EBren funtsak. Espainiaren erreforma plana

EH Bilduk Sanchezi: «Pazientziak muga bat du»

Aizpuruak ohartarazi dio «premiazkoa» dela lan erreforma indargabetzea. EAJ ere haserre dago Madrilekin, EBren funtsen banaketa zehazten ez duelako

Eztabaida. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Lan erreformak arrakala bat sortu du EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanean. «Premiazkoa da lan erreforma bertan behera uzten hastea; nahikoa tarte eman dizugu, eta badakigu [Yolanda Diaz] Lan ministroa ahalegina egiten ari dela. Pazientzia izan dugu, baina denak du muga bat». Hitz horiekin ohartarazi zuen atzo Mertxe Aizpurua EHko diputatuak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Madrilgo Kongresuan.

Sanchezek agerraldia egin zuen atzo Kongresuan, bezperan bere gobernuak aurkeztutako Espainiak ahal du. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana-ri buruzko azalpenak ematera. Izen hori du EBren Next Generation EU funtsak jasotzeko Madrilek Europako Batzordeari aurkeztu beharreko erreforma sortak. Erreforma horien artean daude Sanchezen gobernuak esku artean dituen bi garrantzitsuenak, lan merkatuarena eta pentsioena; horiek dira, hain zuzen ere, gutxien zehaztutakoak, artean negoziatzen ari direlako sindikatuekin eta patronalarekin.

Lan erreformari dagokionez, 2012an eta 2013an PPren gobernuak egindako aldaketen«puntu kaltegarrienak» bertan behera uzteko konpromisoa hitzartu zuen iazko maiatzean EH Bilduk Madrilgo gobernua osatzen duten bi alderdiekin, PSOErekin eta UP Unidas Podemosekin. Ia urtebete igaro da ordutik hona, eta tarte horretan argi geratu da sozialistak ez daudela aldaketa asko egiteko gogoz. Europako Batzordearen presioa badago, baina baita CEOE patronalaren ezezkoa ere negoziazio kolektiboa enpresaburuaren aldera lerrokatu zuen legedi bat aldatzeko. Presio horiei aurre egiteko eskatu zion Aizpuruak Sanchezi: «Ez zaizkigu axola patronalaren iritzia, Garamendi jaunaren kexuak eta enpresa handiek ezarri nahi dituzten betoak; langileak eta haien eskubideak inporta zaizkigu».

Pentsioen erreforman ere EH Bilduren botoa arriskuan duela ohartarazi zion Aizpuruk Sanchezi. Pentsioak «hobetzeko» eskatu zuen, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko, eta kritikatu egin zuen Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak proposatutako moldaketa: «Ezkutuko murrizketa bat da hori, beren lan bizitza luzatu nahi ez dutenentzat edo ezin dutenentzat; langile asko arrastaka iristen dira erretiratzeko adinera. Neurri ezin okerragoa da, eta ez dugu babestuko».

Kongresuko saio horretan ere, Sanchezek bere ohiko beste euskal aliatuaren kexua entzun behar izan zuen: Aitor Esteban EAJko diputatuak Europako Batasuneko funtsen erabilerari buruzko atal gehienak zehaztu gabe izatea aurpegiratu zion Espainiako Gobernuari. «Jakinarazi behar duzue nola iritsiko den dirua enpresetara eta administrazioetara, ministerio bakoitzak gauza desberdinak esaten baititu; jakin behar dute norengana jo behar duten».

Eusko Jaurlaritzak egindako beste bi kritika ere errepikatu zituen diputatu jeltzaleak. Batetik, Madril industria baztertzen ari dela funts horien banaketan, nahiz eta EBren helburuetako bat den funtsak baliatzea eta industria berritzaileak sustatzea. Bestetik, «zentralismorako itzulera den federalismoa» praktikatzea leporatu zion Sanchezi: «Zuek erabakiko duzuelako zer eta nori banatu».

Puntu batean bat egin zuten Estebanek eta Aizpuruak: maiatzaren 9a goizegi da alarma egoera bertan behera uzteko. EAJko eta EH Bilduko diputatuen esanetan, soilik alarma egoerak emango die modua autonomia erkidegoei joan-etorriak mugatzeko neurriak bermeekin ezarri ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.