Aurtengo jaialdian, Gari, Koban, Montauk eta beste

Erredakzioa
Baiona
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Duela bi urte, Lekornen (Lapurdi) egitekoak ziren 22. EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten, aro txarrak hartaratuta. Zulo ekonomiko handia eragin zuen horrek, baina baita ekinaldi eta elkartasun sare baten sorrera ere. Iaz, gogoeta eta berrindartze prozesu betean, antolatu ere ez zuten egin EHZ jaialdirik, baina aurten bai. Atzo iragarri zituzten parte hartuko duten lehen taldeak.

«Dakizuen bezala, festibalak ziklo berri bat hasi du aurten. Joan den larrazkenetik, gazte talde berri batek bere gain hartu du EHZren antolaketa, eta, ordutik, hamarnaka gazte gehitu zaizkie. Gure artean sortu den auzolan eta elkarlaguntza izpiritu hau nahi dugu sentiarazi aurten», zioten atzo antolatzaileek, prentsaurrekoan. Ekainaren 28, 29 eta 30ean Irisarrin (Nafarroa Beherea) izango den jaialdiko egitarauaren hainbat xehetasun ere eman zituzten. Esaterako, Iseo & Dodosound bikotearen soinu digitalak —Cat Platoon (2015) eta Roots in the Air (2017) diskoak dituzte— The Mousehunters haize laukotearekin batera uztartuta entzun ahal izango direla. Eta baita Oihan Oliarj-Inesen Oihaneko Zuhainetan proiektua ere. Hamabi pieza tradizional jazz, rock eta pop doinuz jantzi ditu Oliarj-Inesek, hamabi kantari zuberotarren laguntzaz —Niko Etxart, Maddi Oihenart, Arño Belhi Bidalun, Mixel eta Maika Etxekopar eta Jean-Mixel Bedaxagar, besteak beste—, eta EHZ jaialdian hamabi kantariok ere igoko dira oholtzara. Gari ere bai, Maldanbera taldea lagun. Broken Brothers Brass Banden gospel, jazz eta soul doinuek ere hartuko dute Irisarri; eta Kobanen musika elektroniko eta swing batuketak; eta Montauken rock intimistak eta pop esperimentalak. Hala ere, jaialdiaren antolatzaileek atzo esan zutenez, ez dira talde bakarrak izango.

Musikaz bestekoak

Musika emanaldiez gain, beste diziplina eta proposamen batzuk ere izango dira jaialdian. Tailerrak antolatu dituzte, esaterako, Miarritzeko G7koen gailurraz, feminismoaz, etorkinez, festa ereduaz eta burujabetzaz gogoetatzeko.

Jeremy Olivier eta Thomas Lafitte clownen Toi d'abord zirku konpainiak ere badu tokia egitarauan; baita Les Silhouette dantza konpainiak ere. Azken horrek, gainera, jaialdirako espresuki sortu du pieza bat, Gaizka Sarasolaren zuzeneko musikarekin: Hiru gorputz, hiru mundu, hiru orbita.

Atzotik, www.ehz.eus webgunea aktibatua dago. Bertan aurkitu ahalko dira jaialdiari buruzko xehetasun eta albisteak; bertan eros daitezke atzotik jaialdiko hiru eguneko paseak, 35 euroan. Pase kopuru txikia jarri dute prezio horretan. Kopuru hori gaindituta, 45 euroan salduko dituzte sarrerak, webgunean bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.