Gladys eta gidari mozkorra

Carlos Trenor Dicenta - Gladys Gogoan herri ekimeneko kidea

2019ko maiatzak 30
Berrogei urte pasatu dira Gladys hil zutenetik, eta oraindik ere gu guztion gogoan jarraitzen du. Zergatik? Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Gladys sinbolo bihurtu delako.

Pertsonak gara, sinboloak erabiltzen ditugulako. Batzuetan gauzak dira sinbolo; beste batzuetan, berriz, animaliak eta pertsonak ere sinbolo izan daitezke. Horra hor Che Guevara, hainbat belaunaldiren sinbolo bihurtuta, edo Mahatma Gandhi, indarkeria-ezaren alde egiten dutenen sinbolo. Bada, Gladys ere gure sinboloa da hainbat arrazoirengatik. Arrazoi horietako zenbait aipatzen saiatuko naiz.

Gladys arrazoiaren kontra erabilitako bortizkeria itsuaren eta erabateko injustiziaren sinbolo da. Borroka ekologistaren sinbolo ez ezik, borroka antimilitaristaren sinbolo ere bada.

Biktima gisa ere badu balio sinbolikoa, jakina, baina ez dut horretan sakonduko, askok egin dutelako, baita zenbait instituziok eta agintarik ere (oraingoan bai, antza). Nik gaurkotasun handia duen Gladysen beste alde sinboliko bat nabarmendu nahi dut artikulu honetan.

1915ean, Antonio Machadok gogoeta egiten zuen garai hartako politika espainolaz, alegia, kontserbadoreek eta liberalek, jauntxokeriaz eta hauteskunde-iruzurrez, txandaka gobernatzen zuten sistema hartaz. Machadok alderatzen zituen politikoak zalgurdi-gidari ero edota mozkorrekin. Zalgurdian gizarte osoa doa, gu guztiok, baina gidari horiek itsu-itsu garamatzate abiadura bizian amildegirantz. Egoera ikusita, Machado, gizon zinez moderatua zen arren, honela mintzo zen: «Zer egingo dugu amildegira lauhazka eta alai garamatzan gidari ero edo mozkorrarekin? Bridak eskuetatik kendu eta bide bazterrera bota beharko dugu. Gidari mozkorren bat-batean behartutako erretiro horri Iraultza deritzo».

Machadoren metaforak gaurkotasun osoa du. Sistema ekonomiko eta politiko honetan, harrokeriaz beteriko ero batzuek zaldiak xaxatzen dituzte gero eta azkarrago amildegira eraman gaitzaten, gu guztiontzat dagoen arriskuari bizkar emanda. Esan beharrik ez dago nor diren gidari horiek: arma-trafikatzaileak, komunikabide nagusien jabeak, sare sozialak kontrolatzen dituztenak...

Askok uste dute iraultza azeleratze bat dela, bat-batean eragindako aldaketa bortitz bat. Baina, beharbada, azeleratze baten ordez frenatze bat da iraultza, lasterketa burugabe honi galga jartzea. Horretarako, baina, ezinbestekoa da galbidera garamatzaten ero mozkorrak kentzea zalgurdiko gidari-eserlekutik.

Eta puntu honetan bat egiten dut gaurkoan jorratu nahi dudan Gladysen alde sinboliko horrekin. Nire ustez, munduan lau pertsona mota daude. Lehenengoan daude asebeteta daudenak. Horiek esango dizute, adibidez, ez dutela «sinesten» klima-aldaketa dagoenik. Statu quo-arekin bat datoz, normalean, statu quo-aren onuradunak direlako edota komunikabide nagusietatik elikatzen direlako.

Bigarren motako pertsonak ez datoz mundu honekin bat, injustizia ikusten dute, eta badakite zalgurdiko gidariek itsu-itsu amildegira garamatzatela; baina uste dute ez dagoela zer egiterik, botereak den-dena kontrolatzen baitu, eta Orwellen 1984-a hemen dagoelako. Gauzak horrela, nahiago dute sistemaren mahaitik erortzen diren ogi-apurrez gozatzen saiatu, guztientzako ogi-apurrik ez dagoela kontuan izan gabe. Mota honetako pertsonak ere sistemaren onuradunak dira.

Hirugarren motako pertsonek ere egoera injustua dela ikusten dute, baina horiek aldatu egin behar dela uste dute. Hala ere, ezer ez egitea erabaki dute. Egin dezatela beste batzuek! Zertarako arriskatu? Zertarako zikindu?

Eta badira, azkenik, laugarren motako pertsonak, gauzak aldatu egin behar direla eta aldatu daitezkeela uste dutenak, eta aldaketaren alde lan egitea erabakitzen dutenak; gidari ero eta mozkorrak bide bazterrean botatzen eta zaldiak lasaitzen saiatzen direnak. Bada, Gladys pertsona horietako bat zen. Hori da, oroz gain, nabarmendu nahi dudan Gladysen balio sinbolikoa.

Orain dela berrogei urte energia nuklearraren arriskuaz ohartarazten genuenean, iraganari begira ari ginela zioskuten, Erdi Arora itzuli nahi genuela. Garai hartan, gidari ero mozkorrei ahoa betetzen zitzaien energia atomikoaren bertuteekin. Zenbat eta zentral nuklear gehiago eraiki, orduan eta hobeto. Hori zen modernitatea, zalgurdia bizkor-bizkor amildegi ertzera eramatea. Txernobil eta Fukushima historiaren kale-kantoi batean zeuden zain, ordea (eta beharbada lehenago ere horrelako beste kasu batzuk gertatuak ziren, baina ezkutatu egin zizkiguten).

Gaur egun beste eztabaida batzuk ditugu, baina eskema errepikatzen da. Zabor gutxiago sortu eta gehiago birziklatu behar dela uste dugunok «iraganean» bizi omen gara, soluzioa dena erraustea omen baita. Halaber, abiadura handiko trena beharrezkoa ez dela diogunok «aurrerapenaren» kontra omen gaude. Eta horrelako beste hamaika kasu.

Izan ere, errealitatea deskribatzeko hitz bat asmatzen dugun bakoitzean, botereak berehala prostituitzen du. Anarkista zaharrentzat «aurrerapena» giza baloreak ziren, pertsona guztien arteko senidetasuna, zientzia... Zer da orain «aurrerapena»? Demokrazia, berriz, herritarren gobernua zen. Zer da orain demokrazia? Gipuzkoako erraustegia (ero edo mozkorrak gidatutako zalgurdiaren eredu perfektua) dagoeneko ez da erraustegia, Ingurumen Gunea baizik.

Gladysek, beste askok bezala, ez zuen Iberdueroren (eta beste hainbaten) iruzurra irentsi, ez zuen irentsi atomoei esker printze eta printzesa moduan bizi behar genuenik. Arerioa handia zen: aparatu ekonomiko eta politiko osoa. Askok ikusten zuten zentral nuklearrak astakeria zirela, baina uste zuten Lemoizen edo Arguedasen ez zegoela atzera bueltarik. Beste batzuek, berriz, lanari ekin zioten. Batzuek, Gladysek kasu, indarkeria-ezetik, presio sozialetik. Baina ez bakarka, antolatuta baizik. Beste batzuek, aldiz, borroka armatutik jo zuten. Nolanahi ere, agerian geratu zen gidari mozkorrek zoratutako zaldiak geratu zitezkeela. Gidari mozkorrak ez zuen erretiroa hartu, Machadok nahi zuen bezala, baina bolada luze batez isilik edo, behintzat, diskretuago ibili behar izan zuen.

Horregatik, gure artean bizi-bizirik dagoen sinbolo da Gladys. Ekintzarako sinbolo, gaur egun zalgurdia gidatzen duten ero mozkorrei aurre egiteko sinbolo. Gladys belaunaldi oso baten sentitzeko eta borrokatzeko moduaren sinbolo da, eta uste dut modu hori gaur egun ere baliagarria dela.

Zeren eta, elkarren artean antolatuta borroka egiten badugu, gidari mozkorra behingoz erretirora behartu, eta hark xaxatutako zaldiak lasaitu baititzakegu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: