Julen Arburua. Kortariko gaztandegiko arduraduna

«Gazta irabazleak nafar ukitua du, infernuko ukitua»

Bigarren urtez jarraian irabazi du Lekarozko Kortariko gaztandegiak Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketaren lehen saria. Ezustekoa izan da saria bigarren aldiz lortzea, baina pozaren pozez ospatu dute garaipena.

Nagore Arin.
Ordizia
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hunkituta jaso du lehen saria Julen Arburua Lekarozko Kortariko gaztandegiko (Nafarroa) arduradunak. Bost urtetan aurkeztu dira Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketara, eta horietatik bitan lortu dute lehen saria. Batezbesteko ona dela esan du, eta sinatuko lukeela etorkizuna bide horretan joatea ere. Lanaren ondorena da saria, eta bidelagun izan dituen familiako kideei eskaini nahi izan die garaipena; tartean, duela urte batzuk galdu zuen arrebari.

Bi urtez jarraian irabazi duzu lehiaketa, ilusio berbera eta harridura berbera?

Ikaragarria izan da, iazkoa amets bat zen, eta orain errepikatzea... zer esanik ez. Iaz ez nuen sinesten, aste bat lehenago Uharte Arakilen irabazi genuen, eta ez genuen sinesten, eta, aurten, berriz ere pasatu da.

Ezusteko polita izan da orduan, ezta?

Ez nuen espero. Bosgarren postutik jaisten hasi direnean ez nuen espero lehen saria irabaztea. Banekien gazta ona zela, baita lehenbiziko postuetan gelditzeko aukera zegoela ere, baina ez nuen espero irabaziko genuenik.

Zein ezaugarri ditu aurtengo gaztak?

Otsailaren 23ko gazta bat da, jadanik egindako gazta bat. Zaporea du: ketua da, gatz puntua du, eta oreka mantendu da.

Zein bereizgarri ditu iazkoarekin alderatuta?

Iazko bide berdintsua jarraitu dugu; hala ere, uste nuen iazkoa hobea zela aurtengoa baino, baina hau ere ona atera da. Nafar ukitua du, infernuko ukitua.

Urte luzea duzue aurretik. Nolakoa izan da iazko lehiaketaren ondorengo urtea?

Urte oso ona izan da; salmenta oso onak izan ditugu, alde guztietatik bezeroak agertzen ziren, eta gure gaztandegiaren izenarentzako oso urte ona izan da, aberasgarria.

Lehiaketa entzutetsua da hau; urduri etorri zara?

Tentsio apur batekin etortzen zara etxetik, eta jendea hasten da alde guztietatik agertzen, eta, kontuz... Iazko burutapenak gogoratzen dira, eta orain berriz berdin? Handia izan da.

Laguntzarik izango zenuen prozesu guztian zehar, ezta?

Gurasoekin eta bi anaiekin batera egindako lan bat da, guztion artean egindako lana. Bakoitza arlo batez arduratzen da bereziki, baina azkenean guztion arteko kate bat osatzen dugu. Asteburuetan, osabak, izebak, guztiak etortzen dira, eta guztiek laguntzen dute prozesuan.

Garaipena norbaiti eskaini nahi?

Etxeko guztiei eskaini nahi diet, familia guztiari eta duela urte batzuk joan zen arrebari ere bai.

Indarra ematen du honek aurrera egiteko, ezta?

Bai, dudarik gabe. Lan lotua da, eta holako sariek izugarrizko poza ematen dute, baita aurrera jarraitzeko indarra ere.

Orain, hirugarrenaren bila?

Ez dakit, ez dut uste; orain hauek disfrutatu nahi ditut behintzat. Hirugarren sari bat iristen bada, oso pozik: hori bai amets bat izango litzatekeela.

Bigarrena jarraian, lehenengo aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.