Utzi Orixeko ikasleak bakean

Manex Gurrutxaga eta Maitane Urkola
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Pasa den asteazkenean egunkari honetan bertan argitaratu zen Utzi bakean Orixe iritzi artikuluan, zuzeneko akusazioak egin zitzaizkigun. Horren harira, hemen plazaratzen dugu gure ikuspuntua.

Hasteko eta behin, Ikasle Abertzaleok argi esaten dugu Orixeko ikasleen aldarriari babes aktiboa adierazi diogula, eta gure eskuetan ditugun antolakuntza baliabideak erabili ditugula aldarri horiek gauzatu daitezen, urgentziazkoa iruditzen baitzaigu ikasleek beren heziketaren gaineko erabaki ahalmena handitzea. Izan ere, ikasleon infantilizazioa eta bakartzea dakarren hezkuntza eredu baten aurrean bere egoeraren gaineko kontrola hartzeak ikasleen autonomia eta ardura gaitasunak biderkatzen dituztelakoan gaude, ezinbesteko ezaugarri etikoak direnak bestelako jendarte eta pertsona eredu bat sortzeko bidean.

Gertaeren errepasoarekin hasteko, aipatu beharra dago ez dela lehenengo ikasturtea Orixeko irakasgai ezberdinetako ebaluazio irizpideen inguruko kezka eta desadostasunak azaleratu direna. Aurtengo ikasturtean, Historia eta Euskara irakasgaien ebaluazio irizpideak aldatzea izan da ikasleen aldarrikapen eta helburua.

Orixeko ikasleen gehiengoak aldarrikapena egikaritzeko identifikatzen zuen urgentziak bultzaturik, Orixeko ikasleek eta Tolosaldeko ikasleen Autodefentsa Sareak (TAS) martxan jarri zuten asteetako aurreikuspena zuen dinamika bat.

Ikasleen aldarriak zigortuak izan ziren dinamikaren hasieratik bertatik: Orixeko ikasleen aldarrikapenak biltzen zituen bideo soil bat sare sozialetan publikatzeagatik 15 ikasleren hiru eguneko kaleratzea proposatu zuten, damuan oinarritzen zen dokumentu bat sinatuz eta lan komunitarioen bitartez lausotu zitekeena.

Diziplinamendu neurri horiei 14 eta 16 urte arteko gazteek publikoki eta prentsaurreko bitartez erantzun zioten, zuzendaritza «ikasleokiko elkarrizketa sustatu eta egikaritzera» gonbidatuz.

Zuzendaritzak berriz ere ezezkoarekin eta «neurri hezitzaile» gehiagorekin erantzun zien ikasleen eskaerei. Horren adierazle da otsailaren 19rako eskualde mailako greba deialdia zela-eta zuzendaritzak Orixeko ikasleei greba egiteko debekua jarri izana, mobilizazioa deitzeko institutuak ezarritako prozedimenduak erabili baziren ere.

Zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean TASeko kideak elkartasuna nazionalki gauzatzeko mobilizazio batera deitu bazuten ere, ikasleek manifestazioa bertan behera uzteko borondatea adierazi zuten. Zuzendaritzak aldarrikapena aurrera eramaten ari ziren ikasleekin elkarrizketan hastea onartzekotan, gertatu ez zena.

Manifestaziora Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatutako ehunka kide batu ginen ostiral goiz batean, TASek deitu eta Ikasle Abertzaleok sustatu eta indartu genuen mobilizazio batean. Horren ondotik hezkuntza sailburuak hartu du Orixeko ikasleen aldarrikapenak gauzagarri bihurtzeko ardura, ikasleen eskaeren garaipena adierazten duena. Azken egunetan hezkuntza sailburuak TASek gidatutako dinamikaren gaineko iritziak bildu ditu Orixeko ikasle ordezkarien artean, eta argi geratu da ikasleen gehiengo zabal batek babestu duela aldarrikapena.

Irakaspenekin hasteko, azpimarratzekoa iruditzen zaigu ikasleon aldarriari Orixe institutuko zuzendaritzak eman dion erantzunak argi erakusten duela egun ezarritako hezkuntza sistemak ikasleon aldarriei erantzuteko duen ezintasuna, formalki eta borondatez.

Antolakunde bezala gure jarduna kriminalizatu eta hezkuntza komunitatea gure aurka posizionatzeko mugimendua hezkuntza sailetik (gidaritza politiko eta alderdikeria argia duena) mugitutako iniziatiba erabat politikoa delakoan gaude. Izan ere, Orixeko ikasleen garaipena onartzera behartuta badaude ere, lan egingo dute horrelako dinamikak beren konpetentziapean dauden hezkuntza eremuetan errepikatu ez daitezen. Horretarako, dinamika horiek sustatzen dituen ikasle sindikatu nazionala kriminalizatzea ezinbestekoa zaie, aurrera begira hezkuntza komunitatean gure aldarriek onargarritasunik izan ez dezaten, zilegiak badira ere.

Testuaren hasieran aipatu dugun modura, lanean jarraituko dugu eta gure antolakuntza bitartekoak eskainiko ditugu ikasleon parte hartze kuotak hezkuntza sisteman indartu daitezen. Koherentzia osokoa iruditzen zaigu Euskal Herriko antolakunde nazional gisara gure bitartekoak eskaintzea justuak deritzogun aldarriak gauzatu daitezen, hezkuntza saila kudeatzen duen alderdiak bere interesen araberako heziketa sistema geografikoki inposatzen duen bezalaxe. Uste dugu ikasleen aldarrikapenak inongo mediatizaziorik gabe kudeatu daitezen bitarteko gehiago eskaini daitezkeela aldarri horiek gauzatzen diren ikastetxeetan, eta guk norabide horretan egingo dugu lan. Erasokorra egiten zaigu gure interes partikularrak indartu nahi ditugun akusazioa, gure helburua ikasleriaren autonomia eta iniziatiba indartzea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.