratu guztien %7,35 baizik ez.

LANGABEZIA SARIA
7.650 laguntza autonomoei


Langileak aldi baterako erregulazioetatik atera ahala, behera doa langabezia sarien kopurua. Azken datua irailekoa da: 94.000 lagunek jaso zuten sariren bat, abuztuan baino 21.000 gutxiagok. Jaitsiera hori guztia sari arruntari dagokio, eta, hortaz, uler daiteke erregulazioetatik atera direnen ondorio dela hori.

Kopuru horretan ez dira agertzen Espainiako Gobernuak autonomoentzat sortutako laguntza bereziak. SEPEren arabera, 7.653 lagunek eskuratu zuten urrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.