Euskara. Udaltop jardunaldiak

Erabiliz euskaldundu

Udaltop Euskal Herriko udaletako euskara zerbitzuen topaketan haur eta gazteen hizkuntza politikei buruz aritu dira bi egunez. Gazte euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamenak landu dituzte

16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko gakoak ematea du helburu aurtengo Udaltopek. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Lasarte-Oria
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Euskalduntze prozesua oso prozesu luzea eta konplexua da. Eta aldapatsua, eta neketsua, eta gorabeheratsua»: horrela definitu zuen atzo Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa Berritzegune Nagusiko hizkuntza normalizaziorako aholkulariak haur eta gazteen euskalduntze prozesua, Udaltop Euskal Herri osoko udaletako euskara zerbitzuen topaketan.

Atzo hasi zen Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (Gipuzkoa) Udaltop Euskal Herri osoko udaletako euskara zerbitzuen topaketa, eta gaur amaituko da. Hurrengo galdera du oinarrian jardunaldiak: «Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko?». Horri tiraka, parte hartzaileek haur eta gazteen hizkuntza politiken inguruan hausnartzea du helburu, eta, horretarako, bi egunetan hizkuntzaren erabilera jarri dute erdigunean.

Eskolan zein eskola orduz kanpoko jardueretan nola esku hartu ikusi aurretik, Hego Euskal Herriko ikuspegi orokorra eman zuten Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Xan Aire Seaska-Ikastolen Elkarteko ordezkariak, berriz, Ipar Euskal Herrian haur eta nerabeen euskarazko errealitatea hobetzeko gakoak eman zituen.

Gaur egungo egoera ulertzeko eta hori hobetzeko proposamenak egin ahal izateko, baina, azken hamarkadetan euskararen murgiltze eta mantentze programek izan duten bidea eta emandako emaitzak ikertu ditu Ibarretxek, Iñaki Biain Salaberria Irungo Berritzeguneko hizkuntza normalizaziorako aholkulariarekin batera. Horrela, ikusi dute, besteak beste,euskarazko irakaskuntza orokortu egin den arren garai batean baino emaitza «apalagoak» ematen ari direla. Horregatik, Ibarretxek eta Biainek hurrengo galdera jarri zuten mahai gainean: «Eskolan zer eta nola egin behar dugu hobeto gure ikasleekin, euskaraz hobeto eta gehiago egin dezaten?».

Zubiak lau zutabe

Ibarretxeren arabera, euskararen panoramak «argi asko» izan ditu, baina, azken urteetan, «ilun batzuk» ere agertu dira. Horiek dira, hain zuzen ere, gaur egungo hezkuntza sistemako norabidea «aldatu edo findu» behar dela iradokitzen dutenak, eta hori da, hain zuzen, sistemak duen erronkarik «handiena».

Biainek azaldu zuenez, «asko» izan dira eskolaren bitartez euskaldundu diren herritarrak, baina eskolak «bakarrik» ezin dio gaur egungo egoerari aurre egin. Horregatik, hainbat alorretan esku hartu beharko litzatekeela uste du. Bide horretan, gazteen eleaniztasunerako prozesua zubi bat balitz bezala irudikatuz gero, zubi horretan lau zutabe nagusi nabarmendu zituzten hizlariek, gazte eleaniztunak lortu ahal izateko. Zutabe horiek hurrengo eremuetan eragitea dute helburu: didaktikan eta metodologian, familiekin eta komunitatearekin lankidetzan, aspektu motibazionaletan eta ikastetxearen euskararen erabilera sistematiko eta koherentean. Izan ere, Biainen arabera, «anbizio handiko» hizkuntza helburuak lortzeko, «anbizio handiko» egitasmoak abiatu behar dira.

Horrela, besteak beste, proposatu zuten motibazio desberdinak lantzea, irakasleek ikasleekin euskara eta euskaraz ikasi eta bizi nahi izateko. Baita euskararekiko «gogoa eta nahia» elikatzea ere; hau da, hizkuntza eta euskal kultura «gozagai eta gozabide» bihurtzea. Horrekin batera, eskolak euskararen aldeko «arnasgune bat» izan beharko lukeela planteatu zuten, eta, bide horretan, irakasleak «eredu eta eragile» izan beharko lukeela. Komunikazioan eta interakzioan oinarritutako metodologiak planteatu beharko lituzketela ere uste dute, ikasleei euskaraz komunikatzeko konpetentzia «bere osotasunean» transmitituz. Ikasgelan, beraz, erregistro guztiak sartzeko beharra nabarmendu zuten, baita «biraoak euskaraz nola esan» irakastea ere.

Kataluniari begira

Euskal Herriko egoerari ez ezik, Kataluniari ere erreparatu zioten atzo, euskararen eta katalanaren egoerak elkarren arteko «antzekotasunak» dituztelako. Marina Gay i Faura Omniun Cultural elkarteko kideak eta Jesus Vinyas i Cirera Kataluniako Eskola Kontseiluko kideak, katalanaren gaur egungo markoa emateaz gain, hizkuntzaren erabilera indartzeko proposamenak ere egin zituzten.

Vinyas i Cirerak nabarmendu zuenez, hezkuntza ez da eskolara bakarrik mugatzen, eta hizkuntza, «are gutxiago». Horregatik, katalanaren erabilera sustatzeko, hainbat arlotan eragin beharko litzatekeela uste du.

Gay i Fauraren arabera, eskolak katalana maila formalean eta ez formalean nola erabiltzen duen hartu behar da kontuan; eskolan eta eskolaz kanpoko ekintzetan. Horretarako, «oso garrantzitsua» da ekintza horiekin lotuta dauden aukera berdintasunak eskaintzea, gizartean segregazio sozioekonomiko bat dagoelako, eta horrek «zailtzen» duelako haur eta gazte batzuek eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.