Euskararen periferietako gazteak

Naroa Jauregizuria, Maialen Begiristain eta Lander Muñagorri
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
D ereduan ikasi dute 2000. urtetik aurrera Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan jaiotako gazte gehienek; baina, euskaraz badakiten arren, erabilera ez da neurri berean hazi. Egun, Bilbo Handia eskualdean pilatzen da euskaradun gehien; halere, euskara eta bere mundua ia ikusezinak dira bertan, biztanle gehienak euskararen bizi-munduetatik kanpo —edo periferian— kokatzen baitira. Gazteak testuinguru horrexetan bizi dira, eta, hizkuntza ulertzen badute ere, ertzetik eta urrunetik begiratzen diote unibertso horri, hein handi batean arrotza zaie-eta.

Periferiaren erreferentzia erabiltzean, ikuspegi soziolinguistiko hutsetik harago, zera adierazi nahi dugu: euskarazko bizi-munduekin dagoen distantzia sinboliko eta kognitiboa. Distantzia hori, besteak beste, ezagutzan, pertzepzioan, identifikazioan, atxikimenduan eta parte-hartzean oinarritzen da. Kokapen fisikoak eragina dauka, baina konplexuak dira distantzia handitzeko edo txikitzeko arrazoiak, eta adimenaren zein kognizioaren eremuetan zertzen dira batez ere. Gazteek nolako bizi-esperientziak eta testuinguruak izan dituzten, hala sentituko dute euskarazko mundua: propioago edo arrotzago; eta, horren arabera, bizi-mundu horien erdigunetik hurbilago edo kanporago kokatuko dira.

Esan den moduan, egungo gazte gehienek badaukate euskarazko oinarrizko maila, eta eskolaren zein jaien bidez (batik bat) iritsi dira euskararen bizi-munduetara. Bizipenak izan eta sortu dituzte, euskara propio moduan hautematen dute, eta eusten diote haurtzaroan euskal munduarekin eraikitako lotura emozionalari. Hori guztia horrela izanik ere, gazte horietako asko bazterretan geratu dira. Zergatik? Bost arrazoi nagusi aipa daitezke:

Lehenengoa. Euskaraz komunikatzeko gaitasun apala dute, eta horrek zaildu egiten die beren sentimendu, pentsaera edo iritziak euskaraz azaltzea.

Bigarrena. Kultur edukiak erdigunetik ertzetara igortzeko sareak ahulak direnez, euskarazko sorkuntzaren gaineko ezagutza mugatua dute, eta euskararen munduari dimentsio hori aitortzen diote.

Hirugarrena. Beren inguruan euskarak ez dauka lekurik; alegia, gutxiagotuta dago kalean, lan-munduan zein komunikabideetan, eta, horren ondorioz, ohikotasunean ezintasun handia dute euskarazko bizipenak eraikitzeko.

Laugarrena. Euskarazko bizi-munduen inguruan sortutako diskurtso eta iruditeriak ez daude egokituta egungo bizimodu eta pentsamoldeetara. Alde batetik, euskararen unibertsotik at daudenek estereotipoz beteriko erreferentzia karikaturizatuekin lotzen dituzte euskara eta euskal mundua; eta, beste aldetik, euskalgintzaren ohiko mezuen artean, maiz badaude duela 30 urteko argudioak, eta dagoeneko konbentzituta dauden horientzat izaten dira. Erreferentzia sinboliko horiek aski urrunak dira 2000. urtetik aurrera jaio diren gazteentzat, eta ez zaizkie erakargarriak.

Bosgarrena. Euskal bizi-munduen erdigunetik, batzuetan, zalantzan jartzen da hiztun berriek zilegitasunik ote duten bertako partaide izateko, eta jarrera horiek, nola ez, deserosotasuna eragiten diete gazteei.

Laburbilduz, gurea hizkuntza gutxitua izanda, euskaraz bizitzeak hautu kontzientea eskatzen du: mugitu behar izatea, esfortzua egitea, gatazka edo tentsio-egoeretan murgiltzea... Erdigunetik urrundu ahala, gainera, egoera zaildu egiten da, aukerak zein baliabideak murriztu, eta estres linguistikoa areagotzen da. Gazteen bizi-uneak, bestalde, larriagotu egiten du estres hori.

Edonola ere, periferia eta zentroa ez dira beti distantzia fisikoan antzematen. Argi dago, Euskal Herriko geografia eta ikuspegi soziolinguistikoa aintzat hartuz gero, eremu euskaldunak eta euskarazko kultura-sortzaile gehienak batez ere gune zehatz batzuetan kokatzen direla. Haatik, hala herri euskaldunenetan nola gehiengo erdalduneko inguruetan, denetarik egoten da: euskarazko bizi-munduen erdigunean zein kanpoan dauden pertsonak. Askotan, azken horientzat —euskararekin harremanik ez dutenentzat— guztiz hauteman ezina da euskal mundua, haiek eta euskaldunek ia elkar ukituagatik ere fisikoki.

Kontuan hartu behar da, bestalde, hiriguneetan metatzen direla herritar gehien eta euskaldun gehien, eta, laster, biztanle gehienak gai izango direla euskara ulertzeko. Horregatik, euskalgintzaren lehentasunetako bat izan behar da euskararen mundu horiek ikusgarri, entzungarri eta sentigarri bihurtzea; are gehiago euskaradun gehien pilatzen diren eremuetan eta belaunaldientzat: hirietan eta gazteentzat, hain zuzen. Bozgorailuak eta fokuak sortu behar dira eremu horietan, oso zaila baita —ia ezinezkoa— ezagutzen ez denarekiko interesa piztea, are zailagoa diglosiaren ondorioz gutxietsita eta topikoz estalita egonez gero.

Alta, transmititzea eta erakustea ez da nahikoa, egungo munduan bizitzeko baliagarria izatea ere nahitaezkoa da. Euskarak aurrera egingo badu, hori gertatuko da bere lekua hartu duelako euskaradun gehien pilatzen diren hiri-eremuetan; eta, horretarako, halabeharrez, eremu horretan funtzionala izan beharko du garatzeko: mundua interpretatzeko, ohiko beharrizanak asetzeko, bizipenak sortzeko, komunikatzeko, komunitatea sortzeko... Hortaz, periferietako horiei ere aukera eta baliabideak eskaini beharko zaizkie, beren euskarazko bizi-munduen zentroak eraiki ditzaten.

Gai hauen guztien gainean hausnartzeko, abenduaren 2an Igo bolumena! jardunaldia egingo dugu Barakaldon: bai hiriguneetako gazteek euskararekin eta euskararen munduarekin nolako harremana duten ezagutzeko, ulertzeko eta periferiatik barneratzeko, bai erdigune berriak sortzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.