Ordiziako Euskal Jaiak

Arabara joan da saria

Ilarduiako La Leze gaztandegiak irabazi du Ordiziako Euskal Jaietako ardi latxaren esneaz egindako gazta txapelketa. Bastidako Mitarte upategiak 9.600 euro ordaindu ditu gazta erdiagatik. Iaz baino hiru gazta gehiago aurkeztu dira txapelketara, eta «maila handia» egon da parte hartzaileen artean.

Epaimahaia. Maila handiko epaileak izan dira: sukaldariak eta kazetariak, adibidez. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Ordizia
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Lehen aldiz aurkeztu dute Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregik gazta ketu bat Ordiziako (Gipuzkoa) Karrantzako eta latxa esneaz egindako gazta txapelketara, eta irabaztea lortu dute. «Lehenengo bosten artean geratu izan gara, baina inoiz ez dugu irabazi, eta, egia esan, ez genuen espero», esan du Eli Gorrotxategi La Leze gaztandegikoak. Ilarduiakoa izan da gaztarik onena, «arina eta oso orekatua», egileen esanetan.

Atzo ospatu zen ardi latxa edo karrantza motako esneaz egindako gazta txapelketa, 49. aldia hain zuzen. Iaz ez bezala, ateak irekita egin zen.

Goizean goizetik izan da mugimendua Beti Alai pilotalekuan. Epaimahaia gaztak dastatu bitartean, jendea euren lana ikustera joan da. Pixkanaka, gazta onenak aukeratzen joan dira. 48 gazta aurkeztu dira guztira, iaz baino hiru gehiago. 12:00etarako, erabakita egon da zein den azken fasera igaroko diren hamalau gaztak. Ordubeteren ostean eman dituzte ezagutzera.

Epaileek lan zaila izan dute bost gaztarik onenak aukeratzeko, Martin Berasategi sukaldariak gazten maila goraipatu nahi izan du: «Ikaragarria da urtez urte gaztagileek hobetzeko duten gaitasuna; oso gazta onak egin dituzte». Lehenengo sailkatuaren eta hirugarrenaren artean soilik bi punturen aldea egon da.

La Lezeren gazta irabazleamartxoan ekoitzitakoa da. Bigarren saria ere Arabara joan da, Araiako Aixtra elkartearena izan da. Hirugarren postua, berriz, etxean geratu da, Ordiziako Joseba Insaustik jaso du.

Aurten, berrikuntza gisa, gazta irabazlearen enkantea bertan egin da. 7.000 eurorekin hasi da enkantea, eta kopurua bizkor joan da handituz. Azkenean, 9.600 euro ordaindu ditu Bastidako Mitarte upategiak. Iaz baino 200 euro gehiago ordaindu dira, baina ez dira 2014. urteko errekorra haustera iritsi, non 13.050 euro ordaindu zituen Ampo Kooperatibak.

Jende asko, salmenta gutxi

Hiru urteren ondoren Ordiziako kaleek hain egun berezian izaten zuten itxura berreskuratu dute. Jende lepo ibili da, bai familian eta baita lagunekin ere. Probintziako askorentzat galdu ezin den eguna izaten da iraileko lehen asteazkena. Bisitari asko bai, baina salmentak ez dira asko handitu. «Horrelako egunetan, jende asko etortzen da kanpotik, eta hori ondo dago, baina ez dute diru asko uzten», argitu du Lurdes Zurutuza baserritarrak.

Iritzi berekoa da Aramako Goikoetxeberri baserriko Arantxa Zurutuza ere. Zurutuzak esan du betiko erosleen erosketekin «pozik» geratzen dela, haiek baitira bere bezero fidelenak. Asteazken arruntetan baino denbora gehiago izan behar dute postua jarrita, 14:00ak arte egon behar dute: «Kanpotarrek asko erosten ez dutela ikusita, ez du merezi hainbeste denbora geratzea, baina, hala ere, pozik gaude», kontatu du Zurutuzak. Postu txukuna du Aramakoak (Gipuzkoa), eta azokako posturik politenei egiten zaien aipamenetako bat eramatea lortu du.

Kanpotik datorren jendea egon arren, ordiziarrak aise bereiz daitezke, gehienak baserritar jantzia dute soinean eta. Mila Gonzalez familia osoarekin atera da kalera, baserritar jantzita. «Ni azokara eta animaliak ikustera etortzen naiz goizean; gero etxera joaten naiz», kontatu du. Haren alabak, Oihane Zarragak, nahitaez egin beharreko bi gauza gehitu ditu: «Talo bat eta gazta pintxoa jan»,azaldu du barre artean. Zarragak bi haur ditu, eta, arratsaldeko kaleko girora aspaldian gerturatu ez dela esan duen arren, giro polita egoten dela aipatu du.

Garazi Irastorza eta bere lagunak buru-belarri dabiltza pintxoak prestatzen, eta euren postuaren ondoan jarritako photocall-ean gaztetxoak argazkiak ateratzen ari dira: «Gabonetan eta Euskal Jaietan jartzen dugu photocall-a, eta pintxoak eta zozketarako txartelak saltzen ditugu», kontatu du Irastorzak. Dirua Amets Bide dantza elkarterako izango da. Irastorzak eta bere lagunek bazkaria izango dutela azaldu dute, eta arratsaldean festa ahal bezain beste luzatuko dutela.

Bestalde, Jose Migel Barandiaran plazan, herri kirolen jaialdia izan zen arratsaldean. Beti Alai pilotalekuan, profesionalen artekobi pilota partida egon baitziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.