Koronabirusa

Txertaketa indartu eta kalean maskara derrigortuko duela esan du Sanchezek

Bihartik indarrean izango dira neurri berriak. Urkulluk ez ditu hartuko berak proposatutako neurriak. Txibitek adierazi du COVID ziurtagiria zabaltzeko asmoa duela

Jendea kalean oinez, maskara jantzita, martxoan. Beharrezkoa zen orduan ere aire zabalean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Julen Aperribai
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Prebentzioa eta zientzia» edo «txertaketa eta maskara». COVID-19aren seigarren olatuari hala egin nahi dio aurre Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidenteak atzo iluntzean adierazi zuenez. Espainiako autonomia erkidegoetako presidenteekin telematikoki egindako konferentzia amaitu berritan hitz egin zuen, baina ordurako bolo-bolo zebilen hartutako neurrietako bat, aire zabalean maskararen erabilera derrigorrezko egitearena.

Ezohiko ministro kontseilu batean onartuko dute neurri hori, lege dekretu bidez. Gaur egingo dute, eta bihar indarrean izango da neurria. Maskara derrigorrez erabiltzeko aginduak salbuespen batzuk izango ditu, Sanchezek azaldu duenez. Kirola egitean edo «espazio naturaletan» —mendia eta hondartza aipatu zituen Sanchezek— kendu ahal izango da, bakarrik edo bizikideekin egonez gero. Jarduera horietako batean bizikide ez den norbaitekin egonez gero ere ez da derrigor jarri beharko, baldin eta metro eta erdiko distantzia gordetzen bada.

Txertaketa «indartzeari» maskara ibiltzeari baino garrantzi handiagoa eman nahi izan zion, dena den, presidenteak, eta helburu berriak finkatu zituen: urtea amaitu aurretik 60 eta 69 urte bitartean dutenen %80 hirugarren dosiarekin txertatuta egotea; portzentaje berean 50 eta 59 urte bitartean dutenak, urtarrilaren 24rako; eta 40 eta 49 urte bitartean dutenak, martxoko lehen hasterako. Haurren txertaketaz esan zuen otsailaren 7rako 5 eta 11 urte artekoen %70 lehen dosiarekin txertatuta egotea nahi duela, eta portzentaje berean bigarren dosiarekin apirilaren 18rako.

Horretarako, Sanchezek adierazi zuen militarrekin indartuko dituela txertaketa taldeak. Era berean, Espainiako armadaren ospitaleetan zibilak hartuko dituztela ere adierazi zuen. Osasun zentro publiko eta pribatuetan erretiroa hartua duten edo aurretik erretiratuta dauden osasungintzako langile ohiak kontratatzeko aukera ere emango du Espainiako Gobernuak; horiek ez dute euren prestakuntza galduko. Titulua Europako Batasunetik kanpo lortu zutenen kontratazioa ere erraztuko du. Gainera, kasu positiboak atzemateko, farmazietan salgai jarriko dituzte profesionalen erabilerarako antigeno testak.

Bestalde, Sanchezek aurreratu zuen otsailetik aurrera jakinarazi egin beharko dela txertoaren azken dosia noiz jaso den, eta data horretatik sei hilera hiru hilabete gehiagoko tartea izango dela beste dosi bat hartzeko.

Urkullu, neurri eske

Neurri zalapartatsuena maskararena izan zen, ordea, asko baitira diotenak ez dela eraginkorrak, hainbat zientzialari barne. Sanchezek, baina, «kontsentsu handiko neurria» dela nabarmendu zuen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da, hain justu, asteon neurri hori premiazkotzat jo duenetako bat. Atzo, baina, Sanchezek iragarritako neurriak seigarren olatua geratzeko ez zituen nahikotzat jo. Neurri zorrotzagoak etaautonomia erkidegoek hartzen dituzten neurrientzat babes juridikoa eskatu zuen Urkulluk.

Eskakizunen zerrenda eginda joan zen Urkullu konferentziara, Jaurlaritzak berak zabaldu zuenez. Besteak beste, urtarrilaren 31ra bitartean, establezimendu komertzial, sozial eta kulturalak gehienez ere 01:00ak arte zabalik izatea proposatu zuen, eta leku itxien edukiera gehienez ere %60koa izatea. Gainera, Eguberriei begira neurri zehatzagoak ere proposatu zituen; hala nola, ostalaritzako establezimenduen eta komertzioen ordutegiak mugatzea abenduaren 24an, 25ean, 31n, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.

Sanchezen agerraldiaren ostean, ordea, Jaurlaritzak erabaki zuen bere aldetik neurririk ez hartzea, iritzita gainerako erkidegoekin koordinatu gabeko erabakiak hartzea ez dela «eraginkorra».

Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, aldiz, COVID ziurtagiria leku gehiagotara hedatzeko asmoa agertu zuen bilkuran. Edonola ere, azpimarratu zuen mugikortasunarekin lotutakoneurririk ez dutela hartuko. Txertaketa azkartzeko asmoa dutela ere esan Txibitek, bai hirugarren dosiarena eta baita 5 eta 11 urte artekoen lehen dosiarena ere. 60 urtetik gorakoek aste honetan bertan %80k hirugarren dosia hartuta izango dutela ere aurreratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.