Katalunia. Mobilizazioak

Herria bide erakusle

Dozenaka milaka lagun kalera atera dira greba orokoraren egunean deituta zegoen manifestazioan, Bartzelonan. Alderdiei batasuna eskatu diete

Milaka pertsona elkartu ziren Paseeig de Gracia eta alboko kaleak lepo betez. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Jende oldea sartu da Bartzelonara iristeko dauden errepide nagusietatik, herrialdea zeharkatu ostean, «independentzia» aldarrikatuz, eta espetxera zigortu dituzten buruzagi independentistak askatzeko eskatuz. Borondate argia erakutsi dute, eta ahotsa jarri die gero Elisenda Paluziek, ANC Biltzar Nazional Katalaneko eledunak, Intersindikalek deitutako manifestazioaren amaieran egindako adierazpenean. Alderdikeriak alde batera utzi eta herriak eskatzen duenari erantzun bateratu bat emateko eskatu die alderdiei. Espainiatik errepresioa baino ez dela iristen salatu du. Generalitateko buru ohiak zigortuta, «erreferenduma antolatzeagatik!», esan du. «Horrela ezin da segitu». Generalitatea eskuak lotuta dagoela esan du, «autonomia autozen-tsuratua» daukala. Alderdiei batasuna eskatu die, eta herritarrei kalean modu baketsuan mobilizatzen segitzeko.

[youtube]https://youtu.be/Uvxs6w_SeZ0[/youtube]

Marcel Mauri Omniumeko eledunak Jordi Cuixartek espetxetik bidalitako mezua irakurri du, Paluzieren ildo beretik. Batasunerako eta modu baketsuan mobilizatzeko deia egin du: «Zatituta eta etsita nahi gaituzte, eta guk batuta eta baketsu jarraitu behar dugu. Inork ez dezala zalantzarik izan Kataluniako herriaren irmotasunaren inguruan».

Eskubide eta askatasunen aldeko greba orokorra lelopean egin dute manifestazioa, Intersindikal-CSC eta Intersindical Alternativa de Catalunyak deituta. Ordezkariek hartu dute gero hi-tza, Bartzelonaren erdigunean, Gracia pasealekuan bildutako milaka pertsonen aurrean —750.000 antolatzaileen arabera, 525.000 udaltzainen arabera—. Salatu dituzte azken urteetan gizarte laguntzetan izan diren murrizketak eta langileen eskubideetan egon diren atzeraldiak, besteak beste. Els Segadors abestuz amaitu dute manifestazioa, eta hasi da jendea pixkanaka Gracia pasealekua hustutzen, jai giroan igaro den manifestazioan.

Martxak Bartzelonan

Arratsaldeko unerik hunkigarriena, ordea, ANCk eta Omniumek antolatuta asteazkenean Kataluniako bost ertzetatik ateratako zutabeen iritsiera izan da. Oldeka joan da jendea batzen, bide bazterretan txaloka zutabeei ongietorria egin ostean. Gironakoa sartu da lehenik, Agbarreko dorre ingurutik. Pankartaren buruan presoen senideak egon dira, Omniumeko ordezkariekin batera. Bideen albo banatara jendetza dute zain, harrera egiteko. Etorbide Nagusia zeharkatu dute, eta Graciako lorategietara iristean eman diote amaiera, Els Segadors abestuz. Puntu horretan da hastekoa manifestazioa. Berga eta Viceko zutabeek bat egin dute, eta horiek izan dira bigarrenak iristen manifestazioa hastekoa den tokira. Casteldefellseko zutabea —goizean ateratakoa—, eta Tarrega eta Tarragonako zutabea izan dira azkenak iristen, milaka lagunen txalo artean.

Manifestariek karteletan azal-tzen duten irudimena da azpimarratzekoa: Espainia, laztana, gureak ez du aurrera egin; Oihartzuna entzuten da, sentitzen da, herritarrek defendatutako Katalunia hemen da; edo Ez dago hainbeste txorirentzako kartzelarik halako leloak kartoi batean margotu, eta soinean hartuta egin dute bidea; esaterako, Tarragonatik sartu diren manifestari batzuek. Hainbatek dituzte, halaber, Altsasuko gazte espetxeratuekin elkartasuna adierazten duten elastikoak. Pep Guardiolak ere egin die erreferentzia, Ingalaterran, partida aurreko prentsaurrekoan: «Beti defendatuko ditut giza eskubideak Katalunian, Altsasun eta herrialde arabiarretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.