PAISAIEN ATZEAN ZER DAGOEN

Euskal idazleek literaturan landa eremuaren inguruan sortu duten iruditeria ez dator bat errealitatearekin, hainbat adituren ustetan. Batzuetan, «mitifikatu» egin dute tokia; besteetan, «gutxietsi». Askotariko arrazoi eta helburuak daude errepresentazio horien atzean.

BERRIA.
Ane Eslava.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ez dira gutxi landa eremuan girotutako euskal literatur lanak. Eleberri, ipuin eta olerki askoren agertoki izan dira herrixkak, baserriak edo herri hustuak, Txomin Agirreren Garoa-tik hasi (Eusko ikaskuntza, 1912) eta Bernardo Atxagaren Obabakoak-era (Erein, 1988). Eta, klasikoetara jo gabe, gaur egun ere badira istorioak herrietan kokatzen dituzten egileak: kasurako, Miren Amurizak kaleratu berri du Basa eleberria (Elkar, 2019), eta baserri giroan gertatzen da. Baina, askotariko lanak egon diren bezala, landa eremuaren irudikapen ugari ere egon dira. Batzuen ustez, horien atzean mitoen eta aurreiritzien eragina egon da; beste batzuen ustez, helburu politiko eta ideologikoak.

«Herri ezezagunak agertzen dira batzuetan literaturan, eta landa eremuaren paisaia orokor bat ematen digute. Paisaia horrek iruditeria bat eraikiko du gure buruan, eta horrekin eraikiko dugu gero edozein herri ezagunen irudia». Elurre Iriarte (H)ilbeltzako kidearenak dira hitzak. Ongi ezagutzen du landa eremua Iriartek, baztandarra baita, Arizkungoa (Nafarroa). Literaturan landa ingurua nola irudikatzen den aztertu zuen 2016ko Eako Poesia Egunetako hitzaldi baterako, eta Landa eremua eta Baztan, literaturak kontatua izeneko liburuxkan jaso zituen ondorioak. Landa eremua den baino «sinpleago» erakusten dela uste du Iriartek, eta gogorarazi du paisaia baino askoz ere gehiago dela: «Paisaia horrek osatzen duen guztia da: jendea, kultura, jarrerak, ohiturak, harremanak, hizkuntzak...».

Iriartek bi joera nagusi ikusten ditu euskal literaturan landa eremuaren imajinarioa eraikitzerakoan: idealizazioa edo mitifikazioa, batetik, eta gutxiespena edo mespretxua, bestetik. Harekin bat dator Itxaro Borda idazlea: «Hemen, leku gehienetan bezala, santutzen edo deabrutzen da landa eremua», adierazi du. Bordak berak, hain zuzen, irudikatu izan du landa eremua bere lanetan, batik bat Amaia Ezpeldoi detektibea protagonista dutenetan, baina ziurtatu du ahalegina egin duela hura «den bezala» erakusteko: «Hor diren eztabaidak, borrokak, atseginak, jendearen bizimodua islatzen saiatu naiz; laborariak jende ekile oso gisa hartuz, ez klase sozial mitifikatu bat bezala». Hala ere, joera nagusia ez da hori, haren irudiko.

Idazlearen ustez, euskal literaturaren joera nagusia da tokia poesiaren bitartez «nostalgiaz irudikatzea: filtro batetik pasatuta erakustea». Iriarterentzat ere, poesiak «maitatzeko toki eta zoriontasun iturri» gisa erakusten du landa ingurua. Batzuetan, gainera, oroitzapenen kokaleku moduan erakusten da, Bordaren hitzetan: «Sortzeko gune gisa erakusten da, zeinetan egungo emaztea edo gizona eratzen den; bereziki, gaurko hiritarra». Bordak berak badu landaguneari iraganaren nostalgiaz begiratzen dion olerki bat, Begiratzen dut gogoan. Honela dio: «Begiratzen dut gogoan/ buruhunaren zokoan/ etxe barneko usaina;/ amak goizik egin salda/ familiako mahaina/ eta sukaldeko malda./ [...] Begiratzen dut gogoan,/ bizitza nola badoan,/ nire herrikoen soa/ perla sortu izerdia/ ardoan galdu basoa/ eta erran hitzerdia. [...]».

Krimenen agertoki

Poesiak paisaia «bukolikoak» irudikatzen ditu; prosak, berriz, leku «ilunak». Eleberri beltzean argi ikus daiteke hori, Iriarteren ustez. Jatorriz krimenen inguruko eleberriak hirietan kokatu izan badira ere, gero eta idazle gehiago ari dira horiek herrietara eramaten, eta rural noir izeneko azpigeneroa ere sortu dute. Euskal Herritik kanpo, adibidez, William Faulkner eta Agatha Christie idazleek —generoaren maisutzat hartuak biak—, herrietan girotu zituzten hainbat eleberri. Eta hona itzuliz, Dolores Redondok Baztanen kokatu du bere trilogia beltza, eta haran horren inguruko interes handia piztu du handik kanpo. Redondo ez da euskalduna, baina, Iriartek gogorarazi duen moduan, ez da Redondo izan Baztan gertaera ilunen gertaleku gisa jarri duen lehena; eskualde hori ageri da, besteak beste, liburu hauetan ere: Gotzon Garateren Elizondoko eskutitzak (Gero, 1977), Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak (Susa, 2005) eta Alberto Ladron Aranaren Piztiaren Begiak (Elkar, 2012). Horietan, eguraldia baliatu dute idazleek haranaren irudia sortzeko: giro lainotsu, euritsu eta iluneko herriak irudikatu dituzte.

Genero beltzean ez ezik, Iriartek eta Bordak joera bera ikusten dute prosako bestelako lan batzuetan ere. Iriartek Angel Lertxundiren Hamaseigarrenean, aidanez eleberria aipatu du (Erein, 1983). Azaldu duenez, nobelan apustu giroa eta Elizaren presentzia nabarmenak dira, eta gizarte atzerakoi bat agertzen da: «Gizonen nagusitasuna azaltzen da; jazarpena, bortxaketa, kolpeak...». Haren ustez, horrek pentsarazi diezaioke irakurleari herrietan ohikoak direla halako jokabideak.

Lertxundirena ez ezik, biek aipatu dute Bernardo Atxagaren Obabakoak lana ere. Atxagak fikziozko herri bat sortu zuen eleberri horretan, Obaba, baina, Bordaren iritziz, alegiazko herri horretan «iruditeria oso bat»islatzen da: idazleak landa eremuari buruz duen iritzia. «Eleberriko deskribapenek giro eta herritar ilunak erakusten dituzte: jende berezia, hertsia, elizkoia, harreman arraroak, bakardadea...», erantsi du Iriartek. Haren ustez, Lertxundirenarekin bezala, irakurleak pentsa dezake halakoak direla herri guztiak.

Obabakoak-en sortzaileak, berriz, nahiago du tokien errepresentazioetatik harago begiratu, horien atzean dauden helburu politikoak identifikatzeko. Atxagarentzat, izan ere, literaturan eta fikzioan, lekuak, berez, «ez dira deus». Halere, onartzen du Euskal Herrian literatura «estereotipatu» bat egon dela, ikuspegi «erromantiko» batetik irudikatu duena lekua; herria. «Literatura horretan, batzuetan, modu goxoan irudikatu da [landa mundua], eta baserritarraren irudia euskalduntasunarekin lotu da; beste batzuetan, ikuspegi zakar eta arbuiatzaile batetik begiratu zaio». Modu horretan, «kontrafigura» bat sortu da; hiriko burgesaren kontrafigura: «Bata karlista zen, eta bestea liberala». Kontraste hori ikus daiteke, adibidez, Garoa eleberrian: Txomin Agirrek euskaldun fededun zintzoaren irudiarekin lotu zuen baserritarra, eta kontrakoaren eredu gisa jarri, berriz, hiritarra. «Ni oroitzen naiz txikitan Garoa-ren irakurketa bat entzun nuela irratian, eta inpresioa eragin zidala nola hitz egiten zuen hiriaz», kontatu du Atxagak. «Txomin Agirre oso integrista zen».

Baina, Atxagarentzat, tokien irudikapenei erreparatzeak ez du ezertarako balio ez bazaie begiratzen errepresentazioen atzean dauden xedeei: «Atzean beti dago gizarte bati buruzko ideologia bat, eta helburua, kasu guztietan, politikoa da; lekuak jasotzen du ideologiaren zipriztina». Ideia hori azaltzeko, XIX. mendean historia ulertzeko eran egon ziren aldaketak aipatu ditu: «Hasi zen pentsatzen paisaia zela jende baten eta gizarte baten psikologiaren eta ekintzen isla; herri baten izaerarekin eta historiarekin lotu zen». Joera hori, gero, pinturara iritsi zen, eta hainbat joeratako margolariak paisaiak irudikatzen hasi ziren, toki jakinetako gizartea eta ohiturak goraipatzeko. Atxagak Ignacio Zuloaga, Joaquin Sorolla eta Julio Romero de Torres margolariak jarri ditu adibidetzat. Azaldu duenez, artista horien helburua zen paisaiaren bitartez «identitatea indartzea»; kasu horietan, espainiarra. Joera horrek eragina izan zuen literaturan, baita euskal egileengan ere, eta, hain zuzen, helburu horiek berak zituen kostunbrismoaren korrontean kokatzen dute adituek Garoa. «Azken batean, lekuaren atzean beti dago beste zerbait», laburbildu du Atxagak.

Hiritik idatzia

Literatura «hiritik idatzia» izan dela uste du Bordak; «hiri ikuspegitik, hiria iturri izanik». Eta horrek eragina izan du herriei buruz sortu den irudian. Horrekin lotuta, garaian-garaian landa eremua nola irudikatu den ulertzeko beharrezkoa da aintzat hartzea zer aldaketa geografiko izan diren lurraldean, populazioaren joan-etorriek pizten edo itzaltzen baitute tokien inguruko interesa. Azken dozenaka urteetan, Euskal Herriko hirigunean ari dira pilatzen biztanleak, eta landa inguruak husten ari dira. Bada, hustutako eremuek literaturan interesa sortzen dutela pentsatzen du Bordak, eta jende asko horiek «deskubritzen» ari dela. «Aurkikuntza horretan, hiriaren balioak ematen ari zaizkio herriari; horregatik, adibidez, lehen hirian izaten ziren hilketak orain herrian kokatzen ditugu».

Euskal mitologiak ere izan du eragina imajinario horren eraikuntzan. «Baina, batez ere, euskal literaturatik kanpo sortu den iruditerian eta ikuspegian izan dute eragina mito eta kondairek», idazlearen ustez. Dolores Redondoren eleberriak aipatu ditu: «Baztango trilogian ikusten da euskal mitologiaren eta landa eremuaren arteko lotura bat: idazleak lotu egiten ditu, horien gauzarik itsusienak erakusteko». Alde horretatik, Bordaren ustetan, Euskal Herriko landa eremuaren irudia transformatuagoa izan da kanpoan, bertan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.