Bigarrena jarraian, lehenengo aldiz

Lekarozko Kortariko gaztandegiko Julen Arburuaren gazta izan da onena Ordiziako Ardi Latxaren Gazta Lehiaketan, bigarren urtez jarraian. 9.000 euroan saldu dute enkantean gazta horren erdia. Jende asko ibili da nekazari nahiz abeltzainen postuen artean, Euskal jaietako azoka berezian.

Irabazlea. Julen Arburua, garaikurra eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Ordizia
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Iazko artzain bera izan zen irabazle Ordiziako (Gipuzkoa) Ardi Latxaren Gazta Lehiaketan. Lekarozko (Nafarroa) Kortariko gaztandegiko Julen Arburuak jaso zuen lehen saria, atzo eguerdian. Irabazi bakarrik ez, gazta garailearen salneurria ere hobetu zuen, 9.000 euro ordaindu baitzituen Donostiako Betijai Berria jatetxeak, iazko gazta irabazleagatik enkantean ordaindu zutena baino 250 euro gehiago. Ordiziako Joseba Insausti artzaina izan zen bigarrena, eta Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ander Barandiaran, berriz, hirugarrena. Euskal jaietako azoka bereziaren barruan egin zen gazta lehiaketa, ohi denez.

Hamalau gaztandegi lehiatu ziren finalean, Beti Alai pilotalekuan. Lehia estua aurreikusi zuen aurkezleak, eta puntuak banatzeko zailtasunak zituztela baieztatu zioten epaimahaikideek. 1.750 euro zen saria irabazlearentzat, baina, diruaz harago, gaztandegien ospea zegoen jokoan. Aurtengo irabazlea izan dela ziurtatzen duten 12.000 itsasgarri jarri ahalko dizkie Arburuak bere gaztei. Hunkituta jaso zuen saria artzainak, eta, iaz bezala, gogoan izan zituen senideak. Lehiaketa bi urtean jarraian irabazi duen lehenengoa bihurtu zen.


Julen Arburua, garaikurra eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU

Goiza azkenetan zen enkantea amaitzerako. Mugituak izan ziren aurreko orduak euskal jaietako azoka bereziaren barruan herrian jarritako postuetan. Plaza Nagusian jarri zuen berea Baliarraingo (Gipuzkoa) Irabiazpi baserriko Edurne Jauregik, astero bezala. Ohi baino lehenago, iritsi zen, ordea, 06:00 alderako. Azokara eramandako barazki eta fruta asko salduak zituen 12:00 inguruan, baina artean itxura betea zuen haren postuak. Gustura zen salmentekin: «Garai batean, gutxiago saltzen zen gaurko egunez; azken urteetan, aldiz, gehiago». Ezkorragoa zen Aramako (Gipuzkoa) Iturrioz baserriko Patxi Arizmendi, salmentei dagokienez. Ordiziako udalaren aipamen berezia jaso zuen haren postuak, eta hori alde izan zuen. Hala ere, «beste merkatu egunetan baino gutxiago» saldu zuela argi zuen. Ikusmiran zebiltzan inguruan asko, esku hutsik, baina baziren poltsa betetzen ari zirenak ere. Juanita Garate zen horietako bat. Donostiatik joana zen, goiz buelta egitera, eta leka morea erosi zuen. Bizpahiru eskukada baziren poltsa barruan. «Buelta bat egingo dut, eta, zerbait interesgarria eta prezioz ondo dagoena ikusiz gero, erosiko dut».


Jose Migel Barandiaran plazako postuetako bat. GORKA RUBIO / FOKU

Sariketak, han eta hemen

Barazki eta fruta aleen bila zebiltzan askok Jose Migel Barandiaran plazara jo zuten eguerdian. Ohiko lekuan zuen postua Hernaniko (Gipuzkoa) Zabaloenea baserriko Unai Iradik. Gaztea izanagatik, euskal jaietako azokan ondo eskarmentatuta dago Iradi. Lehenengo postua lortu zuen atzokoan fruten lehiaketan, eta, hala, palmaresa handitzen jarraitzen du: «Ez dakit zenbat aldiz irabazi dugun sari hau, baina bi esku beharko dira honezkero zenbatzeko». Ilusioa hasierako berbera dela adierazi zuen, ordea: «Urte osoan egindako lanaren aitorpena da sari hau». Udare sorta bat eusten zuen otarra baten gainean zegoen lehen saria, baina, udare horiengatik soilik ez, postu osoagatik eskuratu zutela nabarmendu zuen: «Nonbaiten jarri beharra dago, eta kuriosoa da, saria jartzen dugun lekuko fruta lehenago agortzen baita gainerakoa baino». Elkarrekin lehian zebiltzan abeltzainak ere, Garagartza plazan. Ganadurik onenaren sariak banatu zituzten bertan.


Gazta lehiaketako hamalau finalistak. GORKA RUBIO / FOKU

Erruz zebilen jendea erdiko kaleetan ordurako, bazkalorduarekin batera haietako asko etxeratu aurretik. Arratsaldean ere frontoia arretagune bihurtu zen; kasu horretan, gaztak ez, pilota partidek eraginda.

«Gazta irabazleak nafar ukitua du, infernuko ukitua»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.