Albistea entzun

GIBaren aurkako hesi bat prest

Askotarikoak dira GIB birusari aurre egiteko estrategiak. Botika baten bidez ere izkin egin dakioke infekzioari: Prep esposizio aurreko profilaxiarekin. GIB birusarekiko esposizio arriskua izan dezaketenek eska dezakete.
CC0 Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2022ko abenduak 2

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta osasun erakundeek eta aktibistek ohartarazi dute pandemia hori amaiarazteko bidea ez dela bukatu oraindik. Hiesa gaitz kronikoa da gaur egun, baina hor dago, eta prebenitzeko neurriak beharrezkoak dira oraindik ere. GIB birusaren infekzioari izkin egiteko alternatiba bat Prep botika da: esposizio aurreko profilaxia.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutako zenbait adarreko estrategia baten barruan sartzen da prebentzio neurri hori. Hiru hanka nagusi ditu. Batetik, neurri biomedikoak: preserbatiboa, Prep tratamendua... Bestetik, neurri estrukturalak: estigmen kontrako neurriak, esaterako. Hirugarren multzoan daude jokabideari dagozkion neurriak: hezkuntza sexual eta afektiboa, besteak beste.

Estrella Mikeleiz farmazian lizentziaduna da, eta Nafarroako GIB/Hies programaren koordinatzailea. Ohartarazi du preserbatiboa dela infekzio askori aurre egiteko modurik eraginkorrena. Horren osagarri baino ez da Prep botika. «Helburua ez da denek erabiltzea. Denek preserbatiboa erabiliko bagenu, hau ez litzateke beharrezkoa, baina errealitatea ez da hori, eta ezin dugu ez ikusiarena egin».

Zer da Prep tratamendua?

GIBarekiko esposizio aurreko profilaxiaren ingelesezko akronimoa da Prep. GIBa ez duten lagunentzako prebentzio neurri biomediko bat da. Infekzioa eragoztea da helburua, eta, horretarako, botika bat hartzen da egunero.

Norentzat da?

GIB proban negatibo eman dutenek eska dezakete, Iparraldean 15 urtetik gorakoek eta Hegoaldean 16 urtetik gorakoek, betiere baldintza hauetako bat betetzen badute: azken urtean hamar bikotekide sexual baino gehiago izatea; azken urtean uzki bidezko sexua babesik gabe praktikatzea; azken urtean sexu harremanetan drogak erabili izana babes neurririk gabe; azken urtean esposizio ondoko profilaxia zenbait aldiz hartu izana; eta azken urtean sexu transmisiozko infekzio bakterianoren bat izatea. GIBa transmititzeko biderik ohikoena sexua da, eta botika hori birusarekiko esposizio arrisku handiena duten gizataldeentzat da, helburua ez baita herritar guziek hartzea. Hala ere, arriskua duela uste duen edozeinek eska dezake tratamendua.

Nolakoa da botika?

Pilula batzuk dira, ahotik hartu beharrekoak, eta erretrobirusen kontrako bi botika dauzkate nahasirik: 300 mg tenofobir disoproxilo eta 200 mg emtrizitabina. Botika horiek alderantzizko transkriptasa deitutako entzimaren ekoizpena blokeatzen dute. GIBak entzima hori behar du ugaltzen eta zelulak kolonizatzen hasteko.

Nola funtzionatzen du?

CD4 zelulak dira giza gorputzean sar daitekeen edozein infekziori edo birusi aurre egiten diotenak. Hori da gorputzaren defentsa immunologikorako mekanismoa. GIBa gorputzean sartzen denean, CD4 zelula horiek bilatzen ditu, haiei itsasteko eta bere buruaren kopiak egiteko. Birusaren kopiek gauza bera egiten dute, eta prozesu hori gelditzea da erretrobirusen aurkako tratamenduen egitekoa. Egunero Prep tratamendua hartuta, CD4 zelulak babesten dituen hesi bat sortzen da, eta horrek kopiak egitea galarazten dio birusari.

Nola hartzen da?

Bi manera daude Prep botika hartzeko: egunero edo behar denean. Medikuek egunean pilula bat hartzeko agintzen diete tratamendua jasotzeko eskaria egiten dutenei. Izan ere, EMA Sendagaien Europako Agentziak ez du onartu botika behar denean edo modu etenean hartzea. Behar denean hartzen dutenek bi pilula hartu behar dituzte arrisku praktikak izan aurretik, beste bat 24 ordu geroago eta beste bat 48 ordu geroago.

Pauta zorrotz bete behar da?

Bai. Tenofobir edo emtrizitabinaren pareko erretrobirusen kontrako botikak odoletan eta ehunetan pilatzen dira denbora pasatu ahala. Horregatik, GIB birusaren esposizioa ekar dezaketen praktikak izan aurretik hartu behar da Prep tratamendua. Ez bada aurretik aski botika hartu edo agindutako dosia ez bada betetzen, gerta liteke odoletan aski farmako ez izatea GIB birusa blokeatzeko. «Atxikidura oso garrantzitsua da tratamendua eraginkorra izan dadin. Ebidentzia zientifikoak erakusten du atxikidura onarekin eta behar bezala erabilita botika hau eraginkorra dela GIBarekin ez infektatzeko», azaldu du Mikeleizek.

Tratamendu hori hartzea segurua da?

Bai. Nolanahi ere, tratamendu bat da. Tolerantzia ona da, eta ez dago nahi gabeko ondorio askorik. Luzaz hartuta baliteke giltzurrunetan ondorioren bat sortzea, baina tratamendua bertan behera utzita desagerraraz daiteke eragina.

Eraginkorra da?

Eraginkorra da GIBaren aurka, baina ez sexu transmisiozko gainerako infekzioetarako. Horregatik, preserbatiboa erabiltzen jarraitzeko aholkatzen dute. Ebidentzia kontraesankorra dagoela esan du Mikeleizek. Ikerketa batzuek diote bestelako infekzioek gora egiten dutela, baina ezin da jakin zein den arrazoia: preserbatiboa gutxiago erabiltzen delako edo aurretik detektatu gabeko infekzioak zeudelako. Bestalde, Europako zenbait herrialdetan GIBaren intzidentzia jaisten ari da: «Datu horietan eragina duen faktore bat izan daiteke».

Nolanahi ere, Prep tratamenduan daudenekin baheketak egiten dira hiru hilean behin. Horrek kasu gehiago eta azkarrago atzematea dakar. «Arrisku gisa ikus daiteke, edo aukera gisa, baheketa horiek aukera ematen baitigute transmisio kateak lehenago mozteko», azaldu du Mikeleizek.

Nork eskatzen du?

Nafarroan, esaterako, Prep botika hartzen duten guziak gizonekin harreman sexualak dituzten gizonak dira. Jaso dituzten datuen arabera, batez besteko adina 37 urtekoa da, eta aldez aurretik gaiari buruz informaturik joan dira kontsultara. «Inor ez da hasten botika hartzen besterik gabe; azkenean, tratamendu bat da», esan du Mikeleizek. Programako parte hartzaileen erdiek unibertsitate ikasketak dituzte. Kezka bat ere sortu zaio adituari: «Agian ez gara ailegatzen Prep tratamendua hartzeko aproposak diren beste sektore batzuetara».

Zenbat lagunek hartzen dute?

Bostehun lagunek baino gehiagok hartzen dute Euskal Herrian. Nafarroan orain 88 lagun daude programan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz 434 lagun ziren programaren barruan. Iparraldeko datuak biltzea zaila da, edozein medikuk errezetatu baitezake. Baionako CeGIDD sexu osasunerako zentroan, eskaria emendatu dela sumatu dute.

Non ematen dute?

Osasun publikoa arduratzen da Prep tratamendua finantzatu eta emateaz. Nafarroako, Arabako, Donostiako, Basurtuko eta Mendaroko Unibertsitate Ospitaleetan, Tuterako ospitalean, Lapurdiko ospitaleetan eta Baionako CeGIDDen ematen dute. Iparraldean edozein medikuk errezetatu dezake iaztik. Hegoaldean, lehen arretako medikuarenera jo daiteke, baina sexu osasunerako zentroetara bideratzen dute jendea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasun Momotxorroak aterako dira otsailaren 21ean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Baina noiz dira aurten inauteriak?

Edu Lartzanguren

Goiztiarrenak hasita daude, eta azken Maskarada saioa apirilaren 22an egingo dute, Maulen. 'Dantzan.eus' webguneak 2023ko inauterien egutegia paratu du.

Joel Diaz aurkezle eta umorista ©Vilaweb

TV3eko ‘Zona Franca’ kolokan da, aurkezleak saioa utzi eta gero

Urtzi Urkizu

Joel Diaz aurkezleak ez ezik, Magi Garcia umoristak ere laga du saioa. Egunotan ez dira saioa ematen ari. CUPek TV3eko zuzendariaren dimisioa eskatu du.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.